Donostiako 70. Zinemaldia. Sail Ofiziala. KRITIKA

Ez bata eta ez bestea

Andoni Imaz.
2022ko irailaren 21a
00:00
Entzun

'Pornomelancolía'



Zuzendaria: Manuel Abramovich. Aktorea: Lalo Santos. Herrialdea: Argentina. Iraupena: 94 minutu.

Bitasuna agerikoa du Pornomelancolía dokufikzioak; bitasun bikoitza, izenetik eta generotik hasita: pornografia eta melankolia, dokumentala eta fikzioa, dena nahasian ageri da Manuel Abramovichen filmean, eta bi ikuspuntutatik erakusten ditu Lalo Santos influencer eta aktore pornografikoaren bizitzako pasarte batzuk. Batetik, haren intimitatea dago, filmaren lehen irudiek ezin gordinago laburtzen dutena: joan-etorri korronte baten erdian, jendez gainezka dagoen kale batean, negar batean ari da Santos. Horren antzekoak dira atzetik datozen beste irudi barnerakoi batzuk, baita amarekin duen telefono bidezko harreman urria ere. Bestetik, Santosen irudia daukagu, telefonoarekin bere buruari grabatzen diona, sare sozialetan zabaltzeko, eta bideo pornografikoetan filmatzen dutena, beste gizon batzuekin sexu harremanak dituenean. Dantzaleku bateko eszena labur batek azaltzen du ondoena batetik besterako aldea: bakarrik dago, itxura goibelarekin, eta aurpegia aldatzen du bere sareetako milaka jarraitzaileri zer ondo pasatzen ari den kontatzeko.

Kontua zera da, ordea: Santosen intimitateko irudiak ere zinemaren bitartez iristen zaizkiela ikusleei, eta irudi horien planteamenduak gutxi duela melankoliatik, edozein espresiotatik eta sakontasunetatik ihesi dabiltzala ematen baitu.

Filmaren abiapuntua interesgarria da, pornografiaren munduak bereziki aproposa ematen duelako Interneti, norbere irudiaren esplotazioari eta maskara birtualei buruz hitz egiteko, baina pelikularen azaleko egiturak eta eszenaratze pobreak ez diote tarte askorik uzten gaien inguruko gogoetari eta pertsonaiaren garapenari. Azkenean, konplexutasun guztia pornografia ez bereziki irudimentsu baten eta pasarte pertsonal mekanikoen artean desegiten da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.