Hauteskundeak

Abstentzioak ere bozkatuko du

Hego Euskal Herriko azken bozetan baino parte hartze handiagoa espero da maiatzaren 28ko udal eta foru hauteskundeetan. Pandemiaren gordinean, soilik %52k eman zuten botoa Eusko Legebiltzarrerako bozetan, 2020an. Abstentzio handia eta iraunkorra izateak sistemaren zilegitasunari eragiten dio.

Hautesle bat botoa hautetsontzian sartzen, 2020ko uztailean. ARITZ LOIOLA / FOKU.
xabier martin
2023ko martxoaren 30a
00:00
Entzun
Hauteskundeetan ez bozkatzeko erabakiak ez dio soilik eragiten hautu horren alde egiten duenari. Abstentzioak ondorio politiko zuzenak ditu bozen emaitzetan, eta maiatzaren 28ko udal eta foru hauteskundeetan ere horrela izango da; alegia, abstentzioak ere bozkatu egingo du, modu batera edo bestera.

Garaian garaiko eta tokian tokiko emaitzei ez ezik, parte hartze oso apalak sistema demokratikoari berari ere eragin diezaioke luzera, baldin eta abstentzioa handia bada —%50 ingurukoa, adibidez— urte askoan. Maria Silvestre Destuko Unibertsitateko Politika Zientzietako doktorea (Bartzelona, 1967) eta Ricardo Feliu NUPeko soziologoa (Sabadell, Katalunia, 1972) ados dira ohartarazpen batean: parte hartze eskasak erakunde demokratikoen «zilegitasuna» higatzen du, baita alderdi politikoena ere. Egungo sistematik beste eredu batzuetarako «ate arriskutsua» zabaltzeko aukera aipatzen dute, inor gutxik ukatzen baitu abstentzioaren zati bat aktiboa dela, sistemarekin edota alderdiekin lotutako protesta baten isla, alegia.



Bada, Europako Parlamenturako hauteskundeak salbuetsita, inoizko parte hartzerik txikienekoak izan ziren Hego Euskal Herrian egindako azken hauteskundeak, 2020ko uztailaren 12koak. Eusko Legebiltzarrerako deialdi horretan, botoa emateko eskubidea zutenen %52,8k bakarrik eman zuten, edo beste era batera esanda, abstentzioa %47,2koa izan zen. Araba, Bizkai eta Gipuzkoako 811.046 boto emailek ez bozkatzeko hautua egin zuten. Txanponaren beste aldea 2001. urteko hauteskundeetan dago. Juan Jose Ibarretxe EAJko lehendakarigaiak 33 eserleku lortu zituen orduan Jaime Mayor Oreja eta Nicolas Redondo Terreros PPko eta PSOEko hautagaien aurrean, ia %80ko parte hartzeari esker; edo soilik %21eko abstentzioari esker.

2020ko hauteskundeak koronabirus pandemiaren gordinean izan ziren, eta kutsatzeko beldurrak azaltzen du hein handi batean abstentzioaren datu historiko hori. Maiatzaren 28ko hauteskundeetan ez da neurri horretakoa izango. «Abstentzioak badu bere garrantzia azken emaitzari dagokionez, baina pisu handiagoa du beren botoa erabaki gabe dutenen azken orduko hautuak», azaldu du Silvestrek.

Polarizazioaren indarra

Aurreko udal eta foru hauteskundeetakoarekin alderatuta, maiatzaren 28ko hauteskundeetako abstentzioa «oso antzekoa» izango da, haren ustez: «Parte hartze handi samarra dugu hemen, %30-%35eko abstentzioarekin, eta, deialdi bakoitzean dagoen polarizazioaren arabera, aldatuz doa tarte horretan». Hau da, aldaketak egon daitezkeela aurreikusten denean abstentzioa txikiagoa izaten dela dio Silvestrek, «adibidez, Gipuzkoan eta Nafarroan, oraingoan». Hautesleak sumatzen badu emaitza argia dela, etxean geratzeko joera handiagoa dago, beraz, eta «udalerrietan oso argi» islatu ohi da joera hori.

Parte hartzeak goranzko joera izan du Araba, Bizkai eta Gipuzkoako foru hauteskundeetan, 2007ko deialditik hona, nahiz eta 2019an berriro apur bat behera egin zuten aurreko deialdiarekin alderatuz. 2007an jo zuen behea parte hartzeak hiru lurralde horietan, abstentzioa %40tik gertu ibili baitzen. Nafarroako Parlamenturako hauteskundeei dagokienez, 2019an apur bat jaitsi zen abstentzioa (%29) 2015eko deialdiarekin alderatuz (%32), baina inon baino egonkorrago eusten dio parte hartzeak Nafarroan, beti %26tik %33rako abstentzio tartean.

«Jarraipen hauteskunde batzuk diren ustea zabaltzen bada, abstentzioak gora egingo du; aldiz, zerbait aldatzeko aukera errealak baldin badaude, gobernu bat, esaterako, abstentzioak behera egingo du», esplikatu du Feliu soziologoak. Beraz, abstentzioan eragiteko, aldagai garrantzitsua da alderdiak trebeak izatea «zerbait» aldatuko dela gizarteratzeko orduan; parte hartzea sustatu nahi dutenean erakusten dute abilezia hori, jakina. «Argi dago alderdiek parte hartzea edo abstentzioa susta dezaketela, beren interesen arabera. Denak entzun ohi ditugu hauteskunde egunean bozkatzera deitzen, botoa ematen duten bitartean, baina batzuek ez dute nahi parte hartzea handia izatea». Feliuk esplikatu du ustelkeria «etsipenerako aldagai gisa» erabiltzen dela sarri asko abstentzioa sustatzeko. «Ustelkeria salatzen dutenek badakite ez dituztela lortuko lehiakideen boto emaile ugariren bozak, baina haiek etxean geratzea bai, beharbada».

Hau da, sarritan zera gertatzen da: beren boto emaileak modu eraginkorrenean mobilizatzea lortzen duten alderdiek eskuratzen dituzte hauteskunde emaitzarik onenak, eta ez lehiakideen boto emaileen boto kopuru bat eskuratzen dutenek. Abstentzioa besteen artean izan dadila nahi dute alderdiek, ez beren hautesle poltsetan.

Pobrezia eta abstentzioa

Zaila da esaten nori egingo dion mesede eta nori kalte maiatzaren 28ko hauteskundeetan abstentzioa handia ala txikia izateak. Boto zuriek eta baliogabeek lehen indarrari egiten diote mesede beti, baina abstentziora jotzen dutenak ez dira banatzen aukera politiko guztien artean hein berean, eta gerta daiteke batzuetan ezkerreko boto emaileek jotzea gehiago abstentziora eta, beste batzuetan, eskuinekoek. Abertzaleen artean edo konstituzionalisten artean bozkatzeko gogo handiagoa edo txikiagoa egotea ere ez da gauza bera alderdi batzuentzat eta besteentzat, agerikoa denez.

Edonola ere, D'Hondt legea eta abstentzioa aintzat hartzen dituen ekuazioak emaitza esanguratsuak eman ditzake. Pandemiaren lehen zartada betean egindako hauteskundeetan, 48.739 boto galdu zituen EAJk aurreko deialdiarekin alderatuta, baina hiru eserleku gehiago eskuratu zituen. EH Bilduk ere EAJk adina eserleku irabazi zituen, baina koalizio subiranistak ez zituen botoak galdu, 23.496 irabazi baizik.

Bestalde, Silvestre irakasleak abstentzioarekin lotutako aldagai sozial bat azpimarratu du, «oso arriskutsutzat» jotzen duelako. «Badago abstentzioarekin lotutako faktore kezkagarri bat: politikan parte hartzeko bazterketa», dio Silvestrek. Errenta apaleko eta langabezia handiko eskualdeetan gertatzen da bazterketa hori, politikaren inguruko interes falta hedatzen delako pobreziak jotako familia eta auzoetan, aditu horren arabera. Abstentzioa ez da banakoaren hautu aktibo bat kasu horretan, sistemak berak ereindakoa baizik.

Jakina da askotariko jendea dagoela abstentziora jotzen dutenen artean. Batetik, pobreziarekin lotutako bazterketa politikoan eroritakoak daude, Silvestrek azaldu duenez, baina, bestetik, badira erakundeak «urrun» ikusten dituztenak, alderdienganako «mesfidantza» dutenak. «Abstentzio aktiboa da hori, erakunde demokratikoen aurkako protesta», erantsi du Silvestrek.

Zilegitasuna jokoan

Feliuk, berriz, abstentzioaz aritzean «mito bat hausteko garaia» dela uste du: abstentzioa gehiago sustraitzen dela ezkerreko boto emaileen artean eskuinekoen artean baino: «Ezker abstentziozalearen mitoa ez da egia». NUPeko irakaslearen hitzetan, «ez dago datu enpirikorik» tesi hori babesteko. «Eskuinekoak bozkatzera beti joaten direla esaten da, mezetara joango balira bezala, eta hori ere ez da egia». Abstentziora jotzen dutenen artean, Feliuren ustez, ugariak dira bere burua ezker-eskuineko ardatzean kokatzen ez dakitenak, «eta joera dutenak zentroan kokatzeko». Gainera, azaldu du zenbat eta gazteagoa izan orduan eta aukera gehiago daudela abstentziora jotzeko. «Adin bat dutenen artean zailagoa da abstentziozaleak aurkitzea».

Silvestre irakasleak, berriz, uste du garrantzia eman behar zaiola abstentzio «handi eta iraunkorrak» sisteman erein dezakeen dudari; «ematen du hauteskundeen biharamunean ahaztu egiten dela askok edo gutxik bozkatu duten, baina oinarrizkoa da nahikoa parte hartze izatea emaitzak zilegitasuna izan dezan». Abstentzio handiaren agertokia «eskuin muturreko populismoarentzat egokia» dela erantsi du, eta horregatik uste du bazterketa politikoa apaltzeko neurriak hartu beharko liratekeela. «Parte hartzearen gutxieneko ehuneko batekin aritzeko jarri ziren joko arauak», ohartarazi du.

Feliuk gogoratu du herrialde batzuetan derrigorrez bozkatu behar dela, baina uste du sistema horrek «distortsioa» eragiten duela emaitzan. «Gure kultura politikoan, neurri horrek aurkako eragina sortuko luke, eta abstentzioa hautu aktibo garbia litzateke, boto matxino bat». Hori dela eta, Feliuk dio beste modu batean sustatu behar dela herritarren parte hartze politikoa, baita hauteskundeetan ere.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.