Noiz sinatuko zain

Espainiako Gobernuak Kataluniako galdeketaren aurkako makineria martxan jartzeko, Masek kontsultaren dekretua sinatu behar du

Adrian Garcia.
2014ko irailaren 21a
00:00
Entzun
Artur Mas Kataluniako presidenteak kontsultaren dekretua noiz sinatuko zain dago Espainiako Gobernua. Legea Aldizkari Ofizialean argitaratzearekin batera martxan jarriko baitu Madrilek azaroaren 9an egitekoak diren herri galdeketa debekatzeko lege makineria. Gobernuak dena prest du asteburuan bertan Masek legea argitaratzen badu Aldizkari Ofizialaren ezohiko argitalpen batean. Hori gertatuz gero, ministro kontseilura deituko luke Mariano Rajoy Espainiako presidenteak, AuzitegiKonstituzionalean helegitea lehenbailehen jartzeko.

Baina Masek denborarekin jokatzeko aukera du. Joana Ortega Generalitateko presidenteordeak herenegun parlamentuak kontsulten legea onartu zuenean esan zuen «hurrengo orduetan edo egunetan» sinatuko zuela Masek dekretua. Nahiz eta parlamentuak legea onartu, argitaratzen den arte ez da indarrean sartzen, eta, beraz, auzitegiek ezin dute jardun. Masek hurrengo asterako uzten badu argitalpena, Rajoy presidentea Txinara egitekoa den bidaia ofizialean bete-betean harrapatuko du.

Edonola ere, Masek kontsulta legearen argitalpena atzeratu eta Madrilen planak aldrebestu arren, behin erabakitzeko eskubidearenurkako neurriak abiatzean emaitza ez da aldatuko: Auzitegi Konstituzionalak helegitea onartuko du, eta, ondorioz, kontsulta legea baliogabetuko du, erreferendumaren deialdia legez kanpo utziz.

Auzitegien erantzunaren esperoan, kontsultaren aldeko alderdien artean desadostasuna da nagusi debekuari nola aurre egitearen inguruan. ERCko idazkari nagusi Marta Rovirak esan du ez dutela desobedientzia zibilaren alde egingo. «Ezin esan dezakegu desobedientzia zibila egingo dugula, hitz horiek hainbat lagunengan eragina izan baitezakete».

Roviraren hitzak harrabots handia sortu dute sare sozialetan, eta adierazpenok argitu egin behar izan ditu. «Beharrezkoa denean desobedituko dugu. Azaroaren 9an demokratikoki bozkatuko dugu. Gertatzen dena gertatzen dela», adierazi du Twitter bidez.

CDCko Merce Conesak, ordea, baztertu egin du desobedientziaren hautua, nazioarteari begira islatuko den irudia «kaltegarria» izan daitekeelakoan. Kontrara, CUPentzat «bide bakarra» da Espainiako auzitegien aginduei muzin egitea. Parlamentuan desobedientzia zibilaren alde bozkatu zuten bakarrak izan ziren.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.