KRITIKA. Antzerkia

Eskuak agintzen du

2023ko martxoaren 16a
00:00
Entzun

'Strip-tease'

Konpainia: Morfeo Teatro. Testua: Slawomir Mrozek. Bertsioa: Francisco Negro. Zuzendaritza: Mayte Bona, Patricia Diez-Labin. Antzezleak: Francisco Negro, Felipe Santiago. Eszenografia: Regue. Argiak: Pachi. Lekua: Donostiako Viktoria Eugenia antzokia. Eguna: Martxoak 13.

Alfred Jarryren baimenarekin, Beckett, Ionesco eta Mrozekek osatzen dute absurdoaren antzerkiaren betiereko Hirutasun Santua. Lehenbiziko bien antzezlanak ikusteko noizbehinka parada izaten du zaleak, baina Mrozek idazle poloniarrarenak ez ditu, esate baterako, kritiko honek inoiz taularatuta ikusi gaur arte.

Ez didazue sinetsiko, baina orain dela aste batzuk, Uxue Apaolazaren Bihurguneko nasa liburuko pertsonaia bati Mrozek-en ipuin batean sentitzen zela irakurri nionean, nire gabeziaz gogoratu, eta hain justu ere, gaurko Strip-tease obraren testua lortu nuen; hori bai, 1960ko hamarkadako Los Goliardos talde independente madrildarraren bertsioan. Hortxe duzue eskura, online, antzerkiaren historian mugarri izan zen ikuskizun mitikoaren idazlana. Eta ez didazue sinetsiko, baina, Strep-tease-ren irakurketari ekiten ari nintzaiola iritsi zitzaidan dFeriako programazioa, non Morfeo Teatroaren egokitzapena iragarrita ikusi nuen. Karanbola!

1962ko testu zoragarri hau, laburbilduz, komedia filosofiko moduan deskriba genezake. Horrekin batera, Gerra Hotzaren garaian eta Altzairuzko Oihaletik harago zegoen Polonian sortua dela ez genuke ahaztu behar, haren muina osorik ulertu ahal izateko. Baina, gaurkoan, erresonantzia politikoz blaituriko ohiko irakurketari absurdotik abiatutako hausnarketa ontologikoa gainjarri zaiolakoan nago. Hortxe galdera handiak: Nor zara zu? Zer egiten duzu hemen? Zergatik nago ni hemen? Zergatik obeditzen dut? Nola lotzen dira askatasuna eta hautamena?

Argumentua sinplea eta errepikakorra da: bi pertsonaia daude itxita dagoen ez-leku batean, eta ez dira bertatik eskapu egitera ausartzen. Orro beldurgarriak entzuten dituzte kanpoan, eta ez dakite nola jokatu handik alde egiteko. Sinpleagoa ezin. Une batean, eskularruz jantzitako esku bat azalduko zaie horman irekitzen den ate batetik; bertatik, bi gizonei agindu zoroak emango dizkie, adibidez, ekarri zapatak, erantzi gerrikoa, emaizkidazue zuen alkandorak, eta abar.

Testuaren aparteko kalitatea alde batera utzita, espazio eszenikoa iruditu zait lorpenik behinena Morfeok eskainitako honetan. Hiru maila dituen kolore epelez osatutako pareta okerraren aurrean antzeztu dute antzezleek. Argien aldaketek egurrezko listoiz eginikoa zirudien murrua margolan espresionista aldakorra bihurtu dute. Benetan piktorikoa. Bi protagonista nagusiek, Vladimirren eta Estragonen antzera, bikote banaezina haragitu dute antzezpen hautu ez-naturalista batetik abiatuta. Ikusleak konplizitate ederrean sartu dira ikuskizunean eta erne-erne egon dira besaulki-patioko guztiak. Morfeokoek ez dute inoiz barregarritasuna era merkean bultzatu, baina in crescendo joan dira ikusleen barre algarak. Amaieran, biziki eskertu dute Mrozek gaurkotu eta anbiziotsu hau.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.