Eperra ikastola: helduago, batuago

Garikoitz Goikoetxea.
2016ko urriaren 23a
00:00
Entzun
Adinaren arabera, euskara molde bat edo beste erabiltzen dute Eperra ikastolan (Sohüta, Zuberoa). Karine Chimix zuzendariak azaldu du zubereraz aritzen direla lehen maila osoan, ama eskolatik bosgarren mailara arte, baina batua ere txertatzen dutela. «Laugarren eta bosgarren urtean zaharrenekin hasten gara batuan diren testuen lantzen eta ahozko grabaketen behatzen. Gero kolegiora joaten direlarik Larzabalera, han batuaz egiten baitute». Hortaz, nahiz eta hurrengo mailetarako prestatzen dituzten batuan, euskalkiari ere tokia egiten diote. «Zuberotarrez egiten dugu ahozkoa eta idatzia, gero pentsatuz ez dutela gehiago landuko bereziki».

Ikasmaterialari dagokionez, egokitu egin behar izaten dituzte. «Euskara batutik zubererara egokitu behar izaten ditugu irakasleek». Irakasleei dagokienez, ez dituzte bakarrik izaten zubereraz mintzo diren irakasleak; ordezkoak dituztenean, esaterako, ez dira denak ingurukoak. Ez du arazotzat jo hori Chimixek. «Biziki ongi egokitzen dira haurrak, eta aberastasun bat da azkenean». Horren garrantziaz ohartarazi du: «Gure helburua ez da Zuberoan bakarrik gelditzea, eta zubereraren ulertzea eta idaztea bakarrik. Euskal Herri osoan komunikatzeko gaitasunak ukaitea». Ikasleak gero eta ohituago daude: «Belarria badute orain. Asko mugitzen dira, badira erreferentziak, ikusgarriak... Lehen baino askoz trukaketa gehiago da euskalkien artean, eta, euskaldunak direnean, usu belarria egina dute».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.