Iker Iraola Arretxe.
BOZGORA

Trantsizioko bozak

2020ko uztailaren 14a
00:00
Entzun
Begirada guztiak abstentzioan jarrita zeuden, eta bertan egon da igandeko hauteskundeetako lehen azpimarra: Hautesleen %52,8k soilik eman du botoa, Gasteizko legebiltzarrerako bozetan inoizko parte hartzerik txikiena izanik. COVID-19ak eta uda giroak izan dute horretan eragin handia, baina horiek ez dira arrazoi bakarrak izan; izan ere, egun berean Galizian bozak egin dituzte, eta bertan parte hartzeak %5 inguru egin du gora. Abstentzioa xehe aztertu beharko da, beraz, baina lehen azterketa batean azpimarratu beharrekoa da Gasteizen eta Bilbon parte hartzea EAEkoaren azpitik egon izana —bietan ez da %49ra iritsi—, eta, udalerri handien artean ere abstentzioa handia egon izana —Sestaon, Barakaldon, Basaurin (Bizkaia); eta Andoainen, Irunen, Errenterian (Gipuzkoa)—.

Hauteskunde hauetan, hortaz, zerrenda abertzaleei botoa eman dieten hautesleak —ez halabeharrez euren burua abertzaletzat dutenak— aktibatu dira. EAJk aise irabazi ditu, portzentajeak gora eginda, baina aurreko bozekiko ia 49.000 boto galduta. Partaidetzak behera egin arren, EH Bilduk gora egin eta 23.500 boto irabazi ditu. Ezkerreko independentismoaren gorakada nabarmentzekoa da; Araban, batez ere. Historikoki EAJ hauteskunde autonomikoetan agertu ohi da indartsuen; ezkerreko independentisten kasuan, ordea, udal bozak izan ohi dira emankorrenak. Joko zelai horretan, alderdi bien arteko distantzia txikitu egin da, EAJk EH Bilduri 100.000 bototik gorako aldea atera dion arren.

Espainiako Estatuko indarren boto emaileek (PSE, Elkarrekin Podemos eta PP-Ciudadanos) ez dute hauteskunde hauekiko atxikimendu handirik erakutsi, behera egin baitute guztiek, PSEren kasuan jaitsiera erlatiboagoa izan bada ere. Voxeko ultraeskuinak bere gerra propioa egin du, eta jokaldia ondo atera zaio, batez ere, Arabako parte hartze txikiak lagundurik.

Boz hauekiko lotura erakutsi duen soziologiarekin batera, parte hartze txikia ulertzeko nabarmentzekoa da ez dela aldaketaren pizgarri esanguratsurik izan. Kanpainan zehar ez da aukera errealtzat hartu EAJk bozak aise ez irabaztea; eta horrek ere eragina izan du, ziurrenik, parte hartze baxuan. Jeltzaleek bozak irabazteaz gain, gainera, PSErekin batera gehiengo absolutua lortuko zuela ia ziurtzat eman da. Balizko aldaketa bat ekiditeko EAJren eta PSEren aldeko balizko boto erreaktiboa aktibatu ez den bezala, aldaketaren aldeko indarren artean, EH Bildu sendo agertu bada ere, Elkarrekin Podemosen jaitsiera erraldoia izan da, aldaketaren aldarriak indar nahikorik izan ez duen erakusgarri. Espazio politiko horrek 315.000 bototik gora lortu zituen 2015eko Espainiako hauteskundeetan, eta aurreko autonomikoetan ere ia 160.000 eskuratu zituen. Oraingoan, ordea, ez du 72.000 botoen langa gainditu. M-15 osteko zentzu apurtzailetik urrunduz, gaur egun Ezker Batua zenaren hauteskunde indarrera gerturatzen ari da.

Kanpainan zehar ezker-eskuin ardatza nabarmendu bada ere, gaur-gaurkoz errealagoa da aldaketaren indarren artean EH Bildu eta Elkarrekin Podemos kontuan hartzea, eta azken horren emaitza apalak balizko aldaketa baten ahulgune nagusia dira. Abertzaleek emaitza historikoak eskuratu arren, gai zehatzetan izan ezik, EAJren eta EH Bilduren arteko lehia ardatz izango duen legebiltzar baten aurrean gaudela dirudi, biak lehen baino nagusiago baitira orain. EAJk bere helburuak lortu ditu, eta PSErekin batera bilatzen zuen egonkortasuna eskuratu du; eta EH Bildu ere aseturik agertu da, hurrengo lehia batzuetarako posizio onean dagoela jakitun. Aldaketa handirik gabe, beste egoera baterako trantsizioko bozak izan dira hauek.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.