Maite Elizondo.
Koronabirusa. PSIKOLOGIA PENTSALDIAN

Asertibitatea

2021eko martxoaren 18a
00:00
Entzun

Zein ongi sentitzen naizen lagunekin tartetxo hau konpartitu ostean»; «Arazoak alde batera utzi ahal izan ditut une batez familiarekin elkartu naizen horretan»... Ziur askotan topatu dudala neure burua halako gogoetak eginez, baita maite dugun pertsonekin elkartu ezinaren ondorioak pairatzen ere. Sentsazio hauek ez dira kapritxo hutsak.

Aristotelesek aipatu zuen izaki sozialak garela, bizitzan zehar garatzen goazen ezaugarri sozialekin hasten ditugula gure lehen arnasketak umetokitik kanpo. Beste ikerketa askok elkarbizitzaren garrantzia eta beharra azpimarratu dute Aristotelesek zioena osatuz.

Sozializatzea ongizate fisiko eta psikologikoa elikatzeko garrantzitsua da: kognitiboki aktibo mantentzen gaitu, gertaerak erlatibizatzeko tresna lagungarria da; norberaren iritziaz hausnartzeko, erruminaziotik ateratzeko, enpatia garatzeko eta ispilu ezberdinetan gure sentimenduak islatuta ikusteko aukera zoragarria.

Baina azken urte luze honetako une batzuetan motor indartsu hau gelditu behar izan dugu, gure emozioak erregulatzen dituen baliabide hau etenez eta norberaren ongizatean kalte zuzena sentituz. Jakina da COVID-19aren garai honetan pertsona askorekin elkartzea ez dela osasun egoera zail honetatik ateratzen lagunduko gaituen faktoreetako bat. Kantitatea, beraz, ez da aukera on bat; kalitatea bai, ordea. Esparru askotan konprobatu ahal izan dugu kalitateak eragiten dizkigula onura gehien, maiz kantitateak baino gehiago. Sozializazioan, adibidez, giza interakzio guztiek ez dute ongizatea elikatzen, harreman toxikoek kontrako eragina sor dezakete. Beraz, interesgarria izan daiteke, norberaren harremanak modu atsegin eta onuragarrian eraikitzeko beharrezkoa den ukendua erabiltzea: asertibitatea. Komunikazio eraginkor baten bitartez bestearekiko enpatia azaldu bai, baina nik nahi dudan hori errespetatuz. Saia gaitezen aske erabakitzen noiz, norekin, zertarako eta noraino.

Duela hamabi hilabete egunerokotasuneko gauza gehienak COVID-19ak baldintzatutako modura egitera egokitu gara. Osasun egoerak gure artean harremana izateko eszenatokia guztiz birmoldatu du. Atrezzo berri honetan, maite eta nahi ditugun guztiekin harremana izateko alternatibak topatzen jakin dugu, aurrez aurreko kontaktuak konexio birtual bilakatuz maiz. Lehenengoek pantailetakoek ordezkatu ezin ditzaketen estimulu asko eskaintzen dizkigute: usaimena, ukimena, dastamena... Baina, nahiz eta intentsitate txikiagoan, mugimendu onuragarria sortzen dute gure garunetan bigarrenek ere.

Garai konplexu honetan zenbait gauza aukera ditzakegula jakiteak arnasten lagun diezaguke; giza interakzioen edukia, norekin eta nola, gure esku dago, beraz, aukera ditzagun ongizatean gehigarri zaizkigun erlazioak non nire nahiak eta bestearen beharrak elkarrekin dantzatzen duten.

Beraz, eutsi diezaiogun izaki sozialok garenaren horri: harremanak zainduz, haiekin aberastuz eta haiek sortutako onurarekin gozatuz.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.