Pastor
DARWIN ETA GU

Maitasuna eta hizkuntza

2019ko irailaren 14a
00:00
Entzun
Philippe Lançon kazetari frantsesak Charlie Hebdo aldizkariaren kontrako atentatu jihadistaren ondoren bizi izandakoa azaldu du Le Lambeau(Puska) liburuan. 2015eko urtarrilaren 7an, agerkari satirikoko hamabi lankide tirokatu eta hil zituzten Parisen. Philippe Lançon larri zauritu zuten, baina bizirik irten zen. Esperientzia horren berri eman du bere lanean.

Lançon Bartzelonan izan berri da, liburua aurkezten. Egin dizkioten elkarrizketako batean datu bitxi bat azaldu da. Behin batean, Roberto Bolañok harekin hitz egin nahi zuen, baina beldur zen, frantsesez ez baitzen ondo moldatzen. Anagrama argitaletxeko editore Jorge Herraldek segituan lasaitu zuen orduan idazle txiletarra —2003an hil zen Bolaño—: «Ez kezkatu; Philippek bikain egiten du gaztelaniaz, izan dituen amodio-istorioei esker».

Alemanian bizi den euskal herritar batek, bertako andre batekin 30 urte luzean ezkonduak, txantxetan esan zidan ohea dela hizkuntza arrotz bat ikasteko lekurik onena, mintzairaren bizitasunaz, adierazkortasunaz, berezkotasunaz eta bestez jabetzeko. Badirudi Lançonek —eta Herraldek berak— iritzi bera dutela. Maitasun harremana biderik aproposena izan daiteke hizkuntza ikasteko.

Zer gertatzen da ikasteko dagoen hizkuntza egoera diglosikoan dagoenean, baina? Gure bikote mistoetan, elebiduna eta elebakarra elkartzen direnean, nolakoa izaten da harremana, hizkuntzari dagokionez? Ezagunak dira maitasun lurtarrari esker euskara ikasi duten lagunen kasuak.Halarik ere, esango nuke handiagoa dela egoera horretan izanda euskara ikasi ez dutenen kopurua. Bikotekideen artean espainiera edo frantsesa nagusitu diren kasuak. Estatu arrazoia. Edo ohe arrazoia.

Euskara hizkuntza normaldua balitz, errazagoa izango litzateke borondatezko, maitasunezko ikaskuntza prozesua. Baina errealitateak bestelako irudi bat erakusten digu egunerokoan. Erdaldunak erdaraz maitatzeko aukera guztiak ditu hemen. Euskaldunak, ez. Euskaraz hitz egiten ez dakitenek ez digute euskaraz egiteko aukerarik ematen. Euskara maite ez dutenek ez digute euskaraz maitatzen uzten.

Beste alde batetik, bikotekide biak euskaldunak izanda ere, hain eskura dugu erdara, non batzuetan euskaldunok erdara gehiago ikasten dugun ohean euskara baino. Larrutan egin? Hobe follatu. Kontua da harreman afektibo ez-sexualen arloan ere nagusitu zaigula erdara. Maitea? Bihotza? Laztana? Aitona-amonen hitzak dira horiek. Cariño da oraingo berba -kariño, barkatu-. Kari. Txurri. Egia esan, ez dut halako elkarrizketa bat irudikatu nahi, hamasei edo hogei urteko euskaldunen artean: «Lasai, kariño, gero follauko dogu».

Hizkuntzaren hedapena eta erabilera ez ditugu bermatuta euskaldunok. Bitartean, hizkuntzaren bidezko konkistan segitzen dute erdaldunek. Erasoan. 2013an, elkarrizketa egin zion Al- Jazeera telebista kateak Uruguaiko presidenteari. Pepe Mujica, hain maitatua dena, ez zen oso fin ibili AEBei buruz galdetu ziotenean: «AEBak anitzak dira. Zorionez, gure herrikideak, latinoamerikarrak, gero eta gehiago dira. AEBak elebidunak izango dira laster. Emakume latinoamerikarren sabelak pixkana-pixkanaka konkistatuko ditu. Indartsuagoak dira maitasunean». Olé! Eta erdaldunak harro. Gero, baina, kexatu egiten dira magrebtarrek, ume mordoa ekarrita, euren kultura, erlijioa eta abar inposatu nahi dituztelakoan. Haiek AEBak sabelaren bidez konkistatzeko eskubidea dute. Magrebtarrek Espainian gauza bera egiteko, ez. Eta andre musulmanak espainiar ez-musulmanak baino indartsuagoak balira «maitasunean»?

Las Palmas hiriko parke bateko eserlekuan 70 urte inguruko bi bikote daude. Emakume magrebtar bat haien ondotik pasatu da, burua estalita. Alaba du alboan, eta mutikotxo bat haur-kotxe batean. Ezkerreko bikoteko gizonak irribarre egin, eta burua laztandu dio haur txikiari. Ama eta seme-alabak urrundu ahala, lagunekin segitu du hizketan: «Ume kabroi hauek hiltzaileak dira. Oraindik ez, baina gu hiltzeko entrenatzen dituzte».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.