KRITIKA. Zinema

Eguneroko integrismoa

Gontzal Agote.
2019ko apirilaren 13a
00:00
Entzun

'Boy Erased'

Zuzendaria: Joel Edgerton. Aktoreak: Lucas Hedges, Nicole Kidman, Russell Crowe, Joel Edgerton, Xavier Dolan. Herrialdea: AEB. Iraupena: 115 minutu. .

Puri-purian dago gaia, eta urruneko kontua dirudiena uste baino gertuago dagoela erakutsi digute azken egunotako albisteek. Ez da estatubatuar pitzatu batzuen afera; gertuko errealitatea da Boy Erased-ek kontatzen digun istorioa: homosexualitatea sendatzeko ikastaroak, eskolak, klinikak, eta horien atzean dagoen sare fanatikoa.

Hain zuzen, hori da filmak duen indargunea. Batzuetan sinestea kosta egiten den arren, benetako gertaerei pega-pega eginda dago filma; eta kritika sozialaz harago, beldurrezko generoaren itxura hartuko du behin baino gehiagotan. Lehengai aproposa, faktura itxurosoa, baina horrek duen potentzialitateari ihes egiten utziko dio Joel Edgerton zuzendariak, neurri handi batean bederen.

Horren ondorioa da filmari darion hoztasuna, pertsonaienganako gehiegizko distantzia. Gisako gaiekin arriskuak badira, jakina; manikeismora jotzearena bereziki, baina hori saihestu nahian, istorioak gizatasuna galduko du, artifizialegia gertatuko da tonua.

Horri kontrapuntua eginez, bi aktore beteranoren interpretazio nabarmena. Kidmanek eta Crowek haien onena eman, eta izan direnaren gainetik, egun ere badirela erakutsiko dute. Ezin gauza bera esan, ordea, Edgertonek berak jokatu duen terapeutaren rolaz.

Gauza gehiegi kontatu nahi izaten duten film gehienek bezala, Boy Erased honek ere azkenean ez du jakinen zein bide aukeratu, eta erdibidean geldituko da gehienetan: aukera sexuala, ingurune sozial eta familiakoaren presioa, fanatismo erlijiosoa, kartzelaren gisakoak diren terapiak... Tumatxa, film bakar baterako.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.