Irulegiko Eskuak leku berezia izango du 21. Arkeologia Jardunaldietan

Gaur hasi eta ostiralera bitarte egingo dituzte topaketak, Donostiako San Telmo museoan. Hitzaldietan hainbat gai jorratuko dituzte

Erredakzioa
2023ko otsailaren 7a
00:00
Entzun
Aranzadi zientzia elkarteak eta Donostiako San Telmo museoak 21. aldiz antolatu dituzte Arkeologia Jardunaldiak, Gipuzkoako Foru Aldundiaren laguntzaz. Ohi bezala, hainbat gai izango dituzte hizpide adituek, guztiak ere unean uneko azken ikerketa arkeologikoekin lotuak; baina protagonismo berezia hartuko du aurten haietako batek: Irulegiko Eskuaren aurkikuntzak. Gaur hasi eta ostiralera bitarte izango dira hitzaldiak, museoaren areto nagusian, 19:00etan; sarrera doakoa izango da lekuak bete arte.

Jesus Tapia Aranzadi zientzia elkarteko historiaurreko arkeologoa izango da lehena hitza hartzen, gaur, Elosua Plasentzia. Trikuharrien ibilbidea izeneko hitzaldia emateko. Telesforo Aranzadik eta Jose Migel Barandiaranek orain ehun urte induskatu zituzten trikuharriak eta tumuluak Urola eta Deba arteko mendietan, eta gaur egungo arkeologoak metodologia berriekin itzultzen dira toki horietara, gauza berriak aurkitzeko.

Bihar, Ana Maria Benito Aranzadiko arkeologoak Getariako (Gipuzkoa) badiako urpean eginiko proiektu arkeologikoaz hitz egingo du. Eta, etzi, Vicente Olaya kazetari eta idazleak hainbat aurkikuntza modu nobelatuan aurkeztuko ditu —azken bi horiek gazteleraz izango dira—.

Ostiralean, berriz, Irulegiko Eskuaz ariko dira Mattin Aiestaran arkeologoa, Javier Velaza latin filologiako katedraduna eta Joakin Gorrotxategi hizkuntzalaritza indoeuroparreko katedraduna. Eta aurkikuntzari lotuta, zientzia eta musika uztartuko dituen ekitaldi berezi bat ere izango da hilaren 13an, Antzoki Zaharrean: Aiestaranekin batera, Oreka TX eta Bulego taldeek parte hartuko dute.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.