begona del teso
EPPUR SI MUOVE

Argirik gabeko egunak baino luzeago

2022ko urtarrilaren 7a
00:00
Entzun

Norberaren apeta, desira, plazer, parafilia eta ezkutuko fantasia gozoen arabera, lasai asko esan genezakeen ere tabakorik, ardorik, garagardorik, sexurik, opiorik, libururik, euskararik, mendi bueltarik, itzal aldirik gabeko egunak, egunak eta gauak, baino luzeagoak.

Nola edo hala, hala edo nola, kontua da bizi ditugun egun kutsakor, kutsatu eta kutsagarri hauetan, pelikulak gero eta luzeaaaagoak, inoiz baino luzeagooooak direla. Film luzeak benetan dira luuuuzeak eta film laburrak hasi dira ez hain laburrak izaten. Sarri-sarri-sarri-sarriegi film ertainak dira. Eta film ertainak... luzeeeeak.

Ez al zarete konturatu? Hona hemen adibide batzuk zuen jakinduria eta harridurarako: West Side Story: bi ordu eta 36 minutu; Matrix Resurrections: bi ordu eta 28 minutu; Spider-Man: No Way Home: bi ordu eta 28 minutu; Don't Look Up: bi ordu eta 25 minutu; Being the Ricardos: bi ordu eta hamabi minutu; Dune: bi ordu eta 55 minutu; Eternals: bi ordu eta 56 minutu; James Bond (azkena): hiru ordu eta hiru minutu!!! —nahiz eta izenburua No Time to Die izan, denbora hartu zuen, arranopola, 007 ohiak munduaren salbazioaren alde bere buruaz beste egiteko!—; House of Gucci: bi ordu eta 57 minutu; Guadagninoren Suspiria: bi ordu eta 53 minutu.

Ez, gauza jakina da, badira 240 ordu, 86 ordu, zortzi ordu edo bost ordu irauten duten zinema atrebentzia-balentriak. Baina egile, sortzaile, irudi esploratzaile artista ahaikatzaile zenbaiten muturreko saiakuntzak edo okurrentziak ditugu horiek, eta egun, arte galerietan ez beste inon, museoetan ez beste inon ez dira ikusgai: Danimarkako Superflex arte kolektiboan bilduta direnek ondutako Modern Times Forever (Stora Enso Building, Helsinki), John Henry Timmis IV.aren The Cure for Insomnia, Filipinetako Lav Diaz maisuaren Hele sa hiwagang hapis (A Lullaby to the Sorrowful Mystery), Andy Warholen Empire eta Sleep... Horiek guztiak serio hartutako erabakien ondorioak dira. Batzuek muturreraino eraman nahi dute balizko ikuslea. Beste batzuen kasuetan, beren filmatzeko erak minutu horiek guztiak zituzten ezinbesteko, etsenplu, Berlinale batean ikusitako plano eder, geldo, sakonez eginiko Lav Diazen zuri beltzezko epopeia hura...

Ez, atrebimendu horiek ez dira auzia. Patxadaz, luzeeeee aztertzekoa bestelako hori da, gure etxe ondoko areto korrienteetan ikusi ohi ditugun film zeharo korriente eta arrunt frankoren iraupen muturrekoa. Muturrekoa eta, usu, ez beharrezkoa.

Arrazoirik al dago, ziorik, zergatirik?

Auskalo, batek daki, Jainkoek, Deabruek, Hollywoodeko, Hong Kongeko, Taiwango eta Beijingo zinemagintza handi-mandiek, ekonomialariek eta marketin-erregeek dakite, baina susmo batzuk izan badira. Aspaldikoak, izan ere. Bueltatuko ez diren garaietan, saloiak multiareto bilakatu berritan, txartel-saltzaile batek azal-azaletik komentatu zuen arrats euritsu batean, «pelikula motza bada, ordu eta erdikoa, jendea nigana dator kexu, esanez dirutza pagatu dutela eta oraindik badutela igande arratsalde osoa libre, pelikulak luzeago izan behar zuela, iraupen hori irusako bat omen da».

Guk, zinema oro bezain sasiko jakintsuok, ez genion (eta ez genien) jaramon handirik egin, iseka baizik... Baina, beitu, hautsok ekarriko dituzte lohiak.

Beste arrazoi bat: pelikulak pelikulaz eta pelikulan (zeluloidez, zeluloidean eta aitzinean, zilarrezko nitratoz) egiten zireneko materiala garestia zen oso, eta ezin nahi beste metro erabili. Orain, argazkigintzan gertatu den bezala, kamera digitalek etengabe, kasik denboraren akaberaraino, filma, grabatu dezakete. Beraz, biharrik ez balitz moduan eta modura filmatzen dute egileek.

Azkena (edo): ez dira gaurkoak garai trinkoak. Elipsiaren kontzeptua ez dute lantzen zuzendarigaiek irudi eskoletan, eta idazketa eskoletan gidoigilegaiek ez dute istorio bat exijitzen duen neurrian, abiaduran, tamainan azaltzeko erreminten gobernua eurenganatzen.

Hitzatzea (edo): izan ziren garaiak noiz iraupen luzeko pelikulak handiak ziren zinez: Arabiako Lawrence, Zhivago doktorea, Haizeak eramana. Bada, egun, bi ordu eta 29 minutu irauten duen film harrigarria, Alexandre Koberidzeren Ras vkhedavt, rodesac cas vukurebt? (What Do We See When We Look at the Sky?). Oxala, Erregeek zuen pantailetara ekarri izana.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.