Donostiako 69. Zinemaldia. Zuzendari Berriak. KRITIKA

Bitxia

Uxue Arzelus Lasa.
2021eko irailaren 21a
00:00
Entzun
'Le bruit des moteurs'

Zuzendaria: Philippe Gregoire. Herrialdea: Kanada. Iraupena: 79 minutu.

Aduana eskolan lan egiten du Alexandrek, su armen erabilera irakasten. Ikasleekin izandako sexu harremanak direla-eta zuzendaritzak bi astez zigortu duenez, herrira itzuliko da, amaren etxera. Han, bi polizia haren mugimenduak jarraitzen hasiko dira, herriko elizan azaldu diren sexu eszenak zituzten marrazki batzuen egilea delakoan.

Gauza bitxi bat gertatu zait film honekin. Hasieran, istorioaren protagonista laugarren eszenatik aurrera berriro ikusiko ez dugun pertsonaia bat zela uste nuen. Izan ere, filmak hamar bat minutu daramatzan arte ez da azalduko Alexandre. Bada, berandu iristearen sentsazioa izan dut film osoan. Nahastuta, hasi eta buka. Protagonistaren aurkezpena ikustean, ausarta zela iruditu zait; baina zuzendariaren jokoan sartu naiz, eta, beraz, ulertzen ez nituenak aurrerago argitzen joango zirela pentsatu dut. Filma amaitu da, eta ez dut tutik ulertu. Ez dakit zer gertatu den, ez dakit zuzendariak zer azaldu nahi zuen, ez dakit zer zen erreala eta zer ametsa, eta ez dakit zer erlazio zuten azaltzen ziren elementuek. Agian motel samar negoen, baina metaforen eta ezkutuko mezuen bila pasa dut filma, eta, bukatzerako, nire buruan mila teoria zebiltzan bueltaka. Hori bai, ezer ulertu ez badut ere, oso entretenituta egon naiz, eta aktore protagonista mundiala iruditu zait.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.