begona del teso
EPPUR SI MUOVE

Ametsezko aretoa 'Cuerdas'-entzat

2022ko maiatzaren 27a
00:00
Entzun
Pantailaratu zen (zuten, han baitziren, ez bakarrik Estibaliz Urresola Solaguren autorea, baizik eta ekoizle bi ere, haietariko bat Nora filmaren egilea den Lara Izagirre, eta, bestea, Itxaso Fraurekin batera Katz Estudioa aurrera ateratzen duen Ana Angulo), azkenean baina ez azkenengo aldiz, Cannesen Cuerdas film laburra.

Bitan pantailaratu ere. Bata, astearte eguerdi partean. Bigarrena, Grand Auditorium Lumieren luxuzko gala hasten zen ordu berean.

Bada, baina, hirugarren emanaldi bat. Justu gaur. Arratsaldeko zazpi eta erdietan. Eta ez nolabaiteko leku arrunt batean. Etaez ohiko, usuzko Cannesko areto (edo areto antza duen leku)batean. Ez. La Semaine de la Critique-k aukeraturiko Cuerdas filmak Valbonnerako bidea (autobusa, trena edo antolatzaileek eskainitako ibilgailua) hartuko du segituan.

Valbonne Cannestik kilometro batzuetara dago. Gertuago ditu Grasse eta Opio; bertan hazten dute munduko perfumerik gozoenek (baita garratzenek ere) ezinbesteko duten Centifolla izeneko arrosa.

Baditu herriak antzinako egunetara bultzatzen gaituzten aztarnak eta istorioak, baina egun, technopole ikaragarria da. Hantxe finkatu dira zibernetika industriarekin zerikusia duten hamaika enpresa.

Hala ere, ez da inguru ez hotza ez birtualegia, Proventza herrialde ederra baita, okzitaniera mintzoa zuten poetek kantatua, Itsasoko Alpeak zeruertzeko zaindari dituela, eta absenta edabe deabruzkoa basoetan beti prest.

Izen ezin hobea eta ametsezkoa du Cuerdas gaur hartuko duen aretoak: Les visiteurs du soir (Arratseko bisitariak). Bai, Marcel Carneren pelikularen izenburu bera! Erdi Aroan kokaturiko film fantastiko hura, non dena zen posible; non Antonionik berak jardun zuen laguntzaile gisa, eta Alexandre Traunerrek sortu zituen inork gainditu ez dituen dekoratuak. Ba hortxe, berez dantzaleku erraldoia den eremu horretako izkina batean izango da ikusgai Cuerdas, bertako zinemazaleek mimoz zaindua.

Jada bi emanaldi izan direnez, La Semaine de la Critique-k estreinatu gabeko filmen gainean ezarritako bahitura kendu berri du. Beraz, mintza gaitezen Estibalizenak, Lararenak, Anarenak eta Itsasorenak diren Sirimiri Films, Gariza Films eta Katz Estudio ekoiztetxe adoretsuek sortu, bultzatu eta Canneseraino eraman duten laburraz.

Badakizue filmaren mamia: hor nonbait (denok ezagutu arren, inork ez du izena aipatuko, ez baita beharrezkoa), elektrizitatearekin, petrolioarekin, gasarekin zerikusia duen konpainia, boterez infinitua, dago; inguruko paisaiak zapuztu eta inguruetan bizi direnen osasuna arrisku bizian, gorrian eta bueltarik gabekoan jarri dituena. Orain, bere burua zuritzeko (azpi) asmo-ekimen maltzurretan dabil. Badakizue, kapitalismoaren musu atsegin sasikoa zabaldu nahian. Green washing deitzen zaio jolas aldrebes horri.

Majo-majo ari da herriko ekintza guztiei, elkarte guztiei diru laguntzak ematen...

Abesbatza ez dabil, prexixo, ez esnetan, ez aparretan, ez diruz ondo. Laguntzeko prest dago enpresa, baina emakume batzuek planto egingo dute... Duintasun kontu bat, besterik ez...

Azaleko begirada batez, filmak ez du ezer berezi-berezirik ematen. Gerrilla lan bat baino ezer gehiagorik ez.

Apurka-apurka, ordea, Cuerdas zeinen ondo, zeinen estu, zeinen abilki eta trebeki den neurtua, landua, kameraz koadroan (frame delakoan) sartua konturatzen zara, harridura gozo batez eta batean.

Ez da bakarrik gidoi kontua. Ez soilik Lara Vilanovak ederki jakin izan duela leihoaren bestaldean diren tximinietako kearen itzal grisaxken kiribil hilgarriak kameraz marrazten. Ez; soinua jasotzeko Koldo Corellak izan duen kuraia kontuan hartu beharreko puntua da. Eta aktoreen lana. Eta, nire irudiko, Cuerdas-en ikur eta ikono bihur daitekeen irudia: Begoña autobus geralekuan. Gauez. Bakar-bakarrik, atzean, urrun-hurbil samar, Kuala Lumpurreko Petronas dorreak izan zitezkeen erraldoi baten (edo anitzen) siluetak eta argiak dituela.

Gure etxe ondoko/barruko pantailetara noiz iritsiko zain zaudetela, zoazte Bakion eta Mundakan filmatu zen Alauda Ruiz de Azuaren Cinco lobitos ikustera. Zinema zertan, bizitza nola (eta nolatan), eta sarri, sarriegi, zeinen garratza den gure izaera (besteekiko) sumatuko duzue bertan.

Ez, Alauda ez dago Cannesen. Alauda Berlinen izan zen. Ez da harritzekoa plataformetan den Gora Automatikoa barrabaskeria kasik zoragarriaren egileek pentsatzea, hautatzaileei, ikusleei eta sarietarako botoa ematen dutenei sinetsaraziz gero euskal zinemaren lan baten aurrean daudela, probetxu handiagoa aterako duela inspiraziorik, animorik gabeko sasi (edo ez) sortzaile batek.

Gure zinemak, egun, errespetu handia lortu du planetan. Horrexegatik, Gora Automatikoa izenburua jarri zioten euren animaziozko bihurrikeriari, errespetu hori bereganatu nahi desesperatuan.

Seinale ona, hasi dira ba gu bezalakoxeak izateko intentzio burlati demonioetan...
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.