KRITIKA. Musika

Ezagutzaren alde

Mikel Chamizo eta Robert Treviño, entsegu batean. EOS.
2019ko urriaren 4a
00:00
Entzun

EOS

Zuzendaria: Robert Treviño. Egitaraua: John Coriglianoren Promenade Overture, Edgar Vareseren Tuning up, Steve Reichen Clapping Music, Mikel Chamizoren Navigare necesse est, Arnold Schoenbergen Erwartung eta Jose MariaUsandizagaren Dans la mer.Lekua: Kursaaleko auditoriuma. Eguna: Irailak 30. .

Zain. Hori izan da Euskadiko Orkestra Sinfonikoaren denboraldia ireki duen programa sekretuaren izena, baita, noski, astelehenean Kursaala bete zuen publikoaren jarrera ere. Programan ezaguna genuen obra bakarra erabateko estreinaldia izanik, kontzertua bera ezezagunera bidaiatzeko gonbit gisa aurkeztu zen, aurreiritziak gutxienera murriztu eta musikaren esanetara jartzeko deia. Kritikariarentzat egoera estu zein kitzikagarria.

Zazpi perkusionista agertoki biluzian; urrutitik, fanfarrea. EOSeko musikariak pixkanaka doaz agertokian sartzen, eta haiekin musika handitzen. Doinu dotoreak, alaiak, atseginak; Treviño eroso, jolasean. John Coriglianoren Promenade Overture izan da lehen sorpresa, Jospeh Haydnen Farewell sinfoniaren azken mugimenduarekiko simetrian konposatua. Badoa zuzendaria, eta orkestrak afinatzeko lanari ekiten dio. Edo ez. Edgar Vareseren Tuning up obra izan liteke. Parodia hutsa baino gehiago, tinbre eta dinamiketan aberatsa suertatzen da. Orkestran, emaitza borobila jaurtitzen duen batasuna ageri da. Steve Reichen Clapping Music minimalistak publikoaren txaloak isildu ditu gero, aldika flamenkoaren printzak dituzten erritmoak zehaztasun osoz gidatuz.

Mikel Chamizoren Navigare necesse est obra berria interpretatzeko Bilboko Koral Elkartea batu da, Elkanoren mundu birari hasiera ematen dion erritu erlijiosoaren klusterretan luzimendurako aukera eskasarekin. Ederrak eta guztiz iradokitzaileak Barramedako portuaren giroa irudikatzeko soinu-baliabideak; horniduren deklamazioa, azken orduko kezken eta ezinegonaren isla bizia. Musika ia eten gabe, Mojca Erdmann sopranoa sartu da, Arnold Schoenbergen Erwartung ekitaldi bakarreko operaren rol bakar eta larria bikain ebatziz, eta orkestraren konplizitatea une oro bilatuz. Obrak Itxaronaldia izena badu ere, ez da atsedenik bertan, asaldatutako emakume baten bilaketa ia amaigabe eta lazgarria baizik. Azkenik, tonalitate ezak oraindik ere sortzen duen deserosotasuna J. M. Usandizagaren Dans la mer sotilagoak baretu zuen.

Publikoari zein EOSi ezezagunerako bidea egiteko ahalegina baztertu ez dezan opa diogu: oztopoak oztopo, ezjakintasuna ez da sekula kai segurua izango.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.