begona del teso
EPPUR SI MUOVE

Zinemaldiaz harago

2021eko irailaren 17a
00:00
Entzun
Zuetako askok agian ez duzue sinetsi ere egingo, baina Donostian bertan jende saldo batek ez daki gaur hasi, hasten, hasiko dela Zinemaldia. Zin dagizuet. Hitza eman ere.

Are gehiago, bada Donostian bertan oraindik ere festibalik ote den galdetzen dizunik. Goiz-goizean tropelean, elastiko marradunez (zuri-urdina, jakina asko) jantzita, lauhazka korrika egiten duen makina bat kirolarik oraindik pentsatzen du birusak zeluloidea jan duela. Betiko.

Ez dut, benetan diotsuet, gaizki hartzen. Nik badakit, ordea, Olinpiar eta Paralinpiar Jokoak izan direla. Badakit Ligak aurrera egiten duela. Badakit Messik jada ez duela elastiko blaugrana janzten. Badakit Mbappek ez duela Madrilen arrautza-suspilorik jango. Momentuz. Badakit Mikel Landak utzi egin zuela Espainiako Itzulia. Badakit bihar Aguilera zelaian Racing 92en kontra arituko dela B.O. Badakit Arraun Lagunak taldean jo ta fuego jarduten duten neskak, Andrea Astudillo patroi zutela, txapeldun izan zirela Kontxan.

Idatzitako guztia ez dut idatzi postureo harroxko batean, baizik eta pentsatzen dudalako badirela uni/meta/multi bertso honetan jakin beharreko huskeria batzuk. Hala nola Donostian badela Zinemaldi bat.

Ez, idatzitakoa ez dut izkiriatu sasijakintsuaren plantan. Ez. Baliteke inbidiak jota idatzi izana. Zoragarria izan behar du Donostian SSIFF 69.a badela jakin ez eta Errenteriako Niessen aretoan pausatu ahal izatea, Halloween Kills filmaren helduera iragartzen duen afixaren aurrean belauniko. Belauniko bertan Jamie Lee Curtis dagoelako. Belauniko, afixa horrek uda laster pasako den modadela frogatzen duelako. Eta uda bukatu orduko ailegatzen da udazkena, itsasoak zakar egiten du salto malekoi guztien gainetik eta hildakoak hasten dira maletak prestatzen Gau-Beltzarako.

Inbidiaz idazten dut badagoela jendea Zinemaldirik dela ez dakiena. Horiek guztiek oraindik baitute aukera hiriburutik kanpoko hainbat saltoki-guneetako aretoetara jotzeko eta ustekabe galant-galanta den GunpowderMilkshake filmaz gozatzeko. Zin dagizuet Tarantinoren Kill Bill-eko emaztegaia bera makurtuko zela soldatapeko hiltzaileak diren emakume presto horien guztien aurrean...

Ederra deritzot Donostiako Zinemaldiaren berri eta beharrik ez izate horri. Hala izanik, aukera izango genuke astelehenean Baionarako bidea hartzeko. Tren geltokira iritsi bezain pronto, abiatuko ginateke Saint Esprit auzoko karriken artean, horren biziki maite dugun Atalante saloia muga. Ailegatu orduko, Kantuen kontrabandista kaminoetako fimaren lehenbiziko bi atalen aurrestreinaldiaren testigu, lekuko eta konplize ginateke. Atsegin osoz.

Zinemaldia existitzen ere existitzen dela ez bageneki, agian, Iruñean edo Bilbon ginateke gaur, Denis Villeneuveren Dune ikusten. Edo eztabaidatzen. Edo inspirazio, ardatz, iturri den Frank Herberten nobela erosten. Edo nolakoa ote Alejandro Jodorowskik amestu bai baina eratu, eratu ez zuen bertsioaz ezbai sutsuan Katakraken kanpoko kupela baten inguruan...

Izan ez bagenu SSIFFaren inguruko soberako, demaseko informazioa, igual ikusita izango genuke atzo Bilbon aurkeztu zen Los acordes de la memoria dokumentala. Bertan, Raul Madinabeitiak, Jose Ramon Soroiz bezalako jende fina konplize, zera kontatzen digu: akaso, batek daki, musika lagungarria gerta liteke, adinean aurrera egin ahala, memoriaren galera urrundu edo baretu ahal izateko.

Bitxia zenbat gauza zeluloidezkoz gozatuko genukeen Zinemaldirik ez balego. Edo izan bada ere. Miarritzen bagaude, esaterako, ez ahaztu Nora eta Akelarre direla ikusgai.

Bai, badago jendea Donostian Zinemaldirik dagoela jakitun ez dena. Pena, jende horrek La Polla Recordsen omenaldi sutsuan egindako No somos nada galduko dute-eta. Gaur bertan. Baita Jane Birkinen eta Charlotte Gainsbourgen arteko solasaldi gazi-gozoa ere. Eta Titane, eta…

Iritsiko dira Zinemaldirik gabeko gau eta egunak, baina irudiak iraungo du zutik. Mugimenduan. Inork ez badaki ere.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.