Albistea entzun
Emakumeen aurkako indarkeriari ez
Emakumeen aurkako indarkeriari ez
Emakumeen aurkako indarkeriari ez

Josu Okiñena. Pianista

«Diasporan gertatzen dena ezagutu behar dugu»

Ikerlari artxibategietan, irakasle Musikenen zein interprete han eta hemen, ildo asko ditu musikari honen jardunak. Enpresari ere bihurtua da, euskal musikarien ondarea berreskuratu eta gizarteratzeko ahaleginean. Hala sortu du OndarE Oficina (OE).
GORKA RUBIO / FOKU Tamaina handiagoan ikusi

Amagoia Gurrutxaga Uranga -

2021eko martxoak 14 - Donostia

Udaletxe aldetik dator Josu Okiñena (Donostia, 1971) Parte Zaharrera, bere auzora. Ttak dakar berekin, 13 urteko txakurra. «Musikenera joan behar dut gero; bi ikaslerekin daukat hitzordua», esan du terraza batean eseri bitartean. Ondoan etzan zaio txakurra. Te berde bana eskatzea eta hizketan hastea, dena bat izan da.

Duela hilabete batzuk zenioen oso emankorra ari zela izaten pandemia egoera zuretzat. Berdina esaten segitzen al duzu?

Zalantzarik gabe. Zentratu egin naiz, eta sakondu egin dut ikerketan. Geneukan normaltasunean, hainbeste bidaia, hegaldi eta kontzerturekin, geurekiko lasai egoteko ere tarterik ez dugu izaten, eta sorkuntza hortik dator. Pianoa jotzeko, ikerketa egiteko, zeure buruarekin hitz egin behar duzu, erabaki artistikoak zein zientifikoak hartzeko eta, gero, partekatzeko. Horregatik, niri primeran etorri zait sentsazio hori edukitzea eta lantzea, inoiz baino gehiago ekoizteko. Errepertorio berria ikasten eta ikerketa egiten ari naiz inoiz baino gehiago. Denbora daukadalako.

Erabaki artistikoak eta zientifikoak aipatu dituzu. Musika-zientzia binomioa sarri aipatu ohi duzu.

Musika eta zientzia bateraezinak direla diote batzuek, eta, eztabaida hau hasi baino lehen, eurentzat zientzia zer ote den galdetuko nieke. Behin hori adostuta, hitz egingo dugu. Zientziari buruz hitz egiten dugunean, askotan metodo zientifikoarekin nahasten dugu. Metodo asko dago zientzia egiteko, baina zientzia definitzeak zail izaten segitzen du.

Zer da zientzia zuretzat?

Batzuentzat, zientzia metodo enpirikoa da soilik. Nik errespetatzen dut, baina niretzat zientzia jakintza berri bat da, metodo batekin sistematizatuta eta emaitza komunikatuta, komunitatearekin kontrastatu ahal izateko. Bada denbora Karl Popperrek hori esan zuela.

Medikuek bi kontzeptu bereizten dituzte: zeinua eta sintoma. Zeinua da beraiek ikusten dutena; sintoma da pazienteak kontatzen duena. Medikuak pazienteak dioena entzuten duenean, uste dut hor egoera ondo ulertzeko beste holismo bat dagoela. Dena ez da formula karratu bat egitea bakarrik. «Zer moduz zaude? Konta iezadazu» esateaz ari naiz. «Baina hori ez da zientifikoa», diote batzuek. Eta nik erantzuten diet: «Hori ez da enpirikoa; baina bai da zientifikoa». Jende askok kritikatzen du ikuspegi hau, baina aizu, nik errespetatzen dut euren ikuspegia; errespeta dezatela eurek besteen iritzia. Enpirikoa izatea ez da egia edukitzea, metodo batekin egia bat lortzea baizik. Badaude beste modu batzuk errealitatea ezagutzeko, ez hain arrazionalak. Eta artea ez da arrazionala. Irudimena, sentimendua, beste gauza bat da artea.

Musikari jardunaz gain, OndarE Oficina ere abian jarri duzu, enpresari bihurtu zara nolabait. Ez al da gauza askotxo egin behar gaur egun aurrera egiteko?

Gaur gauza asko egin behar da, egia da, baina nire maisuek ere gauza piloa egin zuten beren garaian. Testuinguruak zeharo ezberdinak dira, haiena eta gurea, baina haiek kristoren lana egin zuten. Ni, adibidez, irakasle, interprete eta ikertzaile naiz, baina behar bezala jotzeko ikerketa behar dut; dena da bat. Eta gero, kristoren zortea eduki dut nik proposatutako proiektuan sinesten duen jendea topatzen. Horiei esker izan da posible OndarE aurrera ateratzea. Badira hiru urte konturatu ginela beharrezkoa zela zentratzea Euskal Herriko ondarean.

Ordurako, zu ari zinen hango eta hemengo ondarearekin zerikusia zuten proiektuetan.

Eskuizkribuetatik hasi nintzen lanean, haiek aztertzen; gero, publikazio batzuk egin, eta konturatu nintzen nik egindako lanak ziklo osoa ixten zuela, eta Euskal Herrian ondarea altxor bat dela benetan eta oraindik deskubritzeko dagoela.

Aita Donostiak Parisko argitaletxeekin sinatu zituen kontratuak. Garbizuk ere gauza asko konposatu zituen Frantzia mailan. Guridik Scolla Cantorumen ikasi zuen, baina gero Madrilera joan zen... Orduan, garbi ikusi nuen hori zela bidea: benetan sortzea proiektu bat non Euskal Herriko musika publikatu ahalko zen, baina ez bakarrik liburuetan edo partituretan, baizik eta euskarri berrietan ere. Eta editatutakoa grabatzeko, zigilu bat sortzea pentsatu genuen, berezia. Hala jaio zen Ondare Music.

Eta hala jaio da Batura zikloa ere, behin partiturak editatuta eta diskoak Ondare Musicen argitaratuta, kontzertuak programatzeko.

Ondare hau oraindik ezkutuan egoteko arrazoi gisa, behinolako testuinguru politiko, ekonomiko eta soziala aipatu izan duzu. Zertaz ari zara, zehazki: frankismoaren jazarpenaz edo beste zerbaitetaz?

Frankismoaz ere ari naiz, dudarik gabe, jazarpen hori benetakoa izan zelako eta hori beti hor izan delako. Baina bada beste kontu bat ere: arteak, oso ona baldin bada, behar ditu urteak bere lekuan izateko.

Musika mota horrek gizartean gero eta pisu gutxiago ez ote duen, baina, urteen joanarekin...

Dena da erlatiboa. Pandemia egoera honetan asko akordatu naiz, esaterako, nire piano irakaslearekin, Maria Curciorekin. Napolikoa zen hura, eta Bigarren Mundu Gerran nola bizi izan zen etorri zait gogora sarri. Karrera osoa bukatu berri harrapatu zuen gerrak, eta, judu batekin ezkondua zelako, Herbehereetako kontzentrazio esparru batera eraman zuten. Umea galdu zuen han, tuberkulosiarekin. Beti pentsatzen dugu egoera gero eta gogorragoa dela, baina, haiek eduki zutena zer zen? Nire irakasle Felix ere... Madrilera joan zen pianoa ikastera, eta goseak bizi zen. Zenbat jendek ikasten zuen musika garai hartan? Zenbat jendek dauka aukera ikasteko gaur egun? Egia da beti mitifikatzen ditugula beste garai batzuk, baina ze gogorra izan zen ere gure herri honen ondarea defenditzea edo berreskuratzea, garai batean... Gaur egun, posible da.

Berreskuratze lan hori hartu eta musika jasoa sortu zuten Aita Donostiak-eta, nazioarteko korronteei bizkar eman gabe.

Hor dago koxka: Aita Donostia, Garbizu eta enparauek herriko artea bildu zuten, erro folklorikoak jasoz eta bilatuz, eta, beren hizkuntzari uko egin gabe, beren garaiko nazioarteko hizkuntzarekin solasean jarri zituzten. Hori zoragarria da. Eta berria. Eta beti izango da berria; obra horretan beti izango da esanahi berri bat aurkitzeko.

Diasporako musikagileak ere ari omen zara ikertzen.

Hego Amerikan eta AEBetan bira batzuk egin ditut, eta Uruguain sentsazio izugarri berezia eduki nuen behin: Punta del Esten kontzertu bat eman nuen, euskal musika jotzeko, eta gogoan dut emakume batek 300 kilometro egin zituela, Chui hiritik, ni entzuteko. Eta partitura batzuk ekarri zizkidan. Kontzertu hartan esan nuen: «Euskal Herriko musika zabaltzeko etorri naiz, eta hemen ari naiz ikasten zer den Euskal Herriko musika». Euskal musika ez baita Euskal Herrian bakarrik konposatutakoa. Diasporan euskal musika dago, eta asko. Txileko Viña de Marren, adibidez, Hilario Olazaran de Estellak konposatutako pieza batzuk aurkitu nituen. AEBetan ere lan berriak topatu nituen, eta Mexikon, eta Kuban... Nazioartean konposatutako euskal musika da hori.

Noizko horien inguruko lana?

Laster-laster aurkeztuko dut zerbait, horretan ari naiz orain buru-belarri. Diasporan egiten dena Euskal Herrian ezagutu behar dugu. Normalean, pentsatzen dugu Euskal Herrian sortzen edo ezagutzen duguna dela euskal kultura, eta hori baino askoz zabalagoa da. Hector Tosarrek, Tomas Mujikak, Emiliana Zubeldiak eta bestek sortu zuten musika aurkitzen duzunean, Euskal Herriko erro folklorikoak erabiliz eta Hego Amerikako aireekin nahastuz... Aita Madinak konposatutako dantza kreol bat aurkitzen duzu, eta hori ere euskal kultura da. Zoragarria da beren mentalitateak zabaltzeko eta gogoetatzeko erakutsi zuten gaitasuna, beren testuinguruetako musika berriak ezagutzeko. Horiek ikertzea oso lan polita ari da gertatzen. Gigi Arrizibita ere ezagutu dut. Haurrentzako pieza batzuk konposatu zituen emakume hark, Uruguain. Eta jakiten duzu Emiliana Zubeldiak Nicanor Zabaletarekin astero irratsaio bat egiten zuela euskal kultura ezagutarazteko, eta hunkitzen zara. Beste mundu bat da.

Zein izango dira zure hurrengo kontzertuak?

Ekainean bat daukat lotuta hemen. Gero, Quebecen eta Hungarian programatuta nago. Quebecen, zehazki, uztailean, baina auskalo. Egun batetik bestera aldatzen dira gauzak gaur egun. Nik neukan ibilbidea ez dakit noiz berreskuratuko dudan. Ikertzen segituko dut.

Eta zein izan da ikusle gisa joan zinen azken kontzertua?

Egberto Gismonti brasildarraren emanaldi bat; Londresen ikusi nuen. Brasilgo erro folklorikoak latin jazzarekin nahasten ditu. Jazza asko gustatzen zait. Erlaxantea iruditzen zait.

Heavya ere gustatzen al zaizu?

Ez. Ez dut ulertzen, eta ez zait gustatzen. Benetan esaten dizut.

Zuk 15-20 urte zenituenean hemen pil-pilean zegoen rock mugimendua nola bizi izan zenuen?

Zaila da erantzutea, garai hartan New Yorken nengoelako. Han bi urte egin ostean, beste sei egin nituen Londresen. Hor eten handi bat dago niretzat, 19 urte nituenetik 27-28 bete arte, eta betirako edukiko dut. Ez hemen, ez han, errorik ez nuela sentitzen nuen garai hartan. Horixe izan zen zailena.

Asko irakurtzen al duzu?

Bai. Baina nobelarik ez. Saiakerak-eta irakurtzen ditut. Asko maite dut filosofia. Behar dut. Pandemia honetan Kantek idatzitako Lo bello y lo sublime irakurri dut. Crítica del juicio-rekin hasi nintzen, eta altxor bat iruditzen zait. Asko gustatzen zait halakoak irakurtzea, sakontzea. Azkenean, dena lotuta dago: musika ondo ulertzeko, bere garaiko filosofia ezagutu behar duzu, eta beste arteak ere bai, giro horretan aritu zelako konpositorea. Arkitekturan egitura bat dago, obra musikalean ere bai; pinturan koloreak daude, eta kolore horiek gero soinuan aurkitu behar dituzu. Orduan, mundu fantastiko bat da, benetan ezagutu beharrekoa norbera aberasteko. Maite dut nire lana.

Eta irakasle rola nola bizi duzu?

Izugarri gozatzen dut, ikasle bakoitza desberdina delako. Nik une oro jakin behar dut ikasleak nola ikas dezakeen; estrategia bat aurkitu behar dut hark ikasteko. Horretarako, bakoitza nola dagoen eta zergatik ari den ondo ulertu behar dut. Kontua ez da nik irakastea, ulertzen? Askoz zailagoa da irakasleentzako, baina alferrik da inori ezer erakustea, ikasteko prestatuta ez badago.

Zugana datozen ikasleek nolako harremana dute gure musika ondarearekin? Etenik ba al dago?

Bada, begira, harrituta nago erabat, gero eta ikasle gehiago ari delako aukeratzen euskal ondarearekin harremana duten lanak bere ikerketetarako, master bukaerako lanetarako eta. Garbizuren kontzertua, adibidez, nire ikasle batek aurkitu zuen, Jon Makusok. OEn argitaratu berri dugu hark egin duen edizio kritikoa. Beste ikasle bat, Itziar Vargas, Pascual Aldaberi buruz ari da ikertzen. Beste bat Olazaran de Estellari buruz ari da. Beste batek Tomas Mujikari buruz egin zuen lan oso ederra.

XXI. mende globalizatu honetan, normala ere bada identitateari eutsi beharra. Gaur egun asko hitz egiten da iraunkortasunaren paradigmaz, ekologia ikuspegitik, eta hor ere jasota dago ondarea berreskuratu beharra. Jende askori ahaztu egiten zaio hori ere sartuta dagoela paradigma horretan. Gizarteak behartzen zaitu zeure ondarea galtzera, baina jendea horren bila dabilela sentitzen dut nik, zalantzarik gabe. Azken batean, zer gara? Nortasun bat. Ez bagara gure hizkuntza, gure musika, gure beste gauza asko, hau McDonald's bat litzateke, eta kito.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

Durangoko Azokarako prestaketa lanak, Landakon. / ©Jon Urbe, Foku

Txandaka, baina Landakon

Ainhoa Larretxea Agirre

Txanda sistema sortu dute Landako gunean eta Plateruenan sartzeko. Txanda bakoitzean 1.200 lagun sartuko dira, eta egunean bortz izanen dira.

Aurten ere BERRIAk postu bat izango du Durangoko Azokan. / ©Marisol Ramirez, Foku

Uzta berria ondu du BERRIAk

Ainhoa Larretxea Agirre

Besteak beste, Joan Mari Torrealdaik zendu aitzinetik idatziriko azken liburua eramango du BERRIAk Durangora: 'Egunkaria, gizarte zibilaren arrakasta'.

Berri Txarrak-en liburuaren aurkezpena Ahotsenean, 2019ko Azokan. / ©Marisol Ramirez, Foku

Azokari arnasa ematen diotenak

Ainhoa Larretxea Agirre

Zazpi espaziok osatzen dute Durangoko 56. Azoka: Ahotsenea, Irudienea, Talaia, Kabi@, Saguganbara, Azoka TB eta Szenatokia. Ahotsenean egiten diren aurkezpenak zuzenean emango ditu Azoka TBk

Nerea Mujika Gerediaga Elkarteko zuzendaria eta Leire Urbeltz artista, kartela eskuetan. / ©Monika del Vall, Foku

Iraganari erreferentzia eginez

Ainhoa Larretxea Agirre

Leire Urbeltz artistak egin du Durangoko Azokako kartela, aurten. Kili-kili aldizkariko pertsonaia nagusia egokitu du queer ukitua emanda.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Izan BERRIAlaguna

Zure babes ekonomikoa ezinbestekoa zaigu euskarazko kazetaritza independente eta kalitatezkoa egiten segitzeko.