Bertsolari Txapelketa Nagusia. Final-laurdenak

Gaur hasiko den festarako lanak

Bertso saio bat borobila izan dadin, ezinbestekoa da gai jartzaile taldearen eta, horrenbestez, gai emailearen lana. Gaur hasiko da Bertsolari Txapelketa Nagusia, eta hamalau gai emaile arituko dira gaur hasi eta final handira bitarteko saioetan. Zer lan dago, bada, horren atzean?

Bertsolaritza. Gaur eta bihar egingo dituzte Bertsolari Txapelketa Nagusiko lehen bi finalaurrekoak. A. LOIOLA/ FOKU.
Miren Mujika Telleria.
2022ko irailaren 24a
00:00
Entzun
Sarri esan ohi da gai emailea ona denean inor ez dela oholtzan egon denik ere ohartu behar. Haien lana «bertsolariaren eta entzulearen arteko zubi lana» egitea dela dio eskuliburuak. Ordea, gai jartzaileek erabat baldintzatzen dute saioa, edo bai behintzat haiek jarritako gaiek, eta inor oholtzara igotzerako egiten da lan hori. Hasi, beraz, aspaldi hasia da aurtengo Bertsolari Txapelketa Nagusia, baina gaur eta bihar egingo dituzte lehen jendaurreko saioak: Getxon (Bizkaia) eta Arrasaten (Gipuzkoa), hurrenez hurren.

Nondik jarri gaia, ordea? Zenbat pauta eman gai bat jartzeko garaian? Gutxi, eta bertsolari bakoitzak bere bidea aukera dezala, edo bidea eginda eman? Saio osoaren ikuspegira egokitu behar dituzte gaiak, nolabaiteko oreka bat lortzeko. Izan ere, bertsolari guztiei gai serio eta umoretsuak kantatzeko aukera eman behar die gai emaileak.

Nola lortu hori, baina? Bada, txapelketan, gai jartzaile talde bat arduratzen da lan hori guztia egiteaz, eta talde hori osatzen duten kideetako asko dira gai emaile aritzen direnak finalera bitartean. Bestela izaten da, ordea, plazetako saioetan. Eskuliburuak dio, plazetan ez bezala, txapelketan ez dela jolaserako tarterik gai emailearentzat, hori ez baita gune eta une aproposa txisteak egiteko, bertsolariek esandakoari zerbait eransteko edo pentsatuta daramaten gaia aldatzeko. «Eskuartean dagoen gaia argi eta garbi agertzea da txapelketan egiteko dagoen ia bakarra».

Gaur hasi eta abenduaren 18ko final handia barne, hamalau saio izango dira denera aurtengo Bertsolari Txapelketa Nagusian, eta saioz saio aldatuko da gai emailea. Ainhoa Larretxea, adibidez, Baionako finalaurrekoan izango da gai emaile, eta Idoia Anzorandia, ostera, Bilboko finalaurrekoan. Ondo ezagutzen dute biek jardun hori, sarritan aritutakoak baitira.

Edonola ere, bigarren aldia izango du hau Anzorandiak Txapelketa Nagusian gai emaile. 2017ko txapelketan, adibidez, Zallako (Bizkaia) saioan eman zituen gaiak. Larretxearentzat, berriz, aurreneko aldia da. «Finaletik hagitz hurbil dago saioa, eta jendeak adi jarraituko du. Ziur naiz taldean gaiak ahalik eta egokien egiten saiatuko garela».

Anzorandiak jakinarazi du egokitasun horretara iristeko bertsolarien arteko oreka bilatzen dutela: «Gaien arteko oreka bilatzen dugu: bertsolari batek rol bera errepikatu ez dezan». Halaber, gehitu du txapelketetan gai jartzaile taldeak inoiz ez duela aurrez jakiten zein bertsolarik kantatuko duen gai bakoitza.

Uda baino lehen hasi zen biltzen gai jartzaile taldea, eta ordutik hona pentsatu eta zorroztu dituzte gaur hasi eta urriaren 9an amaituko den lehen faserako gaiak. Bilkurek, ordea, ez dute etenik. Larretxeak egin du horien argazkia: «Bilera nahiko luzeak izaten dira, eta funtsean egiten duguna da datozen saioetarako gaiak aztertu, eta saioak osatu. Dagoeneko asteburu honetako saioak osatuta ditugula, horiek errepasatu, formulazioa ongi dagoen begiratu eta gaiak orekatuak diren aztertzen eman genuen astearte arratsaldea».

Hurrengo saioak ere finkatuta daudela aurreratu du, eta azken bilera hartan azken errepasoa eman zietela horiei ere. Finalaurrekoetarako saioak ere prestatzen hasi dira dagoeneko.

Baionan gai emaile gisa arituko den saioa bi hilabete barru izango denez gero, Larretxeak adierazi du «nahiko lasai» dagoela, badu-eta horretarako giltza: «Urduritasun aunitzeko momentuak izaten dira, batez ere bertsolarientzat. Haiek aunitz izaten dute jokoan, eta garrantzitsua da bertsolariei konfiantza eta lasaitasuna transmititzea». Bat dator harekin Anzorandia: «Guri ez dagokigu urduri jartzea; guri enpatia eta goxotasuna transmititzea dagokigu». Noski, entrenatu egin behar izaten dira horretarako.

Plazetan beti dute inprobisaziorako tartea. Bestelakoa da, ordea, txapelketan. Larretxea: «Nire kasuan, dena nahiko finkatuta eramatea gustatzen zait. Txapelketara begira, saiatzen naiz gaien aurkezpena lantzen: intonazioa, erritmoa… Garrantzitsua da gaia ongi ematea, eta, batez ere, lasai irakurri eta aurkeztea. Hala ere, pentsatzen dut bakoitzak izango dituela bere teknika edo maniak prestatzean».

Gaitegian aldaketak

Ibilbide luzea egin du Euskal Herriko Bertsolari Txapelketak. Eta, horrekin batera, noski, aldatu egin da gaiei heltzeko modua ere. Anzorandiak azaldu du hori gizartea aldatzearen ondorio dela. «Agerikoa da gaitegia aldatu dela; finean, inguruan gertatzen diren gauzek baldintzatzen dute hori».

Saio adina gai emaile izango dira abenduaren 18ra bitarte —gai emaile bat saio bakoitzeko—. Hamabi arituko dira, beraz, Anzorandia eta Larretxearekin batera: Alaitz Rekondo, Amaia Castorene, Amaia Lujanbio, Ander Aranburu, Ane Ezenarro, Aritz Bidegain, Beñat Vidal, Imanol Artola, Ion Zaldua, Leire Garatxena, Maialen Belarra eta Zihara Enbeita. «Adin, genero eta lurralde desberdinetako kideak gara, eta horrek asko aberasten du taldearen dinamika», zehaztu du Anzorandiak. Horiek guztiek 41 bertsolariri jarriko dizkiete gaiak, eta bertsolari horietako hamalauk lehen Txapelketa Nagusia izango dute hau.

Hain zuzen, gaur bertan egingo dute debuta Peru Abarrategik eta Unai Mendizabalek, Getxon. Hasieran, Agin Labururekin, Eneko Lazkozekin, Nerea Elustondorekin eta Oihana Bartrarekin ziren aritzekoak, baina Bertsozale Elkarteak atzo jakinarazi zuen Alaia Martinek kantatuko duela Lazkozen ordez. Muxikebarri Zentroan (Bizkaia) izango da saioa, 17:00etatik aurrera. Batzuentzat txapelketaren esperientzia berria izango ez den arren, badira denentzat berri izango diren elementu batzuk: gaiak, hain zuzen; ikusteko baitago, esaterako, zer estilotakoak izango diren. Imanol Artola Felix izango da gaurko saioko gai emailea.

Biharko saioa, berriz, Arrasateko (Gipuzkoa) Amaia antzokian izango da, eta Gorka Pagonabarragak, Joanes Illarregik eta Saioa Alkaizak debutatuko dute bertan. Iñaki Apalategirekin, Miren Amurizarekin eta Xabier Silveirarekin osatuko dute seikotea. Ander Aranburu izango da gai emailea.

Gaurko saiorako gelditzen da oraindik Internet bidezko sarrerarik. Biharko saiokoak amaitu egin dira, ordea. Nolanahi ere, 15:00etan zabalduko da txarteldegia herri bietan, eta Arrasateko saiorako ordu horretan egongo dira sarrera batzuk salgai. 16:00etan zabalduko dira ateak, eta, 17:00etan hasiko dira saioak. Eta baita Euskal Herriko Bertsolari Txapelketa Nagusia ere.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.