COP26. Francisca Fernandez Droguett. Uraren eta Lurraldeen Aldeko Txileko Mugimenduko kidea

«Ura gizakien eta naturaren eskubidea da»

Klima justiziak feminista izan behar duela aldarrikatu du Herrien Goi Bilera alternatiboak, Glasgown antolatutako mahai inguru batean.

BERRIA.
inaki petxarroman
Glasgow
2021eko azaroaren 11
00:00
Entzun
Herrien Goi Bileraren Bizitza erdigunean, klima justizia feminista baterantz izenburuko mahai inguruan parte hartu zuen atzo Francisca Fernandez Droguett (Paris, 1978) antropologo, militante ekofeminista eta unibertsitate irakasleak. Uraren eta Lurraldeen Aldeko Mugimenduko (MAT) eta 8M koordinakunde feministako kidea kritiko ageri da COP26 goi bilerarekin, hara abiatu diren herrialde askotako agintariek egungo sistemari eusteko baliatzen dutela iritzita.

Klima justizia feministari buruzkoa izan da zuen konferentzia. Zer eransten dio feminista izateak klima justiziaren eskaerari?

Bizi dugun klima eta ekologia krisia merkatuen jarduera historikoaren ondorioa da. Estraktibismoaren emaitza dira uraren, lurraren eta airearen kutsadura eta lurraldeen ebastea. Azken finean, patriarkatuaren jokatzeko modua bera da naturarekiko eta emakumeen gorputzekiko. Zapalkuntza bikoitz horrek ondorio larriak dauzka bereziki kalteberak diren emakume sektoreetan: nekazari, langile eta migratzaileengan.

Klima krisiaren ondoriorik larrienak ere emakumeek pairatzen dituztela frogatu dute ikerketa ugarik.

Estraktibismoak eragindako kalterik gogorrenak emakumeek jasaten dituzte, eta hori Txilen bertan ere ikusten dugu. Emakumeek uraren bila joan behar izaten dute, etxea zaintzeaz arduratzen dira, eta muturreko klimaren ondorioak jasaten dituzten lehenak dira, harresi lana egiten dutelako. Horregatik, garrantzitsua da gogoratzea, klima justizia eskatzen denean ere, genero ikuspegi hau. Guk bizitzaren gainean dagoen edozein zapalkuntza mota kritikatzen dugu, bai baitakigu, zoritxarrez, emakumeak ondorio horien lehen lerroan egon garela. Aldi berean, baina, eraikitzen ari diren alternatiben eta proposamenen tokian tokiko lehen lerroan ere azaltzen dira andreak.

Ura pribatizatuta dago Txilen. Alde horretatik, ez al da munduko beste tokietan gerta daitekeenaren aitzindari bat?

Txilen, kolpe militarraren eta diktaduraren ondorioz, uraren pribatizazioa ere heldu zen, eredu neoliberalaren ezarpenaren erruz. Uraren kodeak arautu zuen Txilen ura eros daitekeela, saldu eta alokatu. Hemen ikus dezakezu nola banatzen dituzten ibaiak enpresa estraktibisten artean.

Txilen dagoen ur eskasia eredu neoliberalak bideratzen duen arpilatzearen ondorioa da. Horregatik, prozesu konstituziogilean buelta eman nahi diogu egoera horri. Eta gure helburua da konstituzio berriak ura aitortzea giza eskubide gisa, baina baita naturaren eskubide gisa ere. Nekazaritza industria handiak, meatze ustiaguneek eta obra hidrauliko erraldoiek eragindako kalteen aurka babestu nahi dugu natura, eta aitortu arpilatze horrek eta pribatizazioak eragin dutela uraren urritasuna eta sakrifizio guneetatik alde egin behar izatea.

Ur horniduraren arazo hori larritzen arituko da, gainera, klima krisiarekin.

Jakina. Ziklo hidrologikoak aldatzen ari dira. Txile erdian eta iparraldean ur gutxiago dago, eta hori nabari da, jakina. Baina, ez dugu ahaztu behar Txilek glaziarrak dituela, eta, horri esker, ur biltegi itzelak. Beraz, uste dugu egoerari buelta eman diezaiokegula, borondate politikoz, eredu neoliberala irauliz eta gogoratuz irtenbideak daudela. Klima aldaketa sektore ekonomiko eta politiko batzuen ondorioa da, ez norbanakoen ardura. Ez genuke amarru horretan erori behar.

Zer pentsatu zenuen entzun zenuenean Wall Streeten ura kotizatzen hasi dela?

Etorkizuneko gizateriaren krisirik latzena izan daiteke hau. Txilen badakigu zer den ura salgai, erosgai eta alokagai egotea. Asko kezkatzen gaitu eredu hori orokortu ahal izateak. Ura, bizitzaren emaile eta sortzaile gisa, izaki bizidun guztien sostengu ezinbestekoa da. Hori ezin da esku pribatuetan utzi.

Pentsalari ekofeministek ohartarazia da hegoalde globalean klima injustiziak askoz ere eragin latzagoak dauzkala emakumeentzat. Zer egin daiteke?

Txilen, adibidez, litioaren ustiaketa ustez garapen iraunkor baten izenean egitean ari dira, lehengai hori ezinbestekoa delako mugikortasun elektrikorako eta autoen bateriak egiteko. Baina norentzat dira bateria horiek? Iparralde globalarentzat. Litioaren ustiaketa guneak suntsitzen ari dira Txileko iparraldeko, Argentinako eta Boliviako lurralde ugari.

Bestalde, iparralde globala hornitzeko jokaleku ekonomiko horretan, nekazaritza industriak lurrak antzutzen ditu, pestiziden erabilera masiboaren ondorioz, eta ur iturriak agortzen. Dinamika kolonial zaharberrituak besterik ez dira hauek, migrazio prozesu mingarrien sortzaile.

Beraz, trantsizio energetikoa fosilismoaren dinamika zaharretan oinarritzen ari da, entzun dizudanagatik.

Hain zuzen ere. Hegoalde globalaren zapalkuntzan eta lapurretan oinarrituta egiten ari da trantsizio energetikoa. Trantsizioa ezin da oinarritu lurraldeen eta gorputzen suntsiketan, ezin da oinarritu herriei irtenbiderik uzten ez dieten meategi proiektu erraldoietan eta nekazaritza transgenikoan. Europan debekatuta dauden jokatzeko moduak eta jarduerak hemen erabiltzen ari dira non-nahi.

Prozesu konstituziogile batean murgilduta dago Txile. Zuk zeuk modu aktiboan parte hartu izan duzu haren zenbait fasetan. Zer itxaropen duzue jarria hurrengo urtean amaitzekoa den proiektu horretan?

Kontraesanezko sentimenduak sortzen dizkit. Batetik, itxaropena: irteten dena irteten dela ere hobea izango baita diktadurak utzitako konstituzioa baino. Txile munduko herrialde bakarretakoa da diktadura amaitutakoan konstituzioa aldatu ez zuena. Hona iritsi gara gizarte mobilizazioari esker, eta, horregatik, eskura dugu aldaketa.

Baina, bestetik...?

Bestetik, kontraesanak dauzkat. Zeren ez baitaukagu batzar konstituziogile bat, hauteskunde logikaren araberako konbentzio bat baizik. Esan behar da, hala ere, pertsona asko, herri mugimenduetakoak, indigenak, feministak, horretan ari direla lanean. Ahizpa maputxe bat da presidentea, izan ere. Muga asko daude, eta jabetu behar dugu horretaz: estatu arrazistak izugarrikeriak egiten ditu oraindik maputxeen lurraldean, herriak militarizatuz, konbentzio betean. Duela zenbait aste maputxeak hil egin dituzte. Beraz, hori dena presente izan beharra daukagu espektatibak egiteko garaian.

COP26 amaitzear da, eta agerikoa da, berriro ere, mendebalde aberastuaren eta hegoalde pobretuaren arteko arrakala. Oraindik ez da osatu Parisko Hitzarmenean agindu zuten herrialde pobreentzako diru poltsa. Zer deritzozu horri?

Pentsa, aztarna ekologiko itzelak eginez hegazkin pertsonaletan Glasgowra heldu diren presidente horiengandik zer espero dezakegu? Gizateriarentzako irtenbideak bilatu beharko lituzkete, eta zera egiten dute: euren agintea erabili eredu honi eusteko. Ez daukate borondate politikorik, zibilizazio aldaketa bat eskatzen baitu horrek, beste eredu ekonomiko bat, eta haiek ez daude prest euren pribilegioak galtzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.