Ana Laura Alaez. Artista

«Zure patua idatzita ez dagoela onartzeak bizitza osoa aldatzen dizu»

Sortzaile bilbotarrak 30 urtean egindako artelanak bildu ditu 'Kontzertu guztiak, gau guztiak, dena hutsik' erakusketan. Agerikoak dira haren ildo artistiko eta ideologikoak: feminismoa eta 'queer' teoria, kasurako. Bizipen jakinetatik abiatuz osatu ditu lanak.

MONIKA DEL VALLE / FOKU.
amaia igartua aristondo
Bilbo
2021eko ekainaren 6a
00:00
Entzun
Ana Laura Alaez artistarentzat (Bilbo, 1964), eskultura elementu malgua da, erabat itxita ez dagoen pieza. Bere karrera artistikoa jasotzen duen Kontzertu guztiak, gau guztiak, dena hutsik erakusketa ordenatzeko, ideia hori hartu du aintzat: Bilboko Azkuna zentroko aretoan obrak etengabe lekualdatu ondoren, garai ezberdinetako lanek elkarri eragin diezaioten lortu du. «Denboraren eta espazioaren kontzeptuak ezeztatzea izan da nire intentzioa».

Erakusketak 30 urtean egindako lana laburbiltzen du. Halere, gatazka duzu ibilbide hitzarekin.

Ez dut sinesten ibilbide kontzeptuari eman zaion goranzko izaeran. Kontzeptu patriarkala dela uste dut. Niretzat, arteak ez du zerikusirik behetik gorako bide batekin, ezta jenioaren kontzeptuarekin ere; norberaren deabruei aurre egitean datza. Artistak bere patuari aurre egitean izaten dituen borroketan, aurkako bide asko sortzen dira, gorantz doan lerro horren kontrara.

Arte Ederrak ikasi zenituen garaia konplikatua izan zen ekonomiari dagokionez. Familiarentzako dirua lortzea zen ikasketak hautatzeko irizpidea; baina zuk artea aukeratu zenuen. Egoera horrek hasieratik baldintzatu zuen zure jarduna?

Harro diot langile klasekoa naizela. Baina nire familiak ez nau babestu: momentu horretan ez zuten ulertu ni bezalako norbait Arte Ederren fakultatean sartu izana. Beka bati esker hasi nintzen bertan; bulkada bat izan zen: jada ez nuen ezer galtzeko; itsu-itsuan sartu nintzen, helbururik gabe, nahiz eta irudimen naturala izan, nolabait esatearren. Nik oso presente nuen etorkizun ezaren ideia; garai hartan, nire belaunaldikoek oso presente zuten ideia hori, oro har.

Krisi ekonomikoaz gain, politikoki ere garai gatazkatsua izan zen. Egoeratik ihes egiteko modua izan zen artea, edo, kontrara, are gehiago murgiltzekoa?

Biak. Arraroa iruditu lezake esaten badut harro nagoela garai hori bizi izanaz, baina zorioneko sentitzen naiz, bizi nuen horrek guztiak bizitzarekiko intentsitate bat sortu zidalako, oraindik ere nire adierazpenen forman dagoena. Intentsitate hori nire parte da, eta jada ez da desagertuko. Gatazka politikoa ikustea, generoari zegokiona... emakumearen egoera... egoerarik ez zuela ez esatearren, subjektu ikusezin bat baitzen. Fisikoa gailentzen zen artean, bere buruaz seguru dagoen subjektua.

Zure eta zure artearen parte da, era berean, 80ko urteetako Bilboko paisaia industriala.

Egia esan, bai. Orain jendeak Bilbo bisitatzen duenean, uste dut ezin duela imajinatu nolakoa zen garai horretan: paisaiak Blade Runner pelikula gogorarazten zuen, fluor koloreko kea botatzen zuten tximiniak zeuden... Paisaia industriarekin lotuta zegoen, gure belaunaldikoen gurasoen egoerarekin: seme-alabei bizitza hobea ematen saiatzen ari ziren, baina beti lanaren bitartez. Ondorioz, lana ere nire artearen parte da. Andre oso langilea naiz, lanean sinesten dut, formari edo forma ezari aurre egitean; lan hitzak dakarren horretan sinesten dut.

Emakumearen egoera aipatu duzu. Feminismoak hasieratik izan zuen eragina zure lanean.

Bai, feminismoa ez gauza teoriko moduan ulertua, baizik eta zure gorputz lengoaian, pertsonak tratatzeko moduan... islatzen den zerbait dela ulertuta; batez ere, nik zuzenean aurre egin behar izan diodalako beti ukazioari, hala familia giroan nola ingurunean, nire patua marraztuta egongo balitz bezala. Emakumeari ustez egokitu zaion patu hori ezabatzea: hori da feminismoa niretzat.

1992an egin zenuen pieza batek, Mujeres sobre zapatos de plataforma obrak, andreen pertzepzioaz eta ezabaketaz dihardu: zapatak eta ileordeak daude, baina, haien artean, hutsunea. Ordutik nola aldatu da emakumeekiko pertzepzioa?

Zorionez, belaunaldi berrientzat aldatu da, baina oraindik bide luzea dute egiteko. Pandemiaren krisiaren ondorioz, erne egon behar dute, susmoa baitut historian krisi bat dagoen bakoitzean atzera egiten dela. Orduan, emakumearen eskubideak berriz jartzen dira zalantzan. Eta uste dut gazteak ere asko estigmatizatzen direla halako garaietan; gazteak eta emakumeak.

Estigmatizazioaren ildotik, erakusketan Pantalón preservativo (1992) dago, hiesaren pandemiaz egindako lana. Nola bizi izan zenuen garai hori?

Arte Ederretako karrera bukatu eta, ia berehala, New Yorkera (AEB) joan nintzen. Aireportura iritsi bezain laster, ongi hartua sentitu nintzen. Izan ere, unibertsitateko gizonezko irakasle batzuek esaten zidaten egiten nuena oso ondo zegoela, baina ez zela artea; hara heldu, eta baieztapen hori bat-batean ahaztu nuen. Nirekin bat zetorren jende pila ezagutzen hasi nintzen; lagun horietako batzuk ni baino zaharragoak ziren, energia sexualaren leherketa zoragarria bizia zuten aurretik, eta bazirudien gaizki portatu izanaren ondoriozko zigor jainkotiarra zela hiesaren pandemia, erlijioak esan bezala. Oso mingarria izan zen, norbait gaixotzen bazen lagunek ere kutsatzeko beldurra izaten baitzuten. Haien lekukotzek asko hunkitu ninduten. Nik ez nuen zuzenean bizi, baina heldu nintzenean heriotza krudel horien oihartzuna zegoen, baita afektuaren ukazioa ere, kasik, kutsatzeko beldurragatik. Ni hara heldu nintzen besteen kulturaz eta begiradaz kutsatzeko asmoarekin, eta giroa erabat kontrakoa zen.

Queer teoriak ere blaitzen du zure obra. Performatibitatearen teoria eskultura egiteko prozedurari ere aplikatzen diozu, ez baituzu emaitza gauza zurrun moduan ikusten; oinarrietatik eraldatu eta moldatu daitekeen zeozer dela deritzozu. Gainera, gogortasunaren kontzeptu maskulinotik aldentzeko, sarritan arropa erabiltzen duzu material gisa.

Beti eduki izan dut queer kontzeptu oso propioa. Zure patua idatzita ez dagoela onartzeak bizitza osoa aldatzen dizu; ez dut inoiz sinistu gure definizio mugiezin batean, eta hori nire lanera eramaten dut. Nire esperientzia gorabehera, ez dakit eskultura zer den, apenas dakit ezer: gero eta gutxiago dakit. Eta zenbat eta esperientzia gehiago izan, orduan eta ondorio gutxiago ditut. Niretzat, hori da queer kontzeptua: identitatea auzitan jartzea, baina baita gorputza, lengoaia, hizkera eta abar ere.

Performatibitatearen teoria-k artistaren esentzia auzitan jartzen al du? Dena alda daiteke, mihise zuria zarete, edozer egiteko potentziala duzue?

Uste dut zailena dela mihise zuria zaren usteari aurre egitea. Askatasunaren ideiarekin negoziatu behar duzu: edozer egin dezakezun ustea amildegi baten modukoa da. Gizarteak duen askatasunaren ideiak erabat egiten dio kontra lanari ekitean sentitzen duzunari, nire kasuan behintzat: instintuak gidatzen zaitu; ia atabikoa da. Ez dugu mihise zuri bat, dagoeneko eraikita gaudelako, esperientziek blaitzen gaituztelako; eta hori zoragarria da. Askatasuna queer kontzeptu moduan interesatzen zait.

Zenbait eskulturatan barruko arropa erabiltzen duzu material gisa. Zaurgarritasun sentsazioa areagotzen du horrek.

New Yorken bizi nintzenean, ekuazio erabat logistikoa egin nuen: 'ez dut baliabiderik, ezta lekurik ere: nola egingo dut lan?'. Bizirik iraun nahi nuen, baina garrantzitsua iruditzen zitzaidan nire praktika artistikoa ez abandonatzea. Beraz, hauxe erabaki nuen: 'tamaina txikiagoan lan egingo dut, inguruan ditudan elementuekin; bestela, ezingo dut'. Gainera, asko laguntzen dit txikitik handira lan egiteak, bolumenari dagokionez, ez kontzeptuari: pieza eskuekin abordatu ahal izateak ahalbidetzen dit gero hori tamaina handiagora eramatea. Nire lanaren parte da eskura dudana erabiltzea; baita nire lagunak ere, fotografiatzen ditudanean.

Gorputza ere eskulturarako lehengai gisa erabiltzen duzu.

Noski. Uste dut eskultura eta gorputza lotuta daudela, binomio bat osatzen dutela. Baina gorputza zer den galdetuta betiere: gustuko dut fisikoki daukaguna zalantzan jartzea, ikusten ez diren gauzak agerrarazten saiatzeko, irudimenezko beste anatomia bat izango balitz bezala. Nire lanari esker, tresna bat dut neure deabruei aurre egiteko. Funtsean, bi dira geure buruari egiten dizkiogun galderak: maitasunari eta heriotzari buruzkoak. Hori baino ez diozu galdetzen zeure buruari, eta, bizitzako momentuaren arabera, ezberdin erantzuten duzu. Nire lanak momentu oso jakinei emandako erantzunak dira; arteak duen gauza ederretako bat da hori: gertatutakoen arrastoa uzten du. Baina orain ezingo nituzke pieza horiek egin.

Atzera begirako-ak iradokitzen duenak bertigoa ematen dizu?

Erabat. Artista baten atzera begirakoa egiten denean, ematen du artelan horiek sakratuak eta biribilak direla, ukiezinak. Nik ez nuen nahi erakusketako piezak izate bakartiak izan zitezen, baizik eta batzuk besteengan barneratu zitezen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.