«Egoera hau iritsi zaigu, eta ez zaigu desagertuko»

Migratzaileei harrera emateaz gain, Irungo Harrera Sareak egoeraren jatorrira jo du, eta agerian utzi migrazio politika integralagoen beharra. Uste dute udan areagotu egin litekeela Euskal Herrira iritsiko den migratzaile kopurua.

Malen Garmendia eta Ion Aranguren, Irungo Harrera Sareko kideak. BERRIA.
Julen Aperribai.
Irun
2019ko maiatzaren 23a
00:00
Entzun
Azken hilabeteetan migratzaileak tantaka iristen diren arren, Malen Garmendia eta Ion Aranguren Irungo Harrera Sareko kideek ez dute zalantzarik: «Gogorra izan da aurtengo negua, batez ere kale gorrian gaudelako». Irungo Udalak ez dio egoitzarik eman sareari, udalbatzak onetsi zuen arren. Hori da, oraintxe bertan, haien behar nagusietako bat. Garmendiaren arabera, beharrezkoa da leku fisiko bat beren lana «era duin batean egin ahal izateko»: «Etortzen direnei gertutasuna eta goxotasuna eman nahi dizkiegu, eta kalea ez da oso leku erosoa horretarako».

Sareak iazko udan eta udazkenean izan zuen lan gehien. «Urrian eta azaroan egunero 50 eta ehun migratzaile artean iristen ziren», azaldu du Arangurenek. Lasaiagoa izan da negua, onartu duenez, baina joera horrek ez du zerikusirik urtaroekin: «Marokoren migrazio politikak baldintzatzen du guztia, herrialdeko mugak itxita baititu orain». Garmendiak uste du Marokoren jarrerak interes politikoei erantzuten diela: «Europako Batasunak diru kantitate bat eman dio, eta migratzaileei eustea tokatzen zaio. Nekatzen direnean edo dirua bukatzen zaienean, mugak irekiko dituzte, eta beste migratzaile uholde bat egongo da».

Sareko kideek uste dute izan badirela halako iritsiera bati erantzuteko moduan, baina argi dute hori ez dela beraien eginbeharra, instituzioena baizik. Horregatik, migratzaileen oinarrizko beharrak betetzeari bezainbesteko garrantzia ematen diote egoera salatzeari. Egoitza baten faltan, San Juan plaza bihurtu da harrera sarearen elkargune. Erreferentziazko lekua bihurtu da migratzaileentzat ere. Sarritan, iritsi berriak zuzenean bertara joaten dira. Plazak ikusgarritasuna ere eman dio mugimenduari. «Instituzioentzat ez da erosoa gu hemen egotea, haien gabeziak ikusarazten baitugu», adierazi du Garmendiak. Sareak Irungo Udalarekin soilik izan du harreman zuzena. Udalak eskaera zehatzei erantzun izan die, baina migratzaileen aferak erantzun integralagoa behar du, Garmendiak eta Arangurenek uste dutenez. «Egoera hau iritsi zaigu, eta ez zaigu desagertuko», adierazi du Garmendiak.

Profil eta behar berriak

Sareko kideek joera aldaketa nabari dute migratzaileen artean: gero eta gehiago dira Euskal Herrian geratzea erabakitzen dutenak. Horrek behar berriak azaleratu ditu, orain arteko protokoloek eta zerbitzuek aintzat hartu ez dituztenak. Garmendiak azaldu duenez: «sistema oso blokeatuta dagoenez, pertsona horiek babesik gabe geratzen dira: lo egiteko tokirik gabe eta oinarrizko beharrak asetzeko aukerarik gabe». Harrera sareko kideen ustez, horrek azalera ekarri du zer gabezia dituen arazoari unean uneko erantzunak emateak. «Asilo prozesuan edo CEAR programak plaza bat eman arte, badago momentu bat pertsona horiek kalean geratzen direna, eta hori ezin da gertatu», salatu du Garmendiak.

Dena den, Irun bidaiaren beste puntu bat bakarrik da gehienentzat. Askok Frantzia dute jomuga. Horretaz baliatuz, ugaritu egin dira migratzaileak mugaz bestaldera eramaten dituzten pasatzaile taldeak. 50 euro ingururen truke egiten dute. «Migratzaileen zaurgarritasun egoeraz aprobetxatzen diren putreak» dira horiek Arangurenentzat. Hala ere, ohartarazi du talde horiek egoeraren erantzule egiteak migrazio mugimendua kriminalizatu eta diskurtso xenofoboa elikatu dezakeela: «Pertsonen trafikoaren negozioa migrazio politikek eragiten dute, eta hori argi eta ozen salatu beharra dago. Frantziak eta Marokok ez balituzte mugak itxiko, ez legoke horrelako arazorik, eta migratzaileek ez lukete dirurik ordaindu beharko muga igarotzeko».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.