Pastor
DARWIN ETA GU

Marcel

2020ko azaroaren 14a
00:00
Entzun
Marcel Pinte gogoratu du Frantziak I. eta II. Mundu Gerretan hildakoak omentzeko Armistizio Egunean egin dituen zeremonietan. Nazien aurkako erresistentziako kidea izan zen Marcel Pinte. Korreo lanak egiten zituen: mezuak eramaten zituen alkandoraren azpian gordeta. Alemaniarrek ezin zuten imajinatu ezkutuko borrokalaria zenik. Borrokalaria edo... 1944ko abuztuaren 14an hil zen, bere taldekide baten Sten subfusilak bakarrik tiro egin zuenean, ezustean. Balek bete-betean jo zuten Marcel. Sei urte zituen. Besterik ez.

Heriotzaz hausnartzeko adina izan aurretik joan zen Marcel. Ez zuen gehiago Le P'tit Quinquin abestu —XIX. mendeko kanta ezaguna da Le P'tit Quinquin, eta Marceli kantaren titulua jarri zioten, ezizen maitekor: ume txikia—. Marcel umetan hil zen. Nerabezaro edo gaztaroko bizipenak ostu zizkioten. Naziek, gerrak... eta askatasunaren alde borrokatzera bidali zutenek.

Marcelek ez zuen zinemara joateko aukera askorik izan. Ez zuen irririk egin Fernandelekin. Ez zen luzez gozatu Edith Piafen ahotsaz; ez zuen ardo beltzik edo apéro-rik edan; ez zuen Gauloises zigarretik erre gaztetan. Marcel ez zen masturbatu Brigitte Bardoten irudia gogoan, jainkoak Roger Vadimi esker emakumea sortu baino hamabi urte lehenago hil baitzen. 1965ean ez zuen Pierrot le fou pelikula ikusi, Jean-Luc Godardek Anna Karina eta Jean-Paul Belmondorekin filmatutako lana —1960. urtean Le Petit Soldat filma sortu zuen Godardek, baina pelikula hiru urtez debekatu zuten Frantzian, adierazpen askatasunaren lurraldean, Aljeriako gerrako bi aldeek, FLNko kideek eta frantsesek, egindako torturak agertzen zituelako. Eta, jakina, La France-k ez du inoiz ere torturatu—. Marcel ez zen Rimbaud eta Verlaineren poesiaz estasiatu, ezta Léo Ferréren bihotz errebeldearekin batera matxinatu ere. 68ko maiatzean gazte eta langileekin egongo zen Marcel? Prolo bat izango zen ala burges ttipi bat, Charles de Gaulle-ren alde egingo zuena? Ez dugu inoiz jakingo.

Frantziak bere heroi gazteena deskubritu du. Dena da txalo, dena ohore, dena emozio. Autokritikarik ez. Bideak zehazten duela helburua, eta helburu hori zikin dezakeela errepikatzen digute. Hala ere, denak balio zuela erakutsi zuten Marcel gerran sartu zutenean; denak balio duela erakutsi dute Marcel harro-harro goratu dutenean. Denak balio du. Sei urteko ume baten bizitzak ere bai. Marcel Quinquin omendu dute Frantzian. Inon entzun duzue kexarik edo protestarik haur txiki bat hil zelako, hil zutelako, haien idealen aldeko borrokan?

Umeen bizitza sakratua dela esaten dugu baina, batzuetan, hura dugu lehena sakrifikatzen. Noren, zeren alde? Marcel gabe nazien menpe segituko lukete gaur Frantziak eta Euskal Herri kontinentalak? Beharrezkoa al zen haur hura gerran nahastea helburu edo ideia batzuen alde, horiek guztiak laudagarri, desiragarrienak izanik ere? Ezinbestekoa zen Marcel hiltzea? Jakin nahi nuke zer deituko zioten umeari, Marcel barik Martxel edo Markel izan balitz eta beste bandera eta beste leku baten askatasunaren alde erabili balute: biktima, gizajoa, engainatua, doktrinatua. Eta haren gurasoei?

Marcel Pinte, mort pour la patrie. Umeek ez dute aberririk. Ametsak dira haien aberri bakarra. Eta Pierrot, ilargiaz maitemindutako pailazo malenkoniatsua, haien errege baldarra. Marcel, umezaro lapurtua, bizitza apurtua. Haren ahotsa uda hartan mututu zen betirako.

Marcel Marceauk 400 bat ume judu salbatu zituen II. Mundu Gerran, Annemasse herrian, Frantziaren eta Suitzaren arteko mugan. Trenbideetako langileek lagunduta, soldatu alemaniarrak konbentzitu zituen haur haiek mugaz beste aldeko udalekuetara oporretan zihoazela esanez. Munduko mimo ezagunena izango zenak saltoka eta imintzioka zeharkatu zuen muga, atzamarra ezpainetan, umeei isilik egoteko esaten. Mutu, baina inoiz baino ozenago mintzatuz, hark bere artea ulertzen zuen moduan: «Inoiz ez eskatu mimo bati hitz egiteko. Ez da sekula santan isilduko».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.