Osasun langileen protestak

Lan eskaintza publikoetan Osakidetza egiten ari den «lardaskeria» salatu dute

Kexu dira etsamina egin behar dutelako berriro, aurreko LEPean posturik finkatzea lortu duten jakin gabe. «Erreta» daudela esan dute

Langileak atzo manifestazioan, Donostian. JON URBE / FOKU.
arantxa iraola
Donostia
2023ko otsailaren 11
00:00
Entzun
Protestak egin zituzten atzo osasun langileek Donostian, Bilbon eta Gasteizen. Arloko sindikatu guztiek bat egin zuten deialdian, eta xede nagusia izan zuten Osakidetzak martxan dituen LEP lan eskaintza publikoetan dagoen «kaosa» salatzea. Aldarrien artean, maizen errepikatu zuten hitza «lardaskeria» izan zen, kudeaketa oso «txarra» dela argudiatuta. Erizain, erizain laguntzaile, jagole, mediku... Osakidetzako kategoria guztietako langileak elkartu ziren protestetan.

Donostiako mobilizazioan adierazpenak egiten aritu ziren langileetako bat Maitena Larrañaga erizaina izan zen, SATSE sindikatuko ordezkaria: «Gaur arrazoi bakar batengatik gaude hemen: Osakidetza LEPen kudeaketa penagarria egiten ari da». Horra haserrearen motiboetako bat: «Lehengo urtean lan eskaintza publiko bat izan genuen, eta milaka langilek lanpostu bat aterako dugu hor, baina, Osakidetza oposizio hori ebazteko gai ez denez, ez dugu jakingo, eta orain beste oposizio bat antolatu du, eta behartuta gaude, nahiz eta lanpostu bat izan aurrekoan, berriro aurkeztera». Uste dute ez dela aintzakotzat hartzen azterketa horien guztien atzean dagoen «sufrimendua»; onartezina iruditzen zaie Osakidetzak berak aurreko deialdia «ebatzi» ez duelako orain milaka langile egoera horretara bultzatzea.

Aterabiderik gabeko kalezulo batean sentitzen dira behin-behineko langileak. Izan ere, behartuta daude oposizio guztietara aurkeztera, baina guztiz bidegabea iruditzen zaie etsaminak prestatzen jardun beharra aurreko LEPa oraindik «ebatzi» gabe dagoenean. Osakidetzak horren harira eman dituen argibideekin ere suminduta daude: «Esaten ari dira ez direla operatiboak aurreko oposizioak ebazteko; ez daukatela gaitasun operatiborik horretarako. Alegia, gu behartzen gaituzte gure bizitzak hankaz gora jartzera, hurrengo oposiziorako prestatzera, berriz ikasten jartzera, eta beraiek ezin dute ebatzi aurreko oposizioa?». Guztiz «erreta» daude langileak egoera horrekin, eta hortik mobilizaziook: «Mesedez, pandemia bat pasatu dugu, eman dugu eman genezakeen guztia. Jendea zaindu, langileak zaindu. Ez dut uste hain zaila denik oposizio bat ondo bukatu eta hurrengoa hastea».

Formakuntzari buruz

Badituzte kexurako beste motibo batzuk ere. «Orain deitu duten deialdi honetako oinarriak guztiz baztertzaileak iruditzen zaizkigu. Esaterako, soilik formakuntzako azken hamar urteak hartzen dituzte kontuan», salatu zuen Larrañagak. «Kontuan izan behar dugu pandemia bat bizi izan dugula: igaro bi urteotan, langileok ez dugu astirik izan formatzeko».

Era berean, uste dute oinarri horiekin ez direla aintzat hartzen haurrak izan ostean lanean edo trebakuntzan etenak egin behar izan dituzten langileen egoerak. «Guk, erizainok, adibidez, karrera egiten dugunetik formakuntza bat jasotzen dugu, eta gero beti jarraitzen dugu trebatzen». Prozesu oso hori aintzat hartuko duen oposizio eredu bat nahi dute. Protestekin jarraitzeko asmoa dute. «Hurrengo asteazkenean Gasteizera joango gara, eta jarraitu egingo dugu».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.