KRITIKA. Antzerkia

Egin bedi antzerkia!

Why? antzezlanaren eszenetako bat. PASCAL GELY / LES BOUFFES DU NORD.
Agus Perez.
2019ko azaroaren 9a
00:00
Entzun

'Why?'

Konpainia: Les Bouffes du Nord. Testua eta zuzendaritza: Peter Brook eta Marie Helene Estienne. Antzezleak: Hayley Carmichael, Kathryn Hunter, Marcello Magni. Musikaria: Laurie Blundell. Argiak: Philippe Vialatte. Lekua: Gasteizko Principal antzokia. Eguna: Azaroak 7.

Egin bedi antzerkia!», esan omen zuen Jaungoikoak kreazioaren zazpigarren egunean, gizakiek egun horretan jasaten duten asperdura arintze aldera.

Horrela hasi da Peter Brooken markapean Gasteizko Antzerki jaialdira etorri den antzezlana. Les Bouffes du Nord konpainiak Parisen du egoitza —izen bereko antzokian—, eta Brook britainiarra hiri hartan ezarri zen pasa den mendeko 70eko hamarkadan, sute batean erre zen antzoki batean. Handik proposatu zituen antzerkiari buruzko bere teoria orduan iraultzaileak, baita praktikara eraman ere Marie Helene Estienne partaide artistikoarekin batera, eta orain beren ondorengoek eman digute haien pentsamendu eta jokamoldeak zuzenean ezagutzeko parada.

Eremu eszenikoaren hustasuna aldarrikatu izan du Brookek nagusiki, antzezleak beren rol eszenikoaren jabe osoak izan zitezen, eta bide horretatik etorri zaigu oraingo proposamen hau ere: hutsik eta itxuragabe zegoen agertokian bulego-aulki batzuk hortik handik ikusten ziren, behegainetik hamar bat orri zeuden sakabanatuta, hiruzpalau arropa esekitokietan jaka bat eta loredun izara bat baino ez zeuden—hala ere, erabili egin dira— eta albo batean piano-jolea kokatu da, teklatu elektroniko batean.

Proposamenaren izaera espartarra are latzagoa izan zedin, kamiseta eta praka beltzak jantzita agertu dira lau interpreteak, eta emanaldiaren lehen herenean hitzaldi antzeztu moduko bati ekin diote, antzerki arloko auzi batzuk planteatuz eta umorea haien artean tartekatuz. Bide horretatik, aspaldiko kontu batzuk azaleratu dituzte, hala nola antzezleen neurosi krisiak nahi duten rola tokatzen ez zaienean, eremu eszeniko hutsaren aldarrikapena, eta, zelan ez, kritikari erretxinduaren figura, hain kuttuna omen dena hedabide mertzenarioak kontsumitzen dituztenen artean.

Proposamenaren dekadentziaren erakusgarri, behin baino gehiagotan igoarazi dituzte agertokira lehen lerroetako ikusleak, hutsaren hurrengoa izan diren eszenak hala edo nola betetzearren, eta une batean mintzaldi antzeztua zena mintzaldi didaktiko bihurtu da, Stanislasvki, Meyerhold, Zinaida Reich eta Maiakovski bezalako artistek Sobietar Batasunean izan zuten rol iraultzailea aletuz. «Ondo da», esan dugu gure baitan, «beti komeni da zerbait ikastea, baina hau guztiau zertara ote dator umore kamutseko hainbeste txantxaren ostean?». Handik gutxira, berriz ere aldatu da emanaldiaren norabidea, eta, inkoherentziaren festibalean bageunde bezala, aurreko guztia irakurraldi dramatizatu huts bihurtu da azken ordu erdian, lehen esandako lau artista handiek estalinismoaren urterik gogorrenetan izan zuten patu gordina aulkietatik eta era zeharo estatikoan irakurrita. Egin bedi antzerkia, baina benetakoa, mesedez!
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.