Ainara Castellanos-Rubio.
ARGI ALDIAN

Balearen bizipoza

2023ko maiatzaren 26a
00:00
Entzun
Minbizia gaixotasun desberdinez osaturiko taldea da. Ia ehun edo organo guztietan garatu daiteke, zelulak kontrolik gabe hazi eta gorputzaren beste parteak inbaditzen dituztenean. Zelula guztiek minbizia garatzeko posibilitate bat badute, animalia handi eta bizitza luzekoek, animalia txiki eta bizi laburrekoak baino minbizi gehiago garatu beharko lukete. Hori ez da berez horrela, eta gorputzaren tamaina eta minbizia garatzeko korrelazioa ez egoteari Petoren paradoxa deitzen zaio. Gizakiak baino 1.000 aldiz zelula gehiago duten animaliek ez dute minbizia garatzeko 1.000 aldiz arrisku gehiago, eta horrek minbizia ekiditeko guk baino mekanismo askoz eraginkorragoak dituztela iradokitzen du.

Balea boreala 200 urte baino gehiago bizi daiteke, eta 80.000 kilo pisatzen du. Dordoka erraldoi batzuk ere 200 urte bizitzera heldu daitezke, baina narrastiak izanda, haien biologia gizakiarenetik urrutiago dago. Baleak, ordea, gu bezala, ugaztunak dira. Hori kontuan izanik, baleek minbiziaren loterian txartel nahikotxo izan beharko dituztela esaten digu logikak. Hainbeste zelula izanda eta hainbat urtez bizita, DNAn gertatzen diren aldaketak edo mutazioak eta, ondorioz, minbizia garatzeko aukera handia izan beharko lukete. Bitxi da, baina ez da hori gertatzen, eta balea borealaren minbizia garatzeko probabilitateak benetan txikiak dira. Orduan, zein da baleak hain bizitza luzeko eta osasuntsu izatearen sekretua?

Alaskan hartutako bale borealaren azal zatiak erabiliz, New Yorkeko ikerketa talde batek galdera horri erantzuna eman nahi izan dio. Balearen azaleko zelulak aztertuz, ondorio oso interesgarri batera heldu dira: badirudi baleen zelulek DNAn sortzen diren aldaketak edo hausturak erreparatzeko sekulako gaitasuna dutela. Bizitzan zehar, gure zelulen DNAn akatsak sortzen dira. Zorionez, badaukagu akats horiek zuzentzeko mekanismo bat, eta gehienetan sortutako errore horiek arazo barik konpondu egiten dira. Baina gure zuzenketa tresna ere ez da biribila, eta gerta daiteke errakuntza horiek ez konpontzea, eta horrek minbizia garatzea ekar dezake. Balearen azaleko zelulak ikertuz, ikertzaileek ikusi dute baleek konponketa mekanismo ezin hobea dutela. Beste espezie batzuekin alderatuz —sagua, behia eta gizakia kasurako—, baleek konponketa horretaz arduratzen diren bi proteina oso maila altuan dituztela ere ikusi dute. Emaitza horiek Petoren paradoxari erantzun bat ematen diote, eta minbizia saihesteko aukera terapeutiko berrien garapenerako ate berri bat irekitzen dute.

200 urte bizitzea gehiegizko helburua izan daitekeen arren, baleetan aurkitutako ezaugarri berri honek gaur egungo osasun baldintza ohiko eta hilkorrenaren aurrean berrikuntzarako potentzial izugarria dauka. Uretan bizi diren gure lehengusu ugaztunak ulertzeak eta ikertzeak gizakien bizi itxaropenean onurak ekarri ahal dizkigu epe ertainean. Hala ere, badirudi baleen konpontze mekanismoaren perfektutasunak zerikusia duela uraren tenperatura baxuekin. Ur hotzetan bizitzea izan daiteke orduan balearen bizipozaren arrazoia, baina ez dakit nik gure goizeko dutxa freskatzeak oso zorionekoak egingo gintuzkeen gu ere...
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.