Albistea entzun

KRITIKA. Antzerkia

Zazpi urtez praktiketan

Agus Perez -

2018ko maiatzak 19

'Morbus operandi'

Konpainia: Gilkitxaro. Egilea eta zuzendaria: Galder Perez. Antzezleak: Aiora Sedano, Ane Zabala. Lekua: Gasteizko Oihaneder Euskararen Etxea. Eguna: Maiatzak 17.

Zazpi urte darama praktikak egiten antzezlaneko protagonistak, gaurko kapitalismo basatiaren atzaparretan preso, baina gaur egin dioten enkargua berezia da: munduko burtsetan igoera meteorikoa izan duen euskal enpresa bateko ugazaba elkarrizketatzea. Kazetari herabea jostailu erraza bihurtuko da enpresari harrapariaren eskuetan, eta bien artean sortutako harremanak asko edukiko du masokismotik alde batetik, eta sadismotik bestetik, horrela ezin hobeto parodiatuz eredu neoliberalaren eskema.

Denboraldi honetan estreinatu den Morbus operandi honek bere jatorria dauka Bilboko Pabilioi 6k urtero antolatzen duen Antzerki arina izeneko zikloan, eta han ikusi genuen oraingo obraren prototipoa, 2015ean hain zuzen ere. Orduko hark —Off the record deitu zen— orain arte azaldutakoa biltzen zuen eta hogei minutu inguru irauten zuen. Emaitza hain izan zen borobila eta sarkorra, askok uste genuen polita izango zela haren jarraipena ikustea. Eta hala izan da: bizpahiru urte igaro ostean kazetari herabe hura enpresari putrearen prentsa-burua da, eta orduan hasi zen harreman jatorriz ustelak bere garapen naturala edukiko du, euskal thriller baten parametroetan barrena.

Thriller politikoa da, ordea, eta umoretsua zinez, Galder Perezengan ezinbestekoa den legez, eta testuan parte hartze argia izan dute taula gaineko antzezle biek. Ene uste apalean, gainera, proposamen honetarako prestatu den dramaturgia eta planteamendu eszenikoa bat datoz erabat helarazi nahi den mezuarekin, eta horretan datza harribitxi txiki honen sekretua: dena gertatzen da lau metroko diametroko zirkulu batean, barruan egondako elementuak ahalik eta gutxienak izan dira eta haietariko bakoitzak bere rol eszeniko zehatza jokatu du, dela tabako paketea dela garai bateko grabagailua. Iraganeko objektuen desagerpenarekin —telefono kableduna, adibidez— eta protagonisten arropa-aldaketa sotilarekin ganoraz irudikatu da denboraren iragatea, eta ikusleok eszenaren inguruan kokatu gara, gure begiradarekin sinbolismo handia emanez boteretsuek ezkutatu nahi dizkiguten joko zikinei.

Oihaneder jauregiko patio dotoreak esangura estetiko eta semantiko berezia eman dio lan ausart, fresko eta independente honi, eta argi dago bi pertsonaia enblematikoak aurrera eramateko arduradunak —Aiora Sedano enpresariaren rolean eta Ane Zabala kazetariarenean— denak emanda ibili direla emanaldi osoan zehar, bakoitza bere lanaren esanguraz kontziente izanik eta, aldi berean, esku artean zuten opari eszenikoaz sano disfrutatzen.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Irizpidea duzulako. Giroan zabiltzalako.

Zuk badakizulako.

Albiste gehiago

Pablo Larrainen 'Spencer' filmeko irudi bat. ©Donostiako Zinemaldia

Pablo Larrainen 'Spencer' izango da emanaldi sorpresako filma

Andoni Imaz

Etzi emango dute, 16:00etan, Viktoria Eugenian. Diana Spencer Galesko printzesari buruzkoa da.

Johnny Depp aktorea, atzo, Donostia Saria jasotzeko ekitaldian. ©Gorka Rubio / FOKU

Depp: «Arrazoi bakarrarengatik nago hemen: jendearengatik»

Edu Lartzanguren

Emazte ohiari tratu txarrak eman izanaren salaketa airean egon zen ekitaldian, nahiz eta inork ez aipatu zuzenean.

Thierry de Peretti zuzendaria eta Vincent Lindon aktorea, gaur, Donostian ©Jagoba Manterola / Foku

Droga trafikoaren barrunbeak eta kazetaritza, Sail Ofizialean

Ainhoa Sarasola - Mikel Lizarralde

Thierry de Peretti zinemagile frantsesak ‘Enquête sur un scandale d’état’ aurkeztu du Sail Ofizialeko lehian.‘La hija’ erakutsi du Manuel Martin Cuenca zuzendari espainiarrak sail berean, lehiatik kanpo

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Egin BERRIAlaguna

Irizpidea duzulako. Giroan zabiltzalako.

Zuk badakizulako.

Egin BERRIAlaguna