Espainiako Gorteetarako hauteskundeak. Biharamuna. Pilar Garrido. Elkarrekin Podemos

«Beti esan dugu ardura falta zela berriro bozetara joan nahi izatea»

Garridok aitortu du Elkarrekin Podemosen emaitzak ez direla «bikainak» izan, eta Mas Pais aurkeztu izana eta ezkerreko herritarren «nekea» aipatu ditu horren arrazoi gisa.

JAGOBA MANTEROLA / FOKU.
gotzon hermosilla
2019ko azaroaren 12a
00:00
Entzun
Hego Euskal Herrian, Elkarrekin Podemosek diputatu bat izango du herrialde bakoitzean, Bizkaian zituzten bietatik bat galdu ostean. Pilar Garrido (Badajoz, Espainia, 1966) izango da Gipuzkoako ordezkaria.

Zer irizten diezue Elkarrekin Podemosek izandako emaitzei?

Bizkaian diputatu bat galdu dugu. Aurreikustekoa zen, kontuan izanda MP Mas Pais han aurkezteak zer eragin izan zezakeen. Beraz, ez dira emaitza bikainak, baina egia da abagunea oso konplikatua zela, eta horrek indar abertzaleen mobilizazioa errazten zuela. Arazoak arazo, badirudi oinarri sendoa dugula eta, Miren Gorrotxategi diputatu hautatu ez izana alde batera utzita, eutsi egiten diogula.

Hain handia izan al da Mas Paisen eragina?

Datuak hor daude, eta, horren argitara, begien bistakoa da, gehitzeko baino gehiago, banatzeko balio izan duela Mas Pais aurkezteak. Estatuan, esaterako, UP Unidas Podemos eta MPren botoak gehitzen baditugu, Voxek baino 35.000 boto gehiago ditugu, eta, hala ere, Voxek baino hamalau diputatu gutxiago ditugu hauteskunde sistemaren ondorioz. Horiek zenbaki hutsak dira; zoritxarrez, MPk ez du gehitzeko balio izan. Ez da kasualitatea guk diputatuak galtzea batez ere MP aurkeztu den barrutietan.

Badirudi hauteskundeetara joateko erabakiak ez diela mesederik ekarri ezkerreko esparruko alderdiei.

Ez, eta horregatik esan dugu beti ardura falta itzela zela berriro hauteskundeetara joan nahi izatea, herritarrek ez zutelako hori nahi. Bagenekien Kataluniako prozesuaren epaia hor egongo zela, momentu konplikatua izango zela, eta horrek, ezkerreko jendearen nekearekin batera, ez zuela ondorio onik ekarriko. Guk hori bagenekien, baina PSOEn uste dut harriturik egongo direla: haiek uste zuten hauteskundeak berriro egiteak onura ekarriko ziela eta diputatu gehiago lortuko zituztela. Herritarrek ez dute erosi nahi izan PSOEk inposatu nahi zuen kontakizuna.

Zer pentsatzen duzue Voxen gorakadaz?

Boz hauetako albisterik txarrena da hori. Inkestek horrelako zerbait iragartzen zuten, baina beti dago inkestak oker egoteko aukera. Tamalez, ez da hala izan: hirugarren indar politikoa alderdi faxista, matxista eta xenofobo bat da, eta horrek oso egoera okerrean jartzen gaitu.

Eta horri nola egin behar zaio aurre?

Nire ustez, gakoa da herritarren beharrei erantzutea, horixe baita eskuin muturraren sorburua. Eskuin muturrak irtenbide antidemokratikoak proposatzen ditu, eta horri proposamen demokratikoak eta aurrerakoiak kontrajarri behar zaizkio.

Aurrerantzean, koalizio gobernuaren proposamenari eutsiko diozue?

Koherenteak izango gara orain arte esan dugunarekin. Auzia ez da guk koalizio gobernua nahi dugula; bozek erakutsi dute gizartea gero eta konplexuagoa dela, eta abagune horretan bakarka gobernatu nahi izateak ez dio erantzuten errealitate horri.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.