Pastor
DARWIN ETA GU

Kulturak eta labankadak

2023ko urtarrilaren 8a
00:00
Entzun
Pobreziak eskubidea ematen dio edozeini jaioterritik kanpo bizimodu hobea bilatzeko eskubidea? Bai. Sorterriko elementu kultural guzti-guztiak gurera ekartzeko eskubidea du lagun horrek? Ez.

Korapilatsua izan daiteke pobrezia definitzea, batez ere Mendebalde aberatsetik. Zer behar dugu geure burua txirotzat ez jotzeko? Zenbat diru? Nolako soldata? Zenbat etxe eta auto? Nolakoak? Kulturari dagokionez: zer da onargarria? Zer ez? Ez dugu kanpora begiratu behar: zezenketa kultura da Espainian. Zenbat euskaldun gozatzen dira tortura mota horretaz?

Badakigu mundu guztia ez dela hona etorriko, nahiz arrazakeriaren mezulariek hori dioten. Hala izanik ere, nola egin aurre migrazioaren erronkari? Ez dago erantzun errazik. Kontu bat argi daukat, baina: ez dut elkartasunez mozorrotutako egoismoa nahi, hau da, herrialde pobreak ustiatzen segitzea, geure beharren arabera. Lehen, haien lehengaiak hartzen genituen. Horrelaxe jokatzen dugu egun, baina orain giza ondasunez ere jabetzen gara: medikuak, zientzialariak... Tarteka diru apur bat ematen diegu herri horiei guretzat etorkizuneko medikuak eta zientzialariak sortzen segi dezaten.

Orduan? Proposamen bat, friki bezain utopikoa: bertutearen errepublika sortzea. Bertan edonork izango luke lekua. Jatorriak ez luke eskubide betikorik emango. Prest geundeke hemengoak izateagatik ditugun onurak galtzeko etengabeko ebaluazio zibikoaren ondorioz, kanpokoei gerta dakiekeen bezala? Barkatu zalantza egitea. Gainera, zer da bertutea? Zer da gizalegea? Senekak lekurik al du ghosting gizartean?

Ohiturei buruzko eztabaida ere ez da samurra. Bi adibide, muturrekoak eta benetakoak: bilbotar bat kexatu egin da bizilagun kolonbiarrak espezia asko erabiltzen dituelako sukaldean. «Kiratsa» hedatzen omen du. Beste alde batetik, ablazioa ohikoa den sorterrira oporretan doazen herritarrak kontrolatzen dituzte Katalunian, neskatoei halakorik egin ez diezaieten. Lehen kasuak arrazismo susmo argiak eragiten ditu; bigarrena giza eskubideei lotua da. Guraso batek alaba mutilatu dezake kultura edo ohiturak argudiatuta?

Kultura aipatu du Josu Erkorekak, labanaz egindako erasoak direla eta. Polizia arazoa ez ezik, kulturala ere badela gehitu du. Erkoreka zuhur mintzatu da, eta eskertzekoa da. Ez da sua pizten ibili behar. Lerro artean irakurtzen dakienak aise suposatuko du Erkoreka zertaz ari den «kulturala» dioenean. Ez du ulertuko Errezilgo herritarrek betidanik izan dutela parranda egitera labana poltsikoan (edo agerian) dutela irteteko kultura. Beste leku bateko pertsonak izango ditu gogoan herritar horrek. Horixe izango da haren pertzepzioa. Bere horretan azaltzea komeni da? Sustraiak berton dituzten herritar batzuek labanaz erasotzen dutela esateak ez die ondorio txarrik eragingo multzo horretako lagunei. Atzerritar batzuek labana erabiltzen dutela adierazteak, aldiz, jatorria kanpoan duten pertsonak estigmatizatzea ekar dezake. Joera hori dutenak «oso-oso gutxi» direla azaldu arren.

Beste alde batetik, pertzepzio hori agertzeak arrazista bihurtzen zaitu per se? Frantzian urte luzeetan bazter auzoetako etorkinen eta EBz kanpoko langileen eskubideen alde borrokatu den eta oraindik ere, teorian erretiratuta egon arren, borrokatzen ari den sindikalista batek argi du ezetz. Hark dioenez, zigor-neurri hutsek ez dute balio. Hezibidea eta kontzientziazioa beharko dira epe luzera. Ez dago errezeta magikorik.

Duela hiru hilabete aldapa ilun bat zeharkatu behar izan nuen etxerako bidean. 50 urte inguruko emakume bat hurbildu zitzaidan, arnasestuka. «Zure ondoan joan naiteke gora heldu arte? Horien beldur naiz». Atzetik atzerritarrak izan zitezkeen bi mutil adingabe zetozen. Hemengoa omen den itxura antzeman zidan andreak, antza. Hortaz, ez ninduen ustezko erasotzailetzat jo—pentsaera xinple eta baikorregia, nik uste, baina tira —. Zer esan behar nion? «Joan zaitez pikutara, aurreiritziz betetako emakume arrazista hori»?
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.