'Munduko Poesia Kaierak. Alfonsina Storni'

Itsasoa besarkatu baino lehen

Egilea: Alfonsina Storni. Itzultzailea: Uxue Alberdi. Argitaletxea: Susa.

2017ko ekainaren 4a
00:00
Entzun
«Harriaren ondoan jaio nintzen, mendi baten magalean, primaderako goizalde batean, lurra, loaldi luzearen ondoren, berriro ere lorez koroatzen ari zela. Jaiotzeaz bat, amak balada zaharrak kantatuz ehundu zizkidan lehen arropak, etxeko ogiak bere usain familiarra hedatzen zuen gure etxe zaharrean, eta nire anaiek olgetan ziharduten pozarren. Alfonsina jarri zidaten izena: arabieraz, edozertarako prest dagoena».

Alfonsina Stornik (Capriasca, Suitza, 1892-Mar del Plata, Argentina, 1938) bere buruaz beste egiteko itsasoa besarkatu zuela idatzi eta musikatu zuten Felix Luna idazleak eta Ariel Ramirez pianistak, mito erromantikoa plagiatuz. Gerora, ospetsu egingo zuen Mercedes Sosak Alfonsina y el mar kanta mitikoan. Alta bada, Stornik askoz ere gauza gehiago egin zituen itsasoa «besarkatu» baino lehen, edo bertsio errealistagoak dioenez, Mar del Platako Emakumeen Klub Argentinarraren harri-lubetaren kontra burua bota baino lehen. Edozertarako prest bizitzen uzten ez zion minbizi batek barruak hartua zizkion ordurako, eta mito erromantikoa areagotzeko, poeta, lagun eta maitale Horacio Quirogaren suizidioak utzi omen zion bakardadea izan zen mundua uzteko beste arrazoi bat. Halere, Storni poeta handia zen ordurako, lehenetariko poeta proto-feminista, gizonek erabat itotako gizarte batean, emakumeek iraun behar bazuten portaera matxistak, edo «birilitatezkoak» plagiatu behar baitzituzten.

Susa argitaletxeak Munduko Poesia Kaieren 20. zenbaki borobila aukeratu du Storniren bertso modernistenak edo bere bizitzako azken garaietako ilunenak plazaratzeko. Uxue Alberdiren itzulpena oso lortua eta arriskutsua da, poeta onek bezala sortu egiten baitu Storniren berben eta ideien unibertsoa literalki jarraitu beharrean, batez ere soneto moldeetan edo errimaren aginduak hauspo poetiko erakargarriagoa eskatzen duenean. Hala nola, Naizen hau poeman: «Begien gainean naiz hiltzen,/ txori bizien gisan baditut sentitzen,/ une batez, nire hatz zurien azpian hegoak astintzen./ Ezagun dut liluratzen eta ulertzen duen mintzoa/ eta badakit isiltzen ilargia gorantz badoa/ erraldoi eta gorri amildegiez gaindi».

Storniren lanak, noiz edo noiz naiftasun dramatiko baten jabe, garai hartarako ezohikoa zen ausardia erakusten du. Haren gaiak maitasuna eta emakumearen errealitatea dira, nagusiki; askotan neurosiak jotako pertsonalitate baten barruan giltzapetutako poeta baten aurrean aurkituko gara. Horren lekuko dira Hitz lepomoztuak bezalako harribitxiak: «Odolustua ni zuengan,/—anartean sortu gabeak—/ mundu honetako eta besteko sareak,/ ilargierdiak,/ arrain mamiz soilduak,/ hegobako txoriak,/ suge hezurgabetuak.../ Ez barkatu,/ bihotz».

Askok eta askok Storniren maskulinitateari gorazarre egin arren, halabeharrezko maskulinitatea nolanahi ere, poeta argentinarraren muinean askatasun egarria nabarmendu daiteke, baita azken garaiko poema ilunenetan ere. Aske eta berezi sentitzeko grinak akuilatzen baitu Storniren poemagintza, modernismo estetizista baten mugak gaindituz. Mito bihurtu dute kanta baten oihartzunaz Storni, alta bada, poeta haragizkoa zela agertzen dute haren poemek, haren suek eta itsasoek. Mundua eta poesia uzteko askatasuna ere erabili baitzuen. «A, mandatu bat:/ hark telefonoz berriz deitzen badu,/ esaion ez tematzeko, kanpoan naizela...».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.