KRITIKA. Antzerkia

Senarraren hoztasuna

2021eko abuztuaren 3a
00:00
Entzun

'La pasión de Yerma'

Dramaturgia: Lola Blasco. Zuzendaria: Pepa Gamboa. Aktoreak: Maria Leon, Jorge Monje, Lucia Espin, Mari Paz Sayago, Diego Garrido. Eszenografia: Antonio Marin. Jantziak: Lupe Valero. Musika: Rosario La Tremendita. Mugimendu eszenikoa: Maria Cabeza de Vaca. Argiak: Joaquin Navamuel. Lekua: Erriberriko gaztelua. Eguna: uztailak 30.

Lola Blascok (Espainiako Literatura Dramatikoko Sari Nazionala, 2016) eta Pepa Gamboa zuzendari andaluziar ezagunak Yerma-ren berrirakurketa eta berridazketa bat ekarri digute Erriberriko Antzerki Jaialdira. 1934. urtean Margarita Xirguk estreinatu zuen Lorcaren lanaren egokitzapen libreak primeran funtzionatu du gaur egungo ikuslearen sentsibilitatearentzat, hainbat arrazoirengatik: hasteko, jatorrizko testuko 25 pertsonaiak bost izatera pasatu direlako; jarraitzeko, kontakizunaren mailako sinbolismoa arindu egin duelako Blascok; eta, bukatzeko, argumentu mailan, Yermaren antzutasuna azpimarratu ordez, senarraren homosexualitate esplizitua oholtzaratu digutelako. Horrela, emakumearen amatasunarekiko frustrazioak ase gabeko sexu grinan du iturburua, alegia, senarraren aihergatasunean.

Argi geratu da tituluko pasioa hitza, gozamenarekin baino gehiago, errepresioarekin eta zigorrarekin lotu digutela Ganboak eta Blascok nekazaritza giroko antzezlan honetan, non gizonen eta emakumeen zereginen arteko mugak oso tinkoak diren. Kaxa baten bitartez eszenografiak hain ondo irudikatu duen etxeko eremu itogarria emakumearen kaiola dugu. Gizonaren erresuma kalea dela errepikatu digu testuak behin eta berriro. Ezkontzak errealizazio pertsonala ekarriko zion ustekoa zen Yerma; gizonaren pentsamendua, aldiz, erdi-ezabaturik geratu zaigu, emakumeekin ezkondutako gizonen praktika homosexualen gaia zirriborratu baino ez delako egin. Halarik ere, ulertzen dugu azken gai horren trataera horrela suertatu izana, Yerma pertsonaia funtzioaren amua eta muina dela onartzen dugulako. Eta, bistan dago, herrikideen esamesei beldur hori, izu itzel hori dela senarrak emaztearen bizitza debekuz-debeku antolatzeko erabiltzen duen irizpiderik erabakigarriena.

Maria Leon eta Mari Paz Sayago sevillarrak beste hiru aktoreen gainetik nabarmentzen direla esan beharra dago. Antzezpen teknika, mugimenduak, alegia, pertsonaiaren eraikuntza hainbat bidetatik jarri dute martxan, eta kontrasteak onura ekarri dio orokortasunari. Horretan asko laguntzen diete beren rolen berariazko ezaugarriek, hala nola konplexutasun —eta aldi berean— delineazio zehatzak. Beste alde batetik, etsai izan dute Erriberriko ziertzoa, zeinak, hotz handia ekarri ez ezik, soinua zikindu ere egin duen; hainbesteraino, ezen, momentu batetik aurrera, azken ilaretako ikusleek ezin izan dituzten entzun aktoreen ahotsak. Zentzu horretan, oso plaza deserosoa izan da Nafarroako errege-erreginen gaztelua, antzezteko esfortzu bikoitza eskatzen baitie antzezleei; iragan ostiraleko Yerma-n, kasurako.

Argien gradazioak eszenen aldaketak bideratzeko erabili dituzte, eta, horrez gain, argiztapen zenitaleko fokuek joko bisual handia eman dute bakarrizketa uneetan. Musikak, fusio flamenko garaikidera lerratu arren, Lorcaren nekazaritza giroko dramen ohiko kutsu herrikoi andaluziarra mantendu du. Gainera, jantziek gogorarazi digute Yermaren zapalkuntza zein frustrazioa gaur egungoak ere badirela. Amaieran, txalo zaparraden ondoren, Zorionak, zuri abestu zion publikoak Maria Leoni, bere eguna zela aditu zuenean. Zorionak, bai, zure urtebetetzeagatik, baina batez ere, oparitu diguzun Yermagatik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.