Miel Anjel Elustondo. Idazlea

«Agintariei egurra emateko eta jendearen miseriak kontatzeko balio du nobela beltzak»

ANDONI CANELLADA / ARP.
Naiara Elola.
Baztan
2017ko irailaren 22a
00:00
Entzun
(H)ilbeltza beka eskuratu ondotik, «oso pozik» dagoela azaldu du Miel A. Elustondok (Azpeitia, Gipuzkoa, 1958). Idatzi behar duen nobelaren inguruan ez du argibide askorik eman nahi izan. Bide batez, Katalunian gertatzen ari dena arbuiatu, eta elkartasuna adierazi die katalan guztiei.

Nolatan erabaki zenuen beka honetara aurkeztea?

(H)ilbeltzan beti kolaboratu izan dut. Duela bi urte, esaterako, Jim Thompsoni buruz mintzatu nintzen. Jim Thompsonen hiru eleberri itzuliak ditut ingelesetik euskarara. Iaz, Gotzon Garateren gainean jardun nuen eta, horrela, harremana egin dut (H)ilbeltzako kideekin, eta haiek animatu ninduten. Burua pixka bat nekatuta, buelta bat eman, eta aurkeztu dudan lagina idatzi nuen.

Nobela beltzean fokua jartzea erraza izan da?

Nobela beltza oso zabala da.1950eko hamarkadan AEBetan idatzi zen nobela beltzaren osozalea naiz, ez diotelako gizarteari goitik eta agintarien begietatik begiratzen, baizik eta zapalduon edo langileon begietatik. Orduan, nobela beltzak alde horretatik aukera handiak ematen ditu, agintariei egurra emateko eta gizartearen eta giza jendearen miseriak kontatzeko. Nik nire barnean bizi ditut. Hain zaila ez da horiek kanporatzea. Nahikoa da miseriak pixka bat mozorrotzea.

Miseria horiek kaleratzeko edo kanporatzeko gogoz zaude?

Ez. Miseria horiek giza kondizioan orrialde eta letra guztietan agertzen dira era batera edo bestera. Gure nahiak eta gure ezinak. Miseria esaten dudanean horiek dira. Gure ahalak eta gure ezinak, gure neke eta penak. Alde horretatik, ederragoa, zuzenagoa, zoriontsua den mundu bat egiteko nahia gure barruan dago. Nobela beltzak horretarako bidea ere ematen du.

Lehen aipatu duzu AEBetan 1950eko literatura beltzaren begirada atsegin duzula. Begirada hori baliatuko duzu egitekotan zaren lanean?

Seguru. Guztiak oso autore zorrotzak dira, asko sufritutakoak. Batzuek jazarpen politikoa ere bai. Gabriel Arestik beti esaten zuen: «Ni beti paratuko naiz pobrearen alde». Gizon langilearen alde esan nahi zuen. Nik ere horixe bera egingo dut.

Soinean daramazun elastikoa ikusita, horren zalantzarik ez dago.

Dudarik ez. Oso larria da gertatzen ari dena. Ni ezin nintekeen isilik egon, nobela beltzaren eta nire balizko proiektu baten inguruan, Katalunian gertatzen ari denarekin. Espainiako Gobernuak ez du ezertxo ere ulertu. Diadan haiekin izan nintzen, eta urriaren lehenengoan ere han izango naiz.

(H)ilbeltza eta halako literatur aste txiki batek zer ekarpen egiten du?

Baztan ez da txikia. Euskal Herria ez da txikia. Konplexu eta hitz egiteko modu horiek kendu egin behar ditugu. Txikiak du egiaren parte handi bat. Handiak nahikoa du propaganda eta publizitatea. Etortzekotan ezer berria, etortzekotan, txikitik dator. Nekazaritza txikitik etorriko da zerbait berri eta mamitsua. Ikusi dugu kate handiek zer dakarten: plastikoa, ezdeusa, kolorerik eza, zaporerik eza. Ni bizi naizen artean hortik joko dut, txikitik, koloretik, ondo egindako gauzetatik, zaporetik eta gustutik... Euskal Herrian egiten den nobela beltzaren asterik handiena da. Hemen egiten dena oso singularra da. Logistika, produkzioa, neure lana eta zergak ordaintzeko erabiliko dut bekaren puska bat, eta beste puska bat, berriz, elkartearen esku utziko dut.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.