Koronabirusa

Muga, oztopoa egunerokoan

Herri batzuetan asko nabaritu dute Nafarroaren eta EAEren artean mugitzeko debekua. Gipuzkoarekin oso gertu daudenez, egunerokoan eragina izan du, esaterako, Leitzan eta Betelun .

Irati Urdalleta Lete.
2020ko ekainaren 20a
00:00
Entzun
Zortzi kilometro pasatxo bakarrik daude Leitzako herrigunetik (Nafarroa) Berastegira (Gipuzkoa); ez daude askoz gehiago Betelutik (Nafarroa) Lizartzara (Gipuzkoa). Kilometroetan neurtuta, ez dirudi distantzia handia, baina, hala behartuta, ohi baino urrunago egon dira alarma egoeran.

«Eragin handia izan du», ziurtatu du Mikel Zabaleta Leitzako alkateak. «Betiko» erlazioa eta «naturala» daukate inguruko herriekin, baita Tolosara eta Donostia aldera joateko joera handia ere. «Harreman handiak daude, eta, alde horretatik, eragin ikaragarria eduki du». Eta antzeko zerbait gertatzen da Leitzara joatera ohituta daudenekin. «Berastegitik jende asko etorri izan da betidanik bertako komertzioetan erosketak egitera, eta horiek ere sumatzen dute». Horri buruzko zalantzak ere izan dituzte herritarrek: «Dendarien elkarteak komentatu izan digu nabaritzen dutela Berastegitik jendea ezin etortzeak hutsune bat sortu duela, eta deiak ere egon dira, zein kasutan etorri daitezkeen eta zein kasutan ez galdetzen».

Gertutasuna funtsezko irizpidea da herrien arteko erlazioak zehaztean. Zabaletaren hitzetan, kontuan hartu behar da gertuen daukaten hiria Tolosa dela, eta beti egon izan dela «joera handia» Leitzatik Tolosa aldera jotzeko. «Uste dut ez dela logikoa ikusten Leitzatik Cortesera [Nafarroa] joan ahal izatea, baina ez aitona-amonak ikustera Berastegira, Andoainera edo Tolosara».

Nabarmendu du «erlazio handia» dutela, komertzioan ez ezik, baita lanean, formakuntzan eta familian ere. «Niri ere gertatzen zait: bikotekidea Hernanikoa da, eta familia guztia Gipuzkoan dauka. Nire seme-alabek ezin izan dituzte aitona-amonak ikusi hiru hilabete baino gehiagoan».

Zabaletak nazio ikuspegiari ere egin dio erreferentzia. «Nazio ikuspegiaren ildotik, iruditzen zait argi dagoela batzuen lehentasunak non dauden». Haren iritziz, berriz, lehentasuna izan beharko luke Euskal Herrian «aske eta modu naturalean» ibiltzeak.

Betelutik ere badute joera Tolosara joateko, herriko alkate Mikel Rekaldek azaldu duenez. «Tolosara erosketak -eta egitera joateko joera izaten da. Alde horretatik, murritzago geratu gara, baina gure bailaran ere badira dendak, eta arazorik ez da izan».

Familiakoekin ere «harreman handia» dagoela azaldu du. «Familia arteko erlazioak eten egin dira nolabait». Hala ere, gurasoak adinekoak ziren kasuetan mugitzeko baimenak eman dituztela nabarmendu du: «Baimenak eman dira osasun zentroan, eta udalak ere eman ditu».

Udalean baimenak eman ez ezik, herritarrek zituzten zalantzak ere argitu behar izan dituzte: «Kasuren bat izan da Betelun pisua zuena eta Donostian bizi zena. Obra txiki bat egitera etorri nahi zuen, udalean galdetu ea posible zuen ala ez, eta ezin zen».

Hala ere, Nafarroatik Gipuzkoara gurutzatu ezinak baino gehiago konfinamenduak berak eragin handiagoa izan duelakoan dago Rekalde: «Ez zen bakarrik Gipuzkoara joan ezin izatea; gogorrena zen kalera irten ezin izatea edo eskolara eta lanera joan ezin izatea».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.