KRITIKA. Zinema

Antiheroi zirtolaria

Gontzal Agote.
2018ko maiatzaren 27a
00:00
Entzun

'Deadpool 2'



Zuzendaria: David Leitch. Aktoreak: Ryan Reynolds, Josh Brolin, Zazie Beetz, Morena Baccarin, Julian Dennison, T.J. Miller, Karan Soni. Herrialdea: AEBak.Iraupena: 111 minutu.

Zuzendaria aldatuta ere, gutxi aldatu da Deadpool. Nonbait, aldaketarako arrazoi nagusia pertsonaiari eman beharreko norabidearen inguruko desadostasunak izan ziren. Konbentzionalago egin, edo alde ganberro eta politikoki ez-zuzena mantendu. Argi geratu denez, azken aukera nagusitu zen, eta David Leitchek Tim Miller ordezkatu zuen.

Duela bi urte estreinatu zen lehen Deadpool bafada freskoa izan zena Marvelen superheroien unibertso hertsi eta endogamikoan. Antiheroiaren rola jokatuz, Deadpoolek ikusleak liluratu zituen, ez bere ahalmenei esker, baizik eta kontrolatu ezin zuen mihi luze, zorrotz eta nekaezinarengatik.

Izan ere, gisako beste pelikula askotan ez bezala, Deadpool-en elkarrizketek berebiziko garrantzia dute. Biziak eta bizkorrak dira, eta hainbatetan zaila egiten da horien abiadurari segitzea. Horrez gain, erreferentziaz eta metaerreferentziaz —Wolverine, X-Men...— beteta daude, eta horietan galtzeko arriskua du ikusleak. Nolanahi ere, oso eskertzekoak dira gupidarik gabe ezker eta eskuin egiten duten eztenkadak.

Ikuslearekin konplizitatea bilatzea da Deadpool-ek hasieratik asmo izan duena. Horretarako, laugarren horma apurtzearen baliabidea erabiliko du pertsonaiak behin eta berriz. Ez du bakarrik enpatia bilatzen; modu horretan, hura ere ohiko superheroien mundutik aldentzea lortzen du.

Bigarren filmak lehenengoaren formulak berrartuko eta finduko ditu. Akzioa behar denean, akzioa baliatuko du, baina betiere pertsonaia nagusiaren kalakari uko egin gabe. Horrez gain, Deadpool-en unibertsoa handitzera eginen du, X-Force delako talde surrealistaren sorrerarekin.

Osagai horiek guztiek, orekaz eta freskotasunez emanak, superheroiekin berradiskidetzen hasteko pelikula ezinbestekoa egiten dute bigarren Deadpool hau.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.