Ikasle elbarrien laguntzaileek greba egin dute Baionan

Pobreziaren atalasearen azpitik bizi dira laguntzaileak. Salatu dute lan baldintza prekarioek eragina dutela laguntzen dituzten haurrengan

Ikasle elbarrien laguntzaileen protesta, Baionan. NAHIA GARAT.
Oihana Teyseyre Koskarat.
2023ko urriaren 4a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Akademia Ikuskaritzak Baionan duen egoitzan elkartu dira eguerdian ikasle elbarrien laguntzaileak, FSU-Snuipp eta FO sindikatuek greba egunera deiturik. Dozena bat laguntzaile bildu dira; «guti», antolatzaileen arabera, baina salatu dute lan baldintza oso txarrak dituztela, eta «zaila» zaiela greba egitea.

Laguntzaileak ikasgeletan egoten dira ikasle elbarriak zenbait jarduera egitera bideratzeko, ama eskolatik goi mailako ikasketetaraino. Eskola ordutegietan baizik ez dute lan egiten, eta, horren ondorioz, «lanaldi partzialak» egitera «behartuak» egotea deitoratu dute. Prestaketa lan guzia, gainera, ez da kontuan hartua lan kontratuan. Hala, pobreziaren atalasearen azpitik bizi dira, hilabetean 900 bat euroko lansaria baitute.

Margaux Declerq Baionako Albert Camus kolegioan laguntzailea da, eta lau ikaslez arduratzen da. Lehen aldiz, greba egin du, «leporaino» delako. «Azkenaldian, gauza anitzek kexua eragin didate. Nik ahal bezainbat ordu egin nahi ditut lanean, baina behartua naiz %60ko lanaldia egitera. Eta, gainera, ez dut horren araberako lansaria izan, arazo administratibo batengatik». Kontatu du Gabriel Attal Frantziako Hezkuntza ministroak sari gehigarri bat hitzeman diela laguntzaileei, baina ez dela oraindik etorri.

Egoera berean da Geraldine Baud; bera ere laguntzailea da, eta «lanbidearen etorkizunari begira kezka handia» du. Izan ere, Attalek proposatu du haur elbarrien laguntzaileen eta zaintzaileen lanbideak bateratzea, eta postu bakarra sortzea bi lanbideak batuz. «Gure lanekiko ezjakintasun eta mespretxu handia erakusten du horrek. Ez ditugu batere zeregin berak betetzen, ez da posible». Hark ere arazoak izan ditu lansariarekin: lanaldia doi bat emendatu diote iaztik, baina irailean, iazko lansari bera ukan du, ordu gutiago lan egin balitu bezala.

Baudek eta Declercqek esplikatu dute kontratupeko ordutegia baino ordu gehiago pasatzen dituztela lanean. «Ikasleen inguruko profesionalekin eta gurasoekin koordinazio lana egiten dugu, gure ordutegiak kudeatzen ditugu, klaseak prestatzen ditugu».

FSU-Snuipp sindikatuak, laguntzaileen egoera hobetzeko, funtzionario estatusa ematea eskatu dio Hezkuntza Ministerioari. Ezinbestean, hiru urteren ondotik, kontratu mugagabeak egitea galdegin dute, eta lansariak «nabarmen» igotzea. Eskatu dute, era berean, zaintzaileen eta laguntzaileen lanbideen bateratzea bertan behera uzteko, eta jardunaldi osoko lanpostuak eskaintzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.