Eta orain, Valverde

Athleticeko entrenatzaile ohiak zuzenduko du talde zuri-gorria biharko hauteskundeak Ricardo Barkalak edo Jon Uriartek irabaziz gero

Ernesto Valverde Anoetan, Bartzelona entrenatzen zuenean. J. ETXEZARRETA / EFE.
Paulo Ostolaza - Julen Etxeberria
2022ko ekainaren 23a
00:00
Entzun
Kito. Athleticeko hiru presidentegaiek jarri dituzte kartak mahai gainean. Haiekin irabazi nahi dituzte biharko hauteskundeak. Karta onak dira, bazkideek klubaren historian arrasto sakona utzi duten bi entrenatzaileren artean erabaki beharko baitute: Ernesto Valverde edo Marcelo Bielsa. Valverde izango da gizonezkoen entrenatzailea Ricardo Barkalak edo Jon Uriartek irabaziz gero, eta, Iñaki Aretxabaleta nagusituz gero, berriz, Bielsa.

Aretxabaletak astelehenean jakinarazi zuen presidente bada Bielsak entrenatuko duela lehen taldea. Barkalak eta Uriartek, berriz, atzo eman zuten beren asmoen berri: Ibaiganera iritsiz gero, Valverde izango da teknikaria. «Berriz entrenatzeko, eskaintza erakargarria izan behar zuen, eta Athleticena bada. Jokalari interesgarriak daude etorkizuneko egitasmo garrantzitsu bat egiteko. Erronka bat da. Klubean ezagutzen naute, eta badakite zenbat eskatzen dudan», esan zion atzo Valverdek ETBri. Haren ustez, «onena» Marcelino Garciak segitzea zen, eta, zehaztu zuenez, argi utzi zien Uriarteri eta Barkalari «nolabaiteko adostasuna» beharko zela.

Barkalakaitortu zuen litekeena zela bere entrenatzailea «hautagai batek baino gehiagok adostutakoa» izatea. Uriarteri, berriz, bikain datorkio albistea orain ematea, Carlos Aviñaren inguruan sortutako polemika bazter batean geratzeko. Uriartek Aviña nahi zuen kirol zuzendari, baina hautagaitzatik kanpo utzi du, zenbait txio matxista eta homofobo egin baitzituen.

Bat baino gehiago harritu da Barkalak eta Uriartek entrenatzaile bera aukeratu dutelako. Izan ere, bien proiektuak ez dira oso antzekoak. Hautagai klasikoa da Barkala, eta berritzailea Uriarte. Bien proiektuetan sartu da, ordea, Valverde. Jakina da, gainera, Valverde ez dela izan Barkalaren lehen aukera. Sonatuak izan ziren Mauricio Pochettino Paris Saint-Germaineko entrenatzailearekin izan zituen harremanak.

Kontuak kontu, Barkalak edo Uriartek irabaziz gero, Valverdek hirugarren aroa egingo luke Athleticeko entrenatzaile gisa. 306 neurketa zuzendu ditu Athleticen, inork baino gehiago. Aurreneko aldiz 2003an egin zen lehen taldearen kargu, aurretik klubeko hainbat harrobiko taldetan jardun ostean. 2005ean utzi zuen Athletic, eta 2013an itzuli zen, 2017ra arte. Haren gidaritzapean irabazi zuten zuri-gorriek 2015eko Espainiako Superkopa, eta taldea Txapeldunen Ligan sartu zuen Napoli kanporatuta. Ligan, taldea bost aldiz sailkatu zen Europarako sei denboraldiko tartean.

Tartean entrenatu ditu Espanyol, Olympiakos (bi arotan), Vila-real, Valentzia eta Bartzelona. Azkenarekin Espainiako bi liga, kopa bat eta superkopa bat irabazi zituen. 2020ko urtarrilean kendu zuten kargutik, eta ordutik ez du entrenatu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.