Donostiako 61. Zinemaldia. Kritika. Perlak

Bizitzeko grina

Gloria-k harrera beroa izan du Donostian. BERRIA.
Beñat Eizagirre Indo.
2013ko irailaren 24a
00:00
Entzun
'Gloria'

Zuzendaria: Sebastian Lelio. Aktoreak: Paulina Garcia, Sergio Hernandez, Coca Guazzini, Antonia Santa Maria. Herrialdea: Txile. Iraupena: 109 minutu.

Pablo Larrain zuzendari eta ekoizle txiletarrak No arrakastatsua aurkeztu zuen iazko Perlak sailean, eta aurtengoan ere berak produzitutako lan bat ikusi ahal izan dugu denboraldiko harribitxiak biltzen dituen sail honetan. Sebastian Lelio herrikidearen Gloria-k harrera beroa izan du zaleen artean, eta barre algara ugari eragin ditu. Baina ez da zehazki komedia bat. Publikoaren saria irabazteko hautagaietako bat izan daitekeela pentsa dezakegu, nazioarteko jaialdi eta kritikaren onespenaz gain, publikoaren babesa ere lortu baitu. Berlinalen Aktore Onenaren Saria irabazi zuen Paulina Garciak, beste hainbat sariren artean.

Gaiari helduz, Gloriaren egunerokotasunean oinarritzen den lana da honakoa; banandutako emakume heldua da bera, eta denbora luze bat bakartuta igaro ostean, prest dago bizitzari berriz heltzeko. Bizitzeko grina berreskuratu nahi du, bizi egin gura du, jada urte asko igaro baititu bakardadean. Seme-alabek euren bizitza dute, eta ezin du haiek babesten jarraitu. Berak ere bizitzen ikasi behar du, bakarrik moldatzen ikasi behar du, ez dauka beste aukerarik. Amona izanagatik ez du etxean geratu behar telenobelak ikusten. Dantza egitea atsegin duenez, diskoteka batera joaten hasiko da. Bertan nahi adina gizon ezagutu ahal izango ditu, eta bera bezala bananduta dagoen Rodolforekin irteten hasiko da. Sexu eszenek ikuslearen arreta bereganatzen dute berehala, ez baita ohikoa adin horretako gizon eta emakumeen gorputzak biluzik ikustea. Badirudi adin horretara iristen direnek bizitzako gauza askori muzin egin behar diotela, duintasunagatik. Rodolfo Gloriaren antitesia da, eta bere bi alaben eta emazte ohiaren esanetara jarraitzen du. Emakume berezia aurkitu duela dio, baina bere familiarekiko dituen obligazioek ez diote maitasunaz gozatzen uzten. Biziaz, burujabetasunaz, maitasunaz… diharduen film bitxi eta dibertigarria da. Agian askori hotz utz diezaioke istorioak aspergarria eta hutsala dela argudiatuz, baina proposamen interesgarria dela ezin uka daiteke.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.