Urkulluk 10.000 milioi nahi ditu ekonomia suspertzeko planerako

Legealdi osorako plan bat iragarri du. Europako laguntzetatik jaso nahi du zati garrantzitsu bat

JAVIER ETXEZARRETA / EFE.
jokin sagarzazu
Donostia
2020ko irailaren 26a
00:00
Entzun
Zuloari neurria jarri dio Iñigo Urkullu Eusko Jaurlaritzako lehendakariak: 10.000 milioi euro. Kostu hori izango du asteartean aurkeztuko duen «berreraikuntza ekonomikorako eta sozialerako» programak. Lau urtekoa izango da, eta COVID-19aren krisia dela-eta galdutako enplegua berreskuratzea eta 135.000 lanpostu sustatzea izango du xede. Urkulluk ez du argitu diru horren jatorria zein izango den, baina Europako laguntzetan jarri du begirada.

Jaurlaritzak bere programa finantzatzeko bi iturri nagusi izango ditu. Batetik, baliabide propioak. Hortik arazo gehiago izan ditzake, zerga bilketan foru ogasunek izaten ari diren arazoak direla medio -iazkoaren aldean, %20 gutxiago batez beste-. Hala, egungo inbertsioei eutsi eta berriak egiteko, gobernuak ezinbestekoa izango du gehiago zorpetzea eta, beraz, defizit muga negoziatzea: %2,6koa izatea adostu zuen Espainiako Gobernuarekin uztail amaieran, baina motz gera daitekeenez, hori berrikusteko aukera zabalik utzi zuten bi aldeek.

Bestetik, Europako Batasunaren Next Generation planeko diru laguntzak aipatu ditu lehendakariak. Baina hor ere Madrilek du giltza eta azken hitza. Horri begira, azaldu du aurki Kontzertu Ekonomikoaren Batzorde Mistoa biltzea espero duela, Espainiako Gobernuak irizpideak argitu ditzan funts horretatik finantzaketa lor dezaketen proiektuak hautatzeko.

Espainiak 60.000 milioi euro jasoko ditu datozen bi urteetan Europako plan horretatik. Jaurlaritzaren asmoa da bere programarentzako zati garrantzitsu bat hortik lortzea. Baina diru sailak ez dira kuota autonomikoen arabera banatuko; finalistak dira, eta Madrilek onartutako proiektu jakin batzuetara joango dira. Jaurlaritzak salatu du horretarako irizpideak ez daudela batere argi, eta susmoa du gobernuak aurrekontuen negoziazioetarako erabiliko dituela laguntza horiek.

Izan ere, Europako laguntzen kudeaketa aurrekontuen bidez egingo du Pedro Sanchezen gobernuak. Datorren urtekoak orain ari da negoziatzen, eta Bruselak datorren urterako jarriko duen kopurua aurreratu beharko du. 2021 urtean Next Generation planetik 20.000 milioi euro lortzea espero du, eta beste 23.000, 2022an.

Dirua, beraz, ez zaio berehala helduko. Gainera, ezinbestekoa da Europak egokitzat jotzea estatuek aurkeztutako proiektuak. Funts horiek entregatzeko, Bruselak lehenik egiaztatu behar du Batzordeak zehaztutako egitasmoetarako direla —digitalizazioa, ekonomia berdea...—, eta martxan daudela. Gerta daiteke, gainera, proiekturen batek aurreikusi bezala aurrera ez egitea; kasu horretan Bruselak ordainketak are gehiago atxiki ditzake.

Proiektuak aurkezteko deia

Jaurlaritzak badaki hori, eta hala ohartarazi zien Arantxa Tapia Ekonomiaren Garapenerako sailburuak, atzo, enpresarien talde bati, Bilbon eginiko foro batean. Diru laguntza horien banaketaren inguruan «zalantzak» daudela berretsi zuen, eta nabarmendu susperraldia ez dela funts horien menpe utzi behar, ez dela krisitik ateratzeko «modu bakarra».

Europako diru laguntzak «ahalik eta ondoena» baliatu behar direla azpimarratu zuen Tapiak. Xedea dela enpresak eraldatzea, eta ez hilzorian daudenen heriotza agiria denbora labur batez luzatzea. Jakinarazi zuen jada «proiektu garrantzitsu batzuk» jaso dituztela, besteak beste, krisian dauden sektore eta konpainiak batzuetakoak, hala nola automobilgintza eta aeronautikakoak. Arlo horietan egitasmoak onartzeko aukera ugari ikusten ditu Tapiak. «Enpresak proiektu garrantzitsuak prestatzen ari dira, batzuek jada aurreikusiak zituzten inbertsioak egiteko; beste batzuek, epe luzeagorako aurreikusia zuten eraldaketa egiteko inbertsioak aurreratzeko». Sailburuak proiektuak lantzeko deia egin die enpresei, eta lehenbailehen egiteko hori, ez itxaroteko ekonomiaren susperraldia nabaritu arte.

ELA: «Propaganda hutsa»

Urkulluren iragarpena kritikatu duenik ere egon da. Mikel Noval ELAko batzorde exekutiboko kidearen ustez, «propaganda hutsa» da. Aurreratutako inbertsioaren kopuruari buruz, Jaurlaritzari galdetu dio ea nondik lortuko dituen 10.000 milioi euroak, diru bilketa behera egiten ari denean, defizitaren muga «nahikoa ez» denean, eta Europako funtsekin gertatzen denaren menpe dagoenean.

Novalen ustez, «argi» dago erantzuna: egun indarrean dauden planen eta diru sailen batura bat baino ez da plana, legealdi osora zabalduta, «lau aldiz biderkatuta». «Alegia, euro berririk ez. Gainera, badirudi murrizketak izango direla, eta horrek enplegua galtzea ekarriko duela».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.