ATZEKOZ AURRERA

Sagardoaren zalerik finenak

Giro ederra izan da Euskal Jaiei lotuta egiten den Donostiako Sagardo Egunean. Konstituzio plaza jendez bete da, 32 sagardotegiren sagardoa edateko. Sagarrondoak zaindu eta lantzen dituztenak omendu dituzte aurten.

Sagardogileak, mahaira bildutako sagardozaleei zerbitzatzen. ESTITXU ZABALA / IRUTXULOKO HITZA.
ainara arratibel gascon
Donostia
2014ko irailaren 7a
00:00
Entzun
Sagardo Eguna baino gehiago, merkealdiaren hasiera dirudi honek». Umorezko alderaketa horrekin deskribatu zuen Gipuzkoako Sagardogileen Elkarteko lehendakari Arantxa Eguzkitzak, atzo, 10:45 inguruan, Donostiako Konstituzio plazan zegoen giroa. Ez zitzaion arrazoirik falta. Hondartzarako edo mendirako egun aproposa izan arren, dastatzea hasi baino ordu laurden lehenago, sagardozale fidelenak ilara egiten ari ziren edalontzia erosteko. Aurtengo Sagardo Egunak, gainera, sagardozaleak eta sagardogileak ez ezik, sagastiak lantzen eta zaintzen dituzten baserritarrak bildu ditu. Guztiek batera, festa giroan, sagardoaren kulturari bultzada bat eman nahi izan zioten, 29. urtez.

Dastatzea hasi aurretiko irudi horrek hunkitu egin zuela onartu zuen Eguzkitzak. «Honek erakusten du zein esker onekoak diren sagardozaleak. Ez dute huts egiten. Euria egin duen urteetan ere beti bildu izan da jende dezente. Gure herriarentzat eta kulturarentzat edari bat baino gehiago da sagardoa». Euskal Jaiei dago lotuta eguna, eta halakoen garrantzia nabarmendu zuen.«Nire aita izan zen sustatzaileetako bat, argi ikusi baitzuten sagardoak zabalkunde bat behar zuela, eta horretan jarraitzen dugu». Atzokoan iazko sagardoa dastatu ahal izan zuten bertaratu zirenek, baina sagardogileak ez daude geldirik, eta hemendik gutxira hasiko dira urtarriletik aurrera sagardotegietan dastatu ahal izango den sagardoa egiten. Eguzkitza baikor azaldu zen. «Aurten, iaz baino hemengo sagar gehiago egongo da, eta hori beti da garrantzitsua».

Edalontziak bete eta bete ari zen Astigarragako (Gipuzkoa) Rezola sagardotegiko Jose Ramon Rezola. «200 botila inguru ekarri ditugu, eta, erritmo honetan jarraituta, ez dakigu ordubietara iritsi ahal izango garen». Jendea gustura zegoela zioen. «Iazko sagardoa oso ona izan zen, eta hori nabari da».

Hala baieztatu zuen Irungo (Gipuzkoa) Juan Manuel Nuñezek. «Asko gustatzen zaigu sagardoa, bai botilan zein txotxean. Gure gastronomiaren ikurretako bat da, eta bultzatu egin behar dugu». Sagardoa probatu, eta harridura aurpegia jarri zuen Huelvako (Espainia) Carmen Sanchezek. «Familiarekin egun batzuk ari gara pasatzen Donostian, eta ezustean harrapatu gaitu honek. Asturiasko sagardoa probatua nuen, eta antzekoa izango zela pentsatzen nuen. Baina hau ez da horren gozoa, eta, freskoa dagoenez, ederki sartzen da». Txorizo ogitartekoa ere eskuetan zuen. «Gure asmoa gero pintxoak jatera joatea zen. Baina biharko utziko dugu».

Sagastien zaindariei, ohore

Goizak aurrera egin ahala, sagardo usaina nabari zen txoko guztietan. Ogitartekoak eta pintxoak prestatzen ari zirenak ere geratu gabe ari ziren. 12:30ean iritsi zen Sagardo Eguneko une garrantzitsuenetako bat. Gipuzkoako Sagardogileen Elkarteak urteroko omenaldia egin zien, sagardoari lotutako erakundeei eta pertsonei. Aurtengoan, sagastiak lantzen dituzten nekazariak omendu zituzten. Haien izenean, oroigarria jaso zuen Fruitel elkarteko Antton Mendiak. «Egun handia da gaurkoa guretzat. Sagardogileekin elkarlanean jarraitzeko eta gure sagastien kalitatea hobetzeko konpromisoak tinko jarraitzen du».

Atzokoan, dena den, euskal giroa ez zegoen bakarrik Konstituzio plazan. Loiola kalean, adibidez, kantu kalejira egiten ari ziren. Egunkaria itxi zutenean sortutako ekinbideak gero eta tradizio handiagoa du hirian, eta atzo ere jende ugari batu zen abestera. Aberriaren Mugak, Herribehera, Bagare... Errepertorio mardula osatu zuten. Osteratxoa egiten ari ziren asko, ezin eutsita, batu egiten ziren kantura. Hala gertatu zitzaion Miren Aldalurri. «Oso abesti ederrak dira, betikoak».

Herri kirolek, larrain dantzak, bertso saioak, eta erromeriak osatu zuten atzoko egitaraua. Gaur festak Parte Zaharrean jarraituko du, Kontxako Banderaren lehen jardunaldiari lotuta.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.