Ezinezkoa da Iruña-Veleiako 400 grafitoak faltsifikatzea

Edward Harris
2015eko azaroaren 28a
00:00
Entzun
Iruña-Veleiako grafitoekin loturiko gai guztiak ulertzea ezinezkoa egiten zaidan arren, egiaztatu ahal izan dut era negargarrian kudeatu dutela agintariek auzi hau, eta kudeaketa txar horren ondorioz indusketan jardundako zenbait arkeologo oso profesional difamazioaren eta irainaren menpe daudela.

Ez da arkeologoa izan behar objektu arkeologiko horiek benetakoak direla onartzeko, faltsuak direla aldarrikatzeko erabili dituzten argudioak zentzugabeak baitira logikaren eta adimenaren ikuspegitik. Ohiko faltsutzaileek ez dute horrela jokatzen, eta, gainera, ez da ikusten zertatik etor zekiekeen onura ekonomikoa edo bestelakoa antzinako grafitoak egiten hasi eta 400 «maisulan» egin bide dituzten arkeologo horiei. Auzi hau desgrazia ikaragarria da arkeologiaren lanbidearentzat Euskal Herrian, Espainian eta, azken batean, Europan. Egon behar du moduren bat Eliseo Gili, Idoia Filloyri eta era doilorrenean faltsutzailetzat hartu dituzten beste arkeologoeiberen izen ona eta lana itzultzeko, ez baita ahaztu behar ez zutela inolako arrazoirik edo eragingarririk tamaina horretako iruzur bat egiteko arkeologiaren komunitateari, eta, azken batean, mundu osoari.

Pertsona horien aurkako difamazioak ez du aurrekaririk arkeologian, eta esatera ausartuko nintzateke inoiz ez dela hain bortizki jo bizirik dagoen arkeologo indusketari baten aurka, batez ere 1960ko hamarkadan hasten den aro modernoan, metodo estratigrafikoa sortuz geroztik, oinarrizko metodo zientifikoa delakoa, indusketa arkeologikoetan erabilia izateko. Charle Lyell geologo handiak behin esan zuen bezala, estratifikazioa izaki zientifikoa da, iraganaren erregistro inpartziala; eta arkeologoak aztarnategia ongi induskatu badu, arkeologoak berreskuratu egingo du sekuentzia arkeologikoa (gizakiaren eskuek ukitu gabea), bere DNA, nahiago bada.

Nire ustez, faltsutze on eta oso bat egiteko faltsutzaileek tokiaren erregistro estratigrafikoa ere faltsutu beharko zuketen, baina kontua da badirudiela Iruña-Veleiako kasuan arkeologoek oso lan ona egin zutela erregistro inpartzial hori, sekuentzia estratigrafiko objektibo hori berreskuratzeko orduan, eta sekuentzia horri begira egin behar direla tokiaren analisi guztiak, eta aurkitutako gauzenak ere bai.

Gilek eta Filloyk hainbat lubakitako sekuentzia estratigrafikoak berreskuratu dituzte Iruña-Veleian, eta kontua da eurek baieztatzen badute «faltsifikazioak» sekuentzia horietako leku horietan aurkitu dituztela, objektu horiek «egia» dira, eta sekuentzia estratigrafikoaren eta tokian aurkitutako beste objektu eta ebidentzia fisiko batzuen bidez datagarriak. Beste gauza bat iradokitzea, kontuan izanda 400 objektu aurkitu direla grafitoekin aztarnategian, zera izango litzateke: langintza horretan jardun duten pertsona guztiak parte hartu dutela iruzurrean, lubakietan lan egin duten indusketari xumeenetatik hasi eta bulegoetako langile eta zaharberritzaileetaraino.

Esaten den bezala 400 «faltsifikazio» horiek gauzatzeko behar den trebezia eta jakintza sorta ikaragarria ikusita, Iruña-Veleiako arkeologoek arkeologia modernoko jeniorik handienak izan beharko zuten, eta ondorioz beren lurraldeko unibertsitate katedra onenak eman beharko zitzaizkien, beren lanbidetik egotziak izan beharrean, irudimenak ezin antzeman dituen arrazoiengatik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.