Sanferminak Iruñean

Zirrara handia bosgarrenean

Arriskuz betetako entzierroa egin dute Nuñez del Cuvillo ganadutegiko zezenek. Azkar eta banatuta egin dute ibilbidea, eta lasterkariek korrikaldi ederrak egiteko aukera izan dute. Adarkatu bat izan da

Zirrara handia bosgarrenean.
aitor biain
2018ko uztailaren 12a
00:00
Entzun
Ikusgarria bezain arriskutsua izan zen sanferminetako bosgarren entzierroa. Abiadura handikoa izanagatik ere, korrikaldi ederrak egiteko aukera izan zuten parte hartzaileek Vejer de la Fronterako (Cadiz, Espainia) Nuñez del Cuvillo ganadutegiko zezenen aurrean. Ospe txarrekoak dira, aurreko urteetan korrikalari ugari zauritu baitituzte adarrez. Atzo ere, gertu, oso gertu izan ziren behin baino gehiagotan. Adarkatu bat izan zen, hain zuzen: belarrian jaso zuen adarkada 38 urteko gizon batek. Eroriko asko izan ziren, hori bai, eta larrialdi zerbitzuek hiru lagun artatu behar izan zituzten kolpeen ondorioz. Bi minutu eta 50 segundo iraun zuen orotara, baina gutxiago ere iraun zezakeen, ukuiluetara sartu nahi izan ez zuen zezenagatik izan ez balitz.

San Domingoko ukuiluetako ateak ireki bezain laster bat eginda atera zen taldea. Baina, orain arte ez bezala, aurrea hartu zioten zezenek joaldunei aldapan gora. Joaldun bat eta hiru zezen jarri ziren aurretik, eta, alde guztietara joateko keinuak eginagatik ere, ez zuten korrikalarien aurka egin.

Mercaderes kalera iristerako, beix koloreko zezen batek taldea aurreratu zuen, eta bakarrik egin zuen zezen plazarainoko bidea. Estafeta kalean eroriko txiki bat izan bazuen ere, berehala altxatu zen. Tarte horretan izan zen adarkatua: belarrian izan zuzen ziztada Castelloko (Valentzia, Herrialde Katalanak) 38 urteko gizonezko batek.

Gertu izan zituzten adarrak korrikalari askok Estafetako bihurgunean ere. Kalearen ezkerreko aldean pilatu ziren hainbat korrikalari aurretik eramateko zorian izan ziren zezenetako bi. Buruarekin jo eta lurrera bota zituzten soilik, adarrik sartu gabe.

Abere saldoaren abiadura ez zen oztopo izan, nolanahi ere, korrikaldi ederrak ikusteko. Joaldunak izan dira aurtengo entzierroen protagonista orain artean; Nuñez del Cuvilloko zezenek, ordea, ohiturari men egin, eta taldea hautsi zuten zuzengunean gora: korrikalariak abereen artean tartekatzeko aukera eman zuen horrek. Entzierrorik ederrena izan zen alde horretatik.

Ibilbidearen amaierako tartean hainbat erorketa izan ziren, zezen plazaren sarreran. Jende pilaketak izan ziren, eta hiru zezenek estropezu egin zuten, izua eraginez. Tentsio uneak izan ziren orduan, parte hartzaile asko elkartu baitziren Telefonica aldean, ohi legez. Zezenetako batek lurrean eman zituen segundo batzuk, ezin altxatuta. Korrikalarien laguntza behar izan zuen horretarako azkenean. Behin plaza barruan zela, ez zuen ukuilura sartu nahi izan, eta, nora joan ez zekiela, korrikalariei segika hasi zen. Bi zauritu izan ziren ibilbidearen azken tartean: 27 urteko Valentziako (Herrialde Katalanak) gizon batek buruan izan du kolpea, eta 25 urteko Antsoaingo (Nafarroa) gazte batek eskuineko sorbaldan.

Gaur, berriz, Madrilgo Victoriano del Rio ganadutegiko zezenen txanda izango da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.