EITBk zuzenean emango ditu gaur kanpaikadak Gasteizko Plaza Berritik

Yerai Diazek, Ainhoa Etxebarriak eta Aitziber Garmendiak aurkeztuko dute ETB1eko 'Kaixo 2022'

Ezkilen aurretik eta ondoren, Biba 2022! saio berezia emango dute, azken 40 urteotan telebista katean protagonista izan diren hainbat gonbidaturekin. ETB.
enekoitz telleria sarriegi
2021eko abenduaren 31
00:00
Entzun
Gasteiztik emango ditu aurrerantzean EITBk Urtezahar gaueko kanpaikadak. Plaza Berritik ariko dira gaur zuzenean Yerai Diaz Gaur Egun albistegiko gaueko edizioaren aurkezlea, Ainhoa Etxebarria Zurekin bat lehiaketaren aurkezlea eta Aitziber Garmendia aktore eta aurkezlea. Haien ardura izango da urte berriari harrera egitea: Kaixo 2022! izena jarri diote saioari.

ETB2k ere toki beretik egingo du izen bereko saioa. Kasu horretan, Ana Urrutia Eguraldia tartearen aurkezlea, eta Ane Ibarzabal eta Aitor Albizu Nos echamos a la calle magazinaren aurkezleak ariko dira zeregin horretan. Kanpaiak entzun ondoren, bat egingo dute bi telebista kateen saioek, eta sei aurkezleek elkarrekin itxiko dute saioa, 2022ari ongietorria emanez. Halaber, eitb.eus-en zuzenean emango dituzte bi emanaldiak.

Zuzeneko emanaldiaren aurretik eta ondoren ere izango da zer ikusia ETBn. Kanpaikaden aurretik, 2022ra bidean Go!azen izeneko musika saioa emango dute ETB1en. Gero, Piztu telebista programaren edizio berezia iragarri dute, eta «sorpresaz beteriko» Biba 2022! saioa ere bai ondoren. Maddalen Arzallusek eta Xabier Sukiak aurkeztuta, saioak bi zati izango ditu: gauerdiko kanpaien aurretik bata, eta haien ondotik, bestea. Saioaren lehen zati horretan, ETBren euskarazko kanalean azken 40 urteetan ezagun egin diren 50 gonbidatu baino gehiago bilduko dituzte. Bigarren zatian, urte berriaren hasieran, 2022aren estreinaldian, euskal talde eta abeslari ezagunen ikuskizunak eskainiko dituzte.

ETB2k, aldiz, Ura bere bidean" ikuskizun korala eskainiko du kanpaien ostean. Fernando Velazquez orkestra zuzendariak moldatutako euskarazko abestien bertsioak interpretatuko dituzte hanbait artistak. Kanpaikaden aurretik, berriz, umorea izango da protagonista: Ez da posible saioak ETBko Gabonetako «harribitxiak» berreskuratuko ditu, eta Ene!Flix umoreko saioak «esketx dibertigarriak» ekarriko ditu.

'Kolpez kolpe', Hamaikan

Hamaika telebistan ere izango da zer ikusia Gabon zaharrean. Kolpez kolpe berezia aurkeztuko du Naroa Iturrik Donostiako platoan. Alboan izango ditu Tessa Andonegi, Miren Legorburu eta Ekhiñe Atorrasagasti. «Urteko kontu garrantzitsuenak berreskuratuko ditugu, kantuan ariko gara, eta esketxak emango ditugu», iragarri dute. 22:55ean hasiko da saioa, eta 2022ko lehen arratsaldean berriz ikusi ahalko da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.