Pastor
DARWIN ETA GU

Mangoaren identitatea

2019ko azaroaren 2a
00:00
Entzun
Bretxako merkatuaren ondoko dendako saltzaileak fruta hartu eta begira dagoen herritarrari erakutsi dio. «Mango hau hemengoa da, Granadakoa. Beste horiek urrunekoak dira». Urruntasunaren eta bertakotasunaren kontzeptu bitxiak ditu gizonak. Mangoa hurbilekoa? Mangoa hemengoa, Granadakoa?

Urrunetik dator mangoa. Asiatik. Portugaldarrek Ameriketara eroan zuten handik. Espainiara ere ailegatu da, baina argi dago Boabdil sultanak ez zuela fruitu hori gosaltzen Alhambran. Zein da mangoaren identitatea? Nongoa da? Pakistan, India, Kolonbia, Mexiko, Brasil, Ghana, Kubakoa?

Identitatea «masen opio berria» izateko bidean doala adierazi du Achille Mbembe filosofo kamerundarrak, Le Monde egunkarian. Desberdin agertu nahi izatea «inposatutako ukaziotik ihes egiteko modu bat» da. Baina inposatutako ukazioaren atzean ez al dago beste identitate bat, inoren mende bizi diren subjektuei ez zegokiena? Etengabe aldatzen ari da identitatea, baina hori ez da baldintzarik edo ukaziorik gabe gertatzen. Ukazioari aurre egiteko diferentzia aldarrikatzen dutenak —Achille Mbembek agertu duenez— identitarioak dira orain. Zer ziren, zer dira, bada, mendeetako ukazioa inposatu dutenen oinarriak? Berako herritarrari eta Sarakoari espainiartasunaren edo frantziartasunaren label ofiziala ezarri diete, eta jatorrizko identitatea kendu, Etxeberria eta Etcheverry deiturak badituzten arren. Bi anai-arrebak lapurretaz jabetu eta altxatu direnean identitario deitu diete.

Halloween ospatu zuten milaka euskal herritarrek herenegun. Gau beltza deritzon festa lehenagokoa dela azaldu dute EITBko albistegian. Gero eta jarraitzaile gehiago ditu. Hori ere identitarioa dela esango dute kultur aniztasun faltsuaren apostoluek. Halloween, berriz, modernotasunaren ikurra da. Ez da identitarioa, ez. Le ronca el mango, erantzungo liekete Kuban.

Zer identitate mota dugu? Zein ari gara garatzen? Identitate birtuala hedatzen ari da herritar gazteenen artean. Beste jokaera batzuk erakusten hasi dira bertan. Belaunaldi berriak erdi lo daude offline, baina piztuta amesten dute online. Identitatea gero eta zatituago izango dugu etorkizunean. Identitate nazionala eta, zeresanik ez, identitate soziala. Nahasmena izango da nagusi. Ametsa —edo amesgaiztoa, nondik ikusten den eta prozesua nola garatzen den— hasi baino ez da egin. Oraingo joera aldatzen ez bada, etorkizuneko nerabeak klima larrialdiaren kontra altxatuko dira, baina hortik kanpo apenas mugituko den ezer.

Kapitalismoa duela 30 urte hasi zen kontratu soziala apurtzen. 1989ko garaipen sinbolikoa garaipen erreala dugu orain. Hogei urte barru sendotuago eta errotuago egongo da identitate birtuala. Gazteak ez dira oraingo eskubideen alde oldartuko. «Horiek antzinako eskubideak dira, zaharrenak». Lanak izango dituzu ehunka gazte biltzeko, zuzenean eragiten dieten lan baldintza eskasei aurre egiteko. Eskubide horiek bigarren mailakoak dira, ia. Sindikatuak? Zer da hori? Baina milioika nerabek egingo dute protesta munduan barrena, iPhone berrienaren prezioa asko garestituz gero. Horixe izango da haien aldarrikapen ia bakarra. Pascual Serrano kazetariak azaldu du joera: «Ez mobilizatu, soilik sinatu Interneten». Bitartean, pantailari so segituko dute, narkotizatuta. Eta telefonoaren bidez maiteminduko dira, Kaliforniako merkatariek asmatutako trikimailu psikologikoaren bidez like-en dopamina dosia jasota. «¿Qué dice mi mangoncita?».

Telebistako sukaldaritza programako aurkezleak bigarren abizena zein duen galdetu dio lankideari. Espainiarra? «Kubakoa da», erantzun dio gizonak. «Espainiarra da [...] González Martínez, González Sánchez zara», zirikatu du euskal abizena duen emakumeak. Gustatu egin zait ateraldia. Azken batean, González espainiarra da; Etcheverry, ostera, ez. Lehengoan, Mango salteatua arroz esnezko aparrarekin errezeta eman zuten. Ez galdetu mangoa nongoa zen. Donostiakoa ez, baina «hemengoa», seguru. Granadakoa edo.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.