Albistea entzun

DARWIN ETA GU

Gazte dira gazte

Jose Mari Pastor -

2021eko irailak 25

Ipar Euskal Herriko gero eta gazte gehiago euskara ikasten ari direla idatzi du Michel Feltin-Palas-ek L'Express aldizkarian. Haren ustez, euskara bultzada ederra ari da hartzen Euskal Herri kontinentaleko gazteen artean. Fenomeno hori ulertzeko, hiztun berrien artean pizten ari den pertenentzia sentimendua aipatu du kazetariak.

Ondo dago sentimendua, baina hortik aurrera, zer? Dena sentimenduen mende utzi behar dugu? Eta sentimendu hori espainiarra eta frantsesa dutenak, zer? Bihotzetik ezpainetara. Horixe dio euskararen alde aspaldi abiarazitako kanpainak. Hiztun komunitatearen borondatea nabarmendu nahi du leloak, atxikimenduaren garra pizteko. Hala ere, aurkako joerak eta axolagabekeria gainditu ezean, zakarretara joateko arriskua du euskarak. Onuragarria eta ezinbestekoa da herritarren atxikimendua, baina besterik ere behar dugu.

Izan ere, maitasuna ez da nahikoa izango hizkuntzaren erabilera normalizatzeko, erakunde publikoek euskalduntzearen aldeko benetako politikak sustatzen ez badituzte. Boluntarismo hutsetik harago joan behar dugu. Espainian edo Frantzian bizi diren herritar guztiek, bertakoak izan edo ez, espainiera edo frantsesa maite dute ala? Ez derrigorrez. Erdara etxeko hizkuntza izan dute umetatik. Han eta hemen arazorik gabe erabili ahal izan dute hizkuntza. Nonahi. Kanpotik bertara joan diren pertsonek hizkuntza ikasi behar izan dute bizitzan aurrera egiteko. Ezinbestean. Espainiarrak eta frantsesak normaltasun osoz mintzo dira haien hizkuntzaz. Komunikazio tresna izan dute betidanik. Ez dute Korrika antolatu behar hizkuntza normaltzeko eskatzeko, lau haizeetara aldarrikapenak hedatzeko. Baina erne bazterrak! Ez debekatu, eragotzi edo oztopatu haien mintzaira erabiltzea. Orduan bai komediak. Zenbat espainiar ez dira, bada, kexu, Mallorcara joan eta zenbait lekutan alemana baizik ez dutelako entzuten?

Hizkuntzaren gaia pil-pilean dugu berriro. D ereduaren porrota aipatzen ari dira. Ados. Hala izanik ere, bitxia da herritar eta hedabide askoren jarrera. D ereduak ez duela funtzionatu esaten dute. A eta B ereduak ez dituzte kritikatzen, ordea. Zergatik? Ederki bete dutelako helburua: euskara gure gizartean bitxikeria, apaingarria izatea, bertoko umeei bertoko hizkuntzaz moldatzeko gaitasunik ez eskaintzea. Hortaz, hezkuntza sistema osoak egin du kale. Edo ez, auzia beste ikuspegi batetik aztertzen badugu, betaurrekoak aldatuta: arrakasta lortu du. Gizartean eta eguneroko bizitzan espainieraren inposizioaren eta euskararen ez-inposizioaren bidez erdararen nagusitasuna bermatu nahi zutenek arrakasta lortu dute. «Hezkuntza sozialisten eskuetan utzi genuen, guk Ekonomia, Ertzaintza-eta hartu genituen», esan zuen buruzagi jelkide batek 90eko urteetan, afalosteko berriketa arin batean. Alegia, dirua, finantzak, alderdiak kudeatuko ditu. Hezkuntza sistema erdaltzaleek diseinatzen badute, zer egingo diogu, ba. Ez gara orain orduko erabakien ondorioak jasaten ibiliko?

D ereduaren porrotari buruz idatzi berri du Bizkaiko egunkari batek. Artikuluak 400 iruzkin baino gehiago jaso ditu. Horietako asko «euskararen inposizioaren kontra». Batzuk kexatu egiten dira gure hirietako zenbait lekutan arabiera nagusi delako. Ez dute ezer esango Donostiako hainbat aldetan espainiera jaun eta jabe delako, euskararen kaltetan. Kutsu arrazistako adierazpenik ere bada. Artikuluko argazkian Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza sailburua ageri da, Gasteizko eskola bati eginiko bisitan. Irakurle baten hitzetan, harekin dauden umeak kanpotarrak dira, itxuraz: «Bildarratz etxean euskaraz egiten duten umeekin».

Horretaz ari garela, susmo bat —ez dago inkesta publikorik, baina ez dut uste erratuko naizenik—: adierazpen horiek idatzi dituzten irakurle ugarik Jaurlaritzan dugun alderdi bati ematen diote botoa. Esan horiei, bada, euskarak bihotzetik ezpainetara joan behar duela. Euskararen bidea «uzkitik zakarretara» dela erantzungo dizute.

Asko balio du irakurri duzun albiste/artikulu honek. Talde baten lanaren emaitza da.

Albiste hau zuri helarazteko eta talde honek bere lana baldintza egokietan egin dezan, BERRIAk ezinbestekoa du zure sostengua.

Zure babes ekonomikoarekin, aldi hau kontatzeko funtzioa betetzen jarraitu nahi dugu: kazetaritza konprometitu, kalitatezko eta independentea egiten.

Albiste gehiago

Eusko Jaurlaritzako lehendakari Inigo Urkulllu eta Hezkuntza sailburu Jokin Bildarratz, Leioako (Bizkaia) Txomin Arretxe ikastetxean. / ©Aritz Loiola, Foku

Gaur amaituko da Hezkuntza Legeari zuzenketak jartzeko epea

Irati Urdalleta Lete

Ikusteko dago EAJren eta PSE-EEren zuzenketek zer jasoko duten hizkuntza ereduei buruz. Euskal Eskola Publikoaz Harro plataformak agerraldia egingo du, mobilizazio bat iragartzeko

Behatokiko zuzendari Agurne Gaubeka eta Euskalgintzaren Kontseiluko idazkari nagusi Idurre Eskisabel, atzo, Iruñean. ©IÑIGO URIZ / FOKU

Kontseiluak eta Behatokiak salatu dute ez dela betetzen hizkuntza gutxituen euroituna

Ion Orzaiz

Kontseiluak eta Behatokiak salatu dute Espainiako eta Hegoaldeko erakundeak ez direla ari betetzen hizkuntza gutxituen ituneko konpromisoak. Txostena helaraziko diete Europako adituei

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...

Izan BERRIAlaguna

Zure babes ekonomikoari esker, gure funtzioa betetzen jarraituko dugu egunero:
jendearen galdera eta kezkekin bat egingo duen kazetaritza bat egiten.