Pastor
DARWIN ETA GU

Ziklo menstruala

2019ko otsailaren 23a
00:00
Entzun
Hilekoaren emotikonoa onartu du Unicode erakundeak. Mundu osoko emakume taldeek ongietorria eman diote erabakiari, hilekoaren tabua hausten lagunduko duelako, baina horietako asko ez daude ados hautatutako irudiarekin. Izan ere, hilekoaren sinboloa odol tanta bat izango da.

Lau astean behingo odol-jarioak lotsa edo estigmatizazioa sortzen du, oraindik ere, munduan. Zenbait lekutan tenpluetan sartzea debekatzen zaie andrazkoei hilekoa dutenean—erlijioa eta emakumearen menpekotasuna: bikote polita—. Beste batzuetan, neskei ez zaie ezer ere azaltzen. Hilekoa lehenengoz dutenean gaixotu egin direla uste dute.

Hilekoa emotikonoetan azaltzeko kanpaina 2017an bultzatu zuen Plan International erakundeak. Ikerketa bat egin zuen, eta hainbat datu esanguratsu bildu zituen: Erresuma Batuko 14 eta 21 urte bitarteko nesken %48 lotsatuta daude menstruazioa dutenean. Neska gazteen %40k komuneko papera erabili behar izan dute inoiz hilekoa izan dutenean, produktu higieniko egokiak erosteko dirurik izan ez dutelako. Hilekoari lotutako sintoma kezkagarriak dituzten nesken %79 ez doaz medikuarengana. Lotsatuta daude, eta kontua puzten ari direla esango ote dieten beldur dira. Sendagilea gizonezkoa bada, handiagoa izaten da errezeloa.

Plan Internationalek hilekoaren emotikonoa sortzeko lehiaketa antolatu zuen, tabuari aurre egiteko. Kulero zuriak odolarekin agertzen ziren irudiak irabazi zuen. Horixe bidali zioten Unicoderi —emotikono berrien zerrenda osatzen du erakunde horrek, urtero—. Unicodek, kuleroen emotikonoa baztertu, eta odol tantarena aukeratu zuen. Tira, hobe odol tanta bat erabili Japoniako bandera baino, erantzun zuten emakume batzuek, ironiaz.

Hilekoaren zikloari buruzko lehen pelikula Walt Disneyk egin zuen, 1946an. The Story of Menstruation animazio filmak 10 minutuko iraupena du. Informazio zientifikoa ematen du, nahiz filmeko odol-jarioa ez den gorria, zuria baizik. Pelikulan hilekoaz ez lotsatzeko esaten zaio neska gazte bati. Hori entzunda, aurpegia alaitzen zaio nerabeari, ispiluaren aurrean. Neska apain-mahaiaren aurrean baitago —non, bestela?— pinpirintzen —zertan arituko da, bada?— munduaren aurrean polita izateko —zertarako, horretarako ez bada?—. Euskal Herri penintsularrean 70eko urteetan telebistan hedatzen zuten iragarkiaren mezua ez zen hobea: neska bat, lotsatuta, amarengana joan eta: «Mamá, ya». «Mamá, ya, zer?», galdetzen zuen ikusleak. Jarraian konpresa baten markaren izena agertzen zen pantailan. Eta orduan neskaren lehen hilekoa zela ondorioztatzen zuen.

Emakumeen eta gizonen arteko harremanei eragiten die hilekoak. Nesken edozein gorabehera emozional gutxiesteko edo barregarri uzteko balio dezake odol-jarioaren etorrerak —«Hilekoarekin egongo da»—. Larrutan ez egiteko arrazoia izan daiteke: «Gogoa daukat gaur, baina neska hilekoarekin dago. Kaka zaharra!». Neska batek lehen hitzordua atzera dezake, egun horretan «bisita» izango duela ohartuta. Beste egun bataukeratuko du, badaezpada ere —lehen hitzorduan sexu harremanak izaten diren elkartzeak ez dira soilik filmetan gertatzen—. Izan ere, ez dira gutxi egun horietan erreparoak dituzten emakumezkoak. Kontrakorik ere badago: mutilarengandik espero duen maitasun frogarik handiena hilekoak iraun bitartean sexu orala egitea dela adierazi zuen emakume batek, erreportaje batean.

Quim Monzoren El perquè de les coses liburuko ipuin batek gizon eta emakumeen arteko harreman zoroak deskribatzen ditu. Haien gurari, gustu eta umore aldaketek zurrunbilo labainkorrean sartzen dituzte. Grmpf, Pti, Xevi, Mari, Toni, Anni eta, berriz, Grmpf etaXevi amodio-karruselean abiatzen dira ziztu bizian, haien egonezinaren gatibu. Bukaeran, Eric eskoziarra agertuko da, Katalunia aldera joan dena Fiona astebetez ahazteko. Ipuina denbora tarte labur batean kondentsatua dago, eta epe horretan izan daitezkeen egoera emozional ia guztiak azaltzen ditu, abiadura handian. El cicle menstrual titulua du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.