martxelo otamendi
Katalunia. Independentziara bidean. Analisia

Errotan jiraka

2013ko abenduaren 13a
00:00
Entzun
Puzzle ariketa eman lezake, aurreneko begiratuan, atzo Katalunian galdeketa egitearen aldeko alderdiek aurkeztu zuten akordioaren puntu nagusiak. Alegia, galdeketak bi galdera edukiko dituela; ez delako ohikoa horrelako galdeketetan bi galderako planteamendua egitea.

Gehiengo zabala eta lasaia bildu nahi izan dute galdeketaren sustatzaileek, ICV-EUiA alderdia akordiotik kanpo uztea arriskugarria izan zitekeelako.PSUCeko ondorengoek tarta politikoan ez dute leku handirik hartzen, baina nahikoa gehiengoa marrazteko. Estatu hutsaren galdera ICV-EUiArentzat, eta independentziarena ERC eta CUPentzat.

Estatua independentziarekineta independentzia estatuarekinlotzeko joera logikoa daukagu askok, eta horregatik nahasgarria izan liteke; baina datorren urteko azaroaren 9 arte nahiko denbora badaukate Sí-Sí-ren aldekoek. Bi bider bai, sendoagoa da behin bakarrik esanda baino.

Lehen galderan estatuaren alde bozkatuko dutenen artean, zenbatek bozkatuko du estatu independente baten aurka bigarrengoan? Askok ez, estatua den Katalunia baina independentea ez dena zertarako nahi duzun galderaren erantzuna erraza ez delako. Horregatik dago lasai ERC, estatuaren alde bozkatuko duten gehien-gehienek independentziaren aldeko botoa emango dutelako.

Baina egingo al da galdeketa? Orain arte Espainiako Gobernuak erakutsi duen jarrerarekin, ezinezkoa ematen du. Oso bulartsu ibili dira orain arte Madrilgo agintariak, katalanak heldugabe kuadrilla bat balira bezala tratatuz. Errotari itzulika segituko du, edo galdeketaren aldekoena erronka bat ez baino plan serioa dela ohartuta, aldatu egingo du estrategia?

Galdeketaren aldekoek urtebete daukate Katalunia, Espainia eta Europako iritzi publikoari eta diplomaziari erakusteko saiatu direla galdeketa itaundua egiten, baina ezinezkoa izanda, haiek antolatuko dutela bere aldetik erreferenduma.

Espainiako Gobernuak dauka orain arazoa, bere logikari segituz indarrez galerazi beharko duelako galdeketa, Europan homolagarria ez den jarrera erakutsiz; are okerrago Eskoziakoa bi hilabete lehenago normaltasunez egiten bada.

Jokaleku horretara iritsita, galdeketaren aldekoek ez dute konfrontazio fisikoa bilatuko herritarrak izutu eta haien aurka itzul litekeelako. Zer egin orduan Espainiako Gobernuak edo justiziak galdeketa galerazten badu? Kataluniako Parlamentua bertan behera utzi, hauteskundeak deitu, eta estatu independentearen aldekoek gehiengoa osatzen badute, independentzia aldarrikatu Parlamentua osatzen den egun berean. Nazioarteko legitimotasuna edukiko dute egiteko, katalan herritarrenaz gain.

Ez da plan txarra independentziazaleentzat. Galdeketa debekatu ondorengo hauteskundeetan gora egingo du independentisten kopuruak, dudan zeudenek garbi ikusiko dutelako zaila daukatela Espainian.

Galdera praktiko bat. Independentziaren aldeko portzentajea non da altuagoa, galdeketa itaundu batean edo galerazitako erreferendum baten ondorengo hauteskundeetatik aterako den Parlamentuan?Parlamentuan, askoren ustez dudarik gabe. Hortaz, galdeketa galeraztea independentziaren aldeko gehiago sortzeko makina martxan jartzea litzateke.

Baina hori ez zaio axola errotan jiraka dabilenari.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.