Ion Orzaiz.
ANALISIA

Txibite, SMN eta manta motzegi bat

2023ko otsailaren 26a
00:00
Entzun
Lehen bistadizoan, badirudi Nafarroako Gobernuak trebeziaz heldu diela SMN Sindikatu Medikoaren greba deialdiari eta horren osteko negoziazioari. Maria Txibite lehendakariaren ordezkariak ez ziren milimetro bat ere mugitu beren hasierako posizioetatik, eta eskaintza bera egin zieten sendagileei une oro: hilean 400 euroko soldata igoera eta egunean 32 paziente gehienez. Hori izan zen negoziazioen lehen egunean planteatu zutena, eta baita azken greba egunean sinatu zutena ere. Sindikatu Medikoak, aldiz, asko murriztu zituen bere hasierako eskakizunak: hilean 1.000 euroko soldata igoera, agenda kudeatzeko gaitasuna... Esklusibotasuna kentzea ere galdegin zioten Osasun Departamentuari, sare publikoan nahiz pribatuan nahieran jardun ahal izateko —horren truke jasotzen duten soldata osagarriari uko egin gabe, noski—, baina amore eman behar izan zuten azkenerako. Puntua Txibiterentzat, beraz.

Auziari perspektibaz begiratuz gero, ordea, argazkia oso bestelakoa da. Egiazki, manta motzegia duen ohea da Txibiterena: tapakiari tira eginda, lortu du aurpegia estaltzea, baina oinak bistan ditu orain. Eta hotzeria harrapa dezake. SMNren grebak maiatzeko hauteskundeen aurretik izan zezakeen eraginaren beldur, aldebiko negoziazioa ireki zuen berehala gobernuak, eta, gerora etorri denari erreparatuta, bistan da ez zituela behar bezala neurtu erabaki horren ondorioak.

Zeintzuk izan dira ondorio horiek? Funtsean, hiru: Osasunbideko gainerako sindikatu eta sektore profesionalen mesfidantza eta haserrea areagotzea, lan gatazka administrazio osora zabaltzea, eta osasungintza bihurtzea —are gehiago— hauteskunde kanpainako jaurtigai.

Lehen ondorioa aurreikusteko modukoa zen: batetik, osasun langileen ezinegona aspaldikoa zelako —ez soilik medikuena—, eta COVID-19aren krisiak areagotu zuelako; eta, bestetik, negoziazioetan sindikatu bakar bat solaskide hartuta urardotu egin zutelako ohiko negoziazio organo sindikalen egitekoa. Hala, Osasunbideko mahai sektoriala eta Funtzio Publikoko mahai orokorra —zeinean Sindikatu Medikoak ez baitu ordezkaririk— jokaleku huts bihurtu ziren, gobernuak aldez aurretik negoziatutakoa aurkezteko. Are: medikuei eskainitakoa beste langile batzuei ukatuta —soldata igoera—, sektoreen arteko arrakala areagotu du gobernuak, eta presioa gehitu dio lehendik ere borborka zen eltze bati.

Horri lotuta heldu da bigarren ondorioa ere: sindikatuek salatu dute osasungintzakoei ez ezik gainerako sektoreetako funtzionarioei ere lan baldintzak okertu zaizkiela eta erosahalmena galdu dutela. Gobernuak legealdi osoan argudiatu du ezinezkoa zela baldintza horiek hobetzea, baina, Sindikatu Medikoaren soldata igoerari men eginda, agerian utzi dute borondatea izanez gero posible zela inbertsioa handitzea.

Azkenik, ondorio politikoak ere izanen ditu Nafarroako Gobernuaren jokabideak. Aspalditik, argi zegoen Sindikatu Medikoa nafar eskuin espainiazalearekin lerratutako indarra dela. UPN agintean zenean, ez zuten ahotsa goratu murrizketa bortitzak salatzeko, baina 2015etik gaurdaino, protestek ez dute etenik izan. Uxue Barkosen legealdian, medikuen lan deialdietatik euskara eskakizunak kentzea izan zen haien aldarrikapen nagusietako bat.

Orain ere, osasungintza arma politiko bihurtzeko asmo bat igar daiteke protesta hanpatuetan. Ez protestarako motiborik ez dagoelako —badira, aspalditik gainera—, baizik eta Sindikatu Medikoaren aldarrikapenek, argudioek eta protesten egutegiak berak bete-betean bat egiten dutelako Navarra Sumaren estrategia politikoarekin. Ez da kasualitatea Navarra Sumako Cristina Ibarrola parlamentaria izatea—medikua berau— Sindikatu Medikoaren aldarrikapenak legebiltzarrera eraman dituena, eta Ibarrola bera UPNren hautagaia izatea Iruñeko alkate izateko. Argi dago osasun kontuek berebiziko garrantzia izanen dutela hauteskunde kanpainan, eta, Txibiterentzat, arriskutsua izan liteke sendagileen ordezkaritza osoa aitortzea arerio politikoarekin lerratutako sindikatu korporatibo bati.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.