Euskarazko fikzio berri bat aterako du EITBk datorren urtean

Irailaren 1ean hasi ziren grabatzen, eta azaroan amaituko dute. Jon Plazaola, Nerea Mazo eta Itziar Atienza izango dira protagonistak

Jon Plazaola, Nerea Mazo eta Itziar Atienza, EITBren euskarazko fikzio berriaren pertsonaia nagusiak. EITB.
Olatz Silva Rodrigo.
Bilbo
2022ko irailaren 18a
00:00
Entzun
Euskarazko fikzio berri bat ari da prestatzen EITB. Irailaren 1ean hasi zituzten grabaketak, eta azaroan amaituko dituzte. Zortzi atal izango ditu, eta datorren urtean estreinatuko dute. K2000 (The Mediapro Studio) ekoiztetxeak sortu du lan berria.

«EITBn gazteentzako telesailak daudenez —esate baterako, Goazen eta Irabazi arte—, publiko orokorrarentzako lan bat egin nahi izan dugu, helduentzat ere izango dena», azaldu du Pedro Fuentes exekutiboaren laguntzaileak. Gidoigintza taldearekin egon zen hasieran, kastinak ere berak egin ditu, eta orain coach moduan dabil, aktoreak laguntzen. «Izenburuaren hausnarketarekin gabiltza, baina oraindik ez dugu ezer adostu», aitortu du.

Grabaketaren lehenengo asteak badira ere, Fuentesek aitortu du «oso gustura» daudela orain arte egindakoarekin. Gauza bera dio protagonistetako batek, Jon Plazaola aktoreak: «Asko geratzen da oraindik, baina sorpresa oso polita izaten ari da». Plazaolarekin batera, Nerea Mazo eta Itziar Atienza izango dira pertsonaia nagusiak. Plazaolak oraindik ez du asko grabatu haiekin, baina «gogotsu» dago, hiruren artean «kontu ederrak» egiteko aukera izango dutela uste baitu. Horrez gain, gainontzeko pertsonaiekin gozatzen dabilela aitortu du: «Istorio guztiaren enborra Itziar, Nerea eta nire pertsonaiek osatzen baldin badute ere, adar oso aberatsak ditu zuhaitz honek». Jon Mendia eta Nerea Garmendia izango dira beste pertsonaietako bi.

Surf eskola batean girotuta dago, eta harreman pertsonalek pisu handia dute, Fuentesen hitzetan: «Emozioz betetako lana da, hunkigarria». Thrillerra ere bada, istorioak intrigara jotzen baitu. Fikziozko herri batean kokatuta dago. Orain arte, hainbat tokitan egon dira grabatzen: esate baterako, Plentzian (Bizkaia).

Zailtasunik handiena uretan grabatzea izango dela aitortu dute biek. «Itsasoa ezin da moldatu, guk moldatu behar dugu; itsasoak agintzen du», adierazi du Plazaolak. Hala ere, uste du emaitza «ikusgarria» izango dela.

Lan euskaldunen garrantzia

Plazaolak ez du inoiz euskarazko telesail batean aktore gisa parte hartu. Horregatik, «berezia» da harentzat: «Gogo handia neukan euskarazko fikzioa egiteko; lan egin eta gozatzea da orain egin behar dudan bakarra».

Nahiz eta telesaila euskaraz izan, Antonio Diaz Huerta zinemagile eta gidoilari madrildarra ari da zuzendari lanetan; ez da euskalduna, baina hori ez da arazo bat, Fuentesen irudiko. «Eskarmentu handiko gizona da, eta ni beti nago haren alboan aktoreekin euskara lantzen». Plazaolarentzat, «abantaila» da zuzendaria aktoreen mugimendu eta intentzioei begira egotea, Fuentesek euskararen esparrua kontrolatzen duen bitartean: «Bien artean talde ona egiten dute». Nolanahi ere, zuzendariaren ezagutza nabarmendu du exekutiboaren laguntzaileak. «Antonio surf munduan aditua da, eta hori oso positiboa da guretzat».

Euskarazko fikzioa kontsumitzeko nahia areagotuz doala dio Plazaolak. Horregatik, eskaintza handitu behar dela uste du, eta euskarazko edukia normalizatu. Euskal Telebistan eta plataformetan euskarak protagonismo handiagoa irabazi behar duela azpimarratu du. Haren ustez, ohituran dago gakoa: «Jendea ez baldin badugu ohitzen euskarazko edukiak izatera, ez ditu eskatuko. Ohitzen badugu, berriz, euskarazko fikzioaren eskaria igoko da».

Estreinaldia oraindik urruti dagoen arren, publikoarengandik harrera ona espero dute biek. «Uste dut adin guztientzako moduko tramak dituela eta publikoa harrapatzeko osagaiak dituela», Plazaolaren arabera. Orain arte grabatu dutena ikusita, Fuentesek uste du oso lan «potentea» aterako dela: «Espero ez dugun serie bat ikusiko dugu ETB1en».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.