Franco Zeffirelli

Zinemaren eta operaren lotune

Zinemagile eta eszenografo italiarra zendu da, 96 urte zituela. Lotura estua izan du operaren eta antzerkiaren munduarekin, eta politikan ere aritu da, Berlusconirekin.

itziar ugarte irizar
2019ko ekainaren 16a
00:00
Entzun
Zinema ulertzeko eta bizitzeko modu bat, oso berea, operaren eszenografiatik oso hurbil zegoena. Ezerk bereizi badu, ikuspuntu horrek bereizi du Franco Zeffirelliren begirada artistikoa. Zinemaren, antzerkiaren eta operaren errailetan egin du bidea, sei hamarkada luzez. Gurpil aulkian agertu ohi zen azken urteetan; beti proiektu berriren bat ahotan, ordea. Atzo hil zen, Erroman, 96 urte zituela.

Florentzian jaio zen, Gianfranco Corsi sortze izenez. Sei urte zituela hil zitzaion ama, Mozarten zale amorratua zena. Izebaren etxean hazi zen, eta han ikasi zuen ingelesez, han ezagutu Shakespeare. Bigarren Mundu Gerra piztu zenean, itzultzaile lanetan arituko zen hala, tropa aliatuak Italia hartzean. Arte eta Arkitektura ikasketak egin zituen gerra amaitzean, eta urte horietan ezagutu zuen Luchino Visconti, pisuzko izena bere biografian. Haren zuzendari laguntzailea izan zen La terra trema (1948), Bellisima (1951) eta Senso (1954) lanetan.

Operarekiko zaletasuna zinemarekin uztartzen hasi zen orduan. Pucciniren La boheme (1965) izan zen pantaila handira eraman zituen aurreneko klasikoetako bat; ondotik helduko ziren Romeo y Julieta (1968) —zuzendaririk onenaren Oscar sarirako izendatu zuten—, La traviata (1982) —Oscarretarako bigarren izendapena lortu zuen lan honekin, eszenografiagatik— eta Hamlet (1990), besteak beste. Beste lan txalotu bat Te with Mussolini (1999) izan zen, zeinean haurtzarok oroitzapenak bildu zituen. Azken pelikula 2002an filmatu zuen, lagun min zuen Maria Callas soprano ospetsuari eskainia: Callas forever. Handik aurrera opera ekoizpenetan murgildu zen batez ere, eta Europako eta AEBetako antzoki lirikoetan gehien itxarondako izenetako bat izan da harena.

Kontserbadore deklaratua

Politikaren arloan ere jardun publikoa izan zuen Zeffirellik. 1994tik 2001era bitartean, senatari aritu zen Silvio Berlusconiren taldean, Forza Italian. Homosexuala zen, eta horretaz zorrotz idatzi zuen bere memorietan. Bere burua katolikotzat eta kontserbadoretzat zeukan, baina «desesperazio antikomunistaz» zen kontserbadorea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.