Edonola ere, Urdaibai

Zarauzko Ikurrinaren lehen jardunaldian irabazi du, Hondarribiaren eta Orioren aurretik. Azkeneko txanda erlojupean jokatu dute, eta eztabaida eragin du

Balizatzaileak ordezko baliza jartzeko lana egin berritan,eta Hondarribia, berotzen, tartean uretako epaileetako bat dela. OSKAR MATXIN EDESA / FOKU.
Aitor Manterola Garate.
2022ko abuztuaren 21a
00:00
Entzun
Ez zen ondo hasi Eusko Label ligako estropadarik ezagunena: Zarauzko Ikurrina. Eztabaidak busti zuen atzo lehen jardunaldia. Azkeneko txanda erlojupean jokatzea erabaki zuen Lehiaketa Batzordeak, aurreko biak ez bezala, eta Urdaibai izan zen azkarrena. Hondarribiari 3,36 segundo atera zizkion, eta 3,52 Oriori. Donostiarra izan zen laugarren, 11,18ra. Sailkapen nagusian, Bermeokoek lau puntura igo dute Hondarribiarekiko aldea, eta Donostiarra zortzira dute orain. Ikurrina zeinek eramango duen gaur erabakiko da (12:13). Itsasoa iragartzen da gaurko ere.

Eztabaida bigarren txandako bigarren ziabogak eragin zuen. Cabok lehen kaleko baliza justuan libratu zuen. Hutsa behar izan zuen buelta barrutik emateko. Oso zikin eta arriskutsu zegoen lehendabiziko kale hori. Irteeran bertan, Caboko patroi Felix Duarte kirioak galtzekotan izan zen, estatxak ihes egiten ziolako.

Balizari gaineko tapakia askatu zitzaion eta orduantxe, urak irentsi zuen bandera, makila, boia eta gainerako guztia. Horrela bukatu zuten bigarren txanda, Zierbena garaile zela, Getariaren, Caboren eta Kaikuren aurretik. Traineruek ez zuten ikusmeneko erreferentziarik izan azkeneko luzean, aurreneko kaleko balizarik ez baitzen. Hala ere, inor ez zen kexatu, eta, lanak bukatu ondoren, talde bakoitzak bere bidea hartu zuen Getaria alderantz, hantxe izaten baitute gordelekua Zarauzko estropadetan.

Azkeneko txandaren txanda heldu zen. Hondarribiaren kalea zen lehendabizikoa. Balizarik gabe ezin zela jokatu jakinekoa zen. Lehorretik, ordezkarien eta Lehiaketa Batzordearen talaiatik, erlojupean jokatzeko aukera entzun zen. Araudiak dio ordu-erdian ez bada eremua behar bezala jartzen, aukera horri heldu behar zaiola.

Balizatzaileak sekulako prestasunarekin aritu ziren. Azkar jartzea lortu zuten ordezkoa, bainabandera falta zuen, makilaren azpiko eta gaineko tapakiez gain, baina araudiak dio horrela ezin dela jokatu. Hori ere jarri zioten balizatzaileek, horietako baten kamiseta zuria erabiliz. Prest zegoen ordezko baliza, baina banderak neurri zehatz batzuk izan behar ditu araudiaren arabera. Getariatik baliza baten bandera ekarri zuten, eta hura jarri ere bai. Liga nagusia ez den beste ligetan aritzen direnentzat misteriorik ez zeukan kontuak. Haietan, ez tapaki, ez babesgarri, eta ez bestelakorik. Hala ere, konforme ez Hondarribikoak, Ioseba Amunarriz patroia trainerutik esaten aritu baitzen bigarren ziabogan kateatzeko arriskua zuela, beste hiru taldeek ez bezala, boiaren eta makilaren arteko tapakia ez zuelako. Eztabaida gori-gori zegoen ordezkarien lekuan. Ohorezko txandako beste hiru taldeek —Urdaibai, Donostiarra eta Orio— ohiko eran jokatzea nahi zuten, baina Lehiaketa Batzordeak erabaki zuen erlojuaren aurka jokatzea, araudiari segika. Beste korapilo bat ere bazen Hondarribiakoen arabera: beren kaleko baliza jarri berria aurrerago zegoen beste hiruren aldean, eta motzagoa zen egin behar zuen bidea. Horrela jokatuz gero, arriskua zegoen besteren batek estropadari helegitea jartzeko. Denborarik ez zen baliza bere lekura eramateko, eta araudiak zehazten duen denbora pasatuta zegoen.

Horrenbestez, Lehiaketa Batzordeak irmo eutsi zion erlojupekoari, Donostiarra taldeko ordezkariak leporatzen bazien ere adostasunik gabe hartzen ari zirela erabakia. Kalea zozkatu beharra zegoen, eta laugarrenetik egin zuten estropada, lehenagotik hirugarrenetik egitea erabaki bazuten ere, araudiari so egin gabe.

Azkeneko txandakoen lana asko atzeratu zen bata zela eta bestea zela. Ordu erdi edo gehiago egon behar izan zuten zain arraunlariek lehian hasteko.

Hasi zen erlojupekoa halako batean. Ikusgarritasunaren kalterako erabakia izan zen, eta estropadako sailkapena baldintzatu zuen, zortzi taldek era batera jokatu zutelako, eta beste laurek beste modu batera.

Oriok egin zituen denbora onenak erdiko bi luzeetan. Bigarrengoan ireki zuen zuloa, eta zortzi -bederatzi segundoko koska ere izan zuen fabore Hondarribia eta Urdaibairekiko. Azkeneko luzea heldu zen arte. Tartea jan zioten Oriori ligako lehen bi sailkatuek, bai denbora hobea egin ere. Alde handirik gabe, baina aurretik.

Txarra zegoen itsasoa, baina azkeneko txandakoek baino dezente txarragoa izan zuten beste bi txandetan. Ur-lasterrak txikiak izan arren koefizientez, nahikoa tiratzen zuten. Olatuak nahasiak ziren, baga garbirik ez zegoen, eta traketsa zegoen arraunerako. Bueltako luzeetan, traineru bat baino gehiago ibili zen norabidea galtzeko arriskuan, patroiari istriborreko hankekoak eta kontrankekoak lagunduz. Oraintxe zuloan, hurrena olatu ez garbiaren gainean, horrela ibili ziren barrurantz. Kanpora, aldiz, erritmo baxuetan, trainerua saltoka ez hasteko, eta urik ez hartzeko.

Beste istilu bat ere bai

Beste gertakizun ezohiko bat ere izan zuen atzokoak, Caborenaz eta azkeneko txandakoaz gain. Lehen txandan izan zen. Isuntza Ondarroaren kalean sartu zen azkeneko luzean, bigarrenak aurretik zirela. Olatuak lehorrerantz markatzen zuenez, traineruan haien mende jarri zuen Iñaki Goikoetxea Lekeitioko patroiak. Ziztu batean jan zion aldea Ondarroari. Elkarren gainean ziren Ondarroaren kalean, eta Jenaro Zelaia patroiak kalea defendatu zuen: trainerua Isuntzaren aldera jarri, eta batzuen istriborreko palek eta besteen ababorrekoek elkar ukitu zuten. Epaileak Isuntza bere kalera bideratu zuen, eta han joan zitzaizkion txanda irabazteko aukerak. Ondarroa nagusi, eta hiru segundoko zigorra Isuntzari.

Hala ere, ez zitzaion gaizki atera eguna Osertz Aldairen taldeari. Santurtzi atzetik utzi zuen. Cabo ere sartu zen lekeitiarren eta beste bien artean, eta hortaz, bi puntu sartu zizkion Isuntzak Santurtziri. Hirura gerturatu zaio azken-aurrekoa azken-hirugarrenari. Bitartean, Aresek ia traineru osoa dauka datorren urteko Galiziako ligan. Miraria behar du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.