Albistea entzun

Txillardegiren heriotzaren X. urteurrena (II)

Hizkuntzari herdoila kentzen aitzindari

Alaitz Aizpururen esanetan, hizkuntzalaritza berritu zuen Txillardegik, erro politikoa bistaratuz eta esentzialismotik urrunduz. Hizkuntza politikan egindako ekarpenez aritu da, Iñigo Urrutiarekin batera.

Iñigo Urrutia eta Alaitz Aizpurua hizlariak eta Iker Salaberria Txillardegi Gogoeta Guneko kidea, atzo.
Iñigo Urrutia eta Alaitz Aizpurua hizlariak eta Iker Salaberria Txillardegi Gogoeta Guneko kidea, atzo. ANDONI CANELLADA / FOKU Tamaina handiagoan ikusi

Julen Aperribai -

2022ko urtarrilak 12 - Donostia

Hizkuntza gutxitu bat bere bueltan dagoen politikarekin lotuta» dagoela ulertzea eta azaltzea. Hori izan zen Jose Luis Alvarez Enparantza Txillardegi-ren eta haren belaunaldikideen «ekarpen nagusietako bat», Alaitz Aizpuru ikerlari eta Filosofian doktorearen esanetan. Egun «ebidentzia» bat irudi lezakeenak garaian hizkuntzalaritza berri bati bide eman zion, haren ustez, eta hizkuntzaren bueltako «abertzaletasun berri bati» forma eman. Telesforo Monzon eLab Euskal Herrigintza Laborategiaren Txillardegi Gogoeta Guneak antolatuta atzo iluntzean Donostiako San Telmo museoan eginiko mahai inguruan eman zituen azalpenok Aizpuruk, Txillardegi hil zeneko 10. urteurreneko ekitaldietan lehenengoan.

Hizkuntzari buruzko gogoetak haren idatzietan hastapenetik ageri direla gogoratu zuen Aizpuruk, eta hasieran ageri ziren ideiei berriak «gehitzen» joan zitzaizkiela etengabe, elkarri gainjartzen zaizkion «kapak» bailira. Mugarritzat jo zuen, hala ere, 1960ko hamarkadaren bigarren erdia, ordutik aurrera, eta deserrian jasotako formazioa tarteko, «hizkuntzalaritza berri bat» garatzen hasi baitzen, haren arabera. Hizkuntza dogmatismoetatik, erlijiotik eta esentzialismotik deslotu zuela azaldu zuen, eta giza zientziaren eta politikaren esparrura eraman. «Aldarrikatuko du: utzi esentzialismoak alde batera, eta jar dezagun hizkuntza jakintza esparru desberdinekin elkarrizketan». Planteamendu horrek kultura eta politika bereizita nahi zituzten soziolinguistekiko haustura eragin zuela dio Aizpuruk, «hizkuntza bat garai berrietara egokitzeko gai ez bazen, arazoa berea zela» uste zutenekin. Txillardegiren aipu bat ekarri zuen ideia borobiltzeko: «Politikazko menpetasuna sortzen da aurrenik; kulturazko menpetasuna politikazkoari darraikio».

Txillardegiren hizkuntza politikaren jatorrian «gizatasunaren eta gizakiaren inguruko gogoeta»bat dago, Aizpururen esanetan, zeinak «filosofia esentzialistatik»edaten baitu. «Giza planteamendu»horretan, norbanakoaren eta kolektiboaren erantzukizunean ere arakatu zuen Txillardegik, dioenez: «Botere publikoari exijentziak egiten dizkio, baina norbanakoaren konpromiso mailak ere garrantzi handia du. Gizaki konprometitu bat elikatzen saiatzen da, bere eguneroko hautuez kontziente izango dena».Dialektika horrek egun duen pertinentziaz» gogoetatzeko gonbita egin zuen Aizpuruk.

Txillardegiren ekarpenak egun duen gaurkotasunaz pentsarazteko beste zenbait gai ere mahaigaineratu zituen Aizpuruk; hala nola, «nazio ikuspegia»ahuldu izana. Horrek , Txillardegik «aurreikusi» moduan euskara batuari «prestigioa» kendu diola azaldu zuen, eta «gaurkotasuna irabazi»duela euskalkien eztabaidak: «Nazio ikuspegia dago hizkuntza politikan. Lurraldetasuna aintzat hartzen bada, euskara batua lehenesten da euskalkien gainetik».

Hizkuntzaren auziaren erro politikoa ezkutatu ezinera itzuli zen Aizpuru, hitzartzearen amaieran: «Gaurkotasuna duen hizkuntza politika bat abertzaletasunetik eta independentismotik deslotu nahi dituena tranpa egiten ari da».

Elebitasunaren «mitoa»

Txillardegik soziolinguistikaren alorrean garatutako ideietatik abiatuta, egungo legedia aztertu zuen, bestalde, Iñigo Urrutia legelariak, mahai inguruaren bigarren zatian. Azaldu zuenez, Espainiako Konstituzioak ezarritako «oinarri juridikoarekin»,Espainiako Estatuko botere publiko zentralekin euskaraz jakitea ez da «erabilgarria», eta «botere autonomikoekin»ez da «nahitaezkoa». Txillardegik garatutako «elebitasun sozialaren mitoarekin» lotu zuen egoera juridikoa eta legediak «lurraldetasun printzipioa» aplikatu beharrean «pertsonaltasun printzipioa» aplikatzearekin. Modu horretan, eremuak osoki euskaldundu beharrean, «aukeratzeko eskubideaan»oinarritutako hizkuntza politika gailentzen dela adierazi zuen, eta horretan galtzaile ateratzen dela euskara.

Hala diseinatutako sistema batek euskara nora daraman itaundu zuen Urrutiak, eta, herritarrak etengabe hizkuntza aukeraketa egiten jarriz gero, zein motibo izango luketen euskara aukeratzeko. Irmo erantzun zuen: «Iruditzen zait pertsonak elebiduntzea ez dela nahikoa desoreka kentzeko».Aitzitik, «hizkuntza politikak lurraldetu»beharraz hitz egin zuen, eta norbanakoetatik harago, «eremuak euskalduntzera jauzi egiteaz».

Horretarako, baina, traba nagusia indartzen ari den «aktibismo judiziala» dela ohartarazi zuen; batez ere, 2010etik aurrera hizkuntza gutxituen alorrean Espainiako Auzitegi Konstituzionala egiten ari dena: «Diskurtso politiko argi bat dago esaten duena urrunegi joan garela; bereziki, katalanaren normalizazioarekin. Maila juridikoan bidea estutzen ari zaizkigula argia da».

Jarraitu irakurtzen: Txillardegiren heriotzaren X. urteurrena testu bilduma>>

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

Ezkabako presoei egindako omenaldi bat, 2017an. ©JAGOBA MANTEROLA / FOKU

Erreparazioan «gehiago» sakontzea galdegin dute elkarte memorialistek

Oihane Puertas Ramirez

Espainiako Memoria Demokratikoaren Lege proiektuak «kezkak» eta «zalantzak» sortu dizkie talde memorialistei. Halere, aitortu dute zuzenketek «hobekuntza garrantzitsu batzuk» jaso dituztela

 ©MONIKA DEL VALLE / FOKU

«Sarri nerabeek geolokalizazioa eskatzen diete bikotekideei»

Javi West Larrañaga

Bikotekideen arteko ziberindarkeria landu du EHUk 13-15 urteko nerabeekin. Oraindik behin betiko emaitzak izan ez arren, ikusi dute gazteek ez dituztela ondo ezagutzen sarearen arriskuak.
Eva Isturiz, Nafarroako Berdintasun Institutuko zuzendaria, Iruñeko Sarasate pasealekuan. ©Idoia Zabaleta, FOKU

«Sexu erasoetan, biktimak bere buruari egotzi ohi dio errua»

Uxue Rey Gorraiz - Nafarroako Hitza

Festetako sexu erasoen kontrako aurtengo kanpaina aurkeztu du berriki Nafarroako Berdintasun Institutuak, Berridatz ditzagun jaiak lelopean. Erasoen gaineko aurreiritziak hautsi beharra nabarmendu du erakunde horretako zuzendari Eva Isturizek.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...