Ingurumena. Luizia Zaldibarren

Osasun Sailak bertan behera utzi ditu dioxina mailagatik emandako aholkuak

Sutea itzali ostean egoera «oso desberdina» delako hartu dute erabakia. Hala ere, Ermuko Sallabente auzoan neurketen emaitzak aurreko astekoaren antzekoak izan dira

gotzon hermosilla
Bilbo
2020ko otsailaren 21a
00:00
Entzun

Uraren agentziako langile bat, otsailaren 20an, ur laginak hartzen, ondoren aztertzeko. LUIS TEJIDO / EFE

Jaurlaritzako Osasun Sailak bertan behera utzi ditu joan den astean Zaldibarko, Ermuko (Bizkaia) eta Eibarko (Gipuzkoa) herritarrei emandako gomendioak: etxeetako leihoak ahalik eta gutxiena irekitzea eta aire zabalean kirolik ez egitea. Zaldibarko zabortegian zegoen sutearen eraginez, dioxina eta furano maila handiak atzeman zituzten, eta horregatik eman zituzten aholku horiek, «prebentzio» gisa. Otsailaren 18an sutea kontrolpean hartu zutenez, eta «bilakaera positiboa» dela ikusita, indarrik gabe gelditu dira gomendioak, ostegun arratsalde honetan. Sutea berriro piztu den arren, oraindik ez du aholkuak berriro indarrean jartzeko agindurik eman Jaurlaritzak.

Iñaki Berraondo Osasun sailburuordeak, Begoña Jimenez CSIC Espainiako Zientzia Ikerketen Kontseilu Nagusiko ikerlariak eta Koldo Cambra biologo eta Osasun Saileko teknikariak eman dute erabakiaren berri. Gomendioak otsailaren 14an eman zituzten, orduan jaso baitzituzten otsailaren 9an Ermuko Sallabente auzoan egindako neurketaren emaitzak. Izan ere, laginak CSICeko laborategira bidali behar dira, Madrilera, eta lauzpabost egun behar dira emaitzak iristeko.

Otsailaren 10etik 16ra berriro egin zituzten neurketak, eta emaitzak atzo iritsi ziren. Paradoxaz, Ermuko datuak ez dira otsailaren 9koak baino hobeak. Osasun Sailak aholku horiek ematea erabaki zuenean, 719 femtogramo dioxina aurkitu zuten metro kubiko bakoitzeko, hiriguneetan ohikoa dena baino 40-50 aldiz gehiago, Berraondok orduan esan zuenez. Hurrengo bi egunetan dioxina eta furano maila jaitsi zen 410 femtogramo metro kubiko bakoitzeko, baina hurrengo egunetan 830era igo zen, eta otsailaren 15era iritsi zen mailarik altuenera: 1.237.

Azken neurketa otsailaren 16koa da, eta egun horretan femtogramo kopurua 730 izan zen: hau da, otsailaren 9an Osasun Saileko arduradunak aholku horiek ematera eraman zituen datuaren oso antzekoa.

Ermuko Sallabente auzoaz gain, Eibarko plazan eta Zaldibarko Eitzaga auzoan ere egin dituzte neurketak. Han emaitzak hobeak izan dira: Eibarren, 114 femtogramo otsailaren 15ean, eta bakarrik 20 hurrengo egunean; eta Eitzagan, 257 otsailaren 15ean, eta 114 otsailaren 16an.

Osasun Saileko arduradunek nabarmendu dute neurketak egindako hiru tokietan asko gutxitu zela dioxina kopurua otsailaren 15etik 16ra. Egun horietan hasi ziren sutea kontrolatzen; horregatik uste dute orain, sutea itzalita dagoelarik, parametroak asko jaitsiko zirela, eta ez duela zentzurik orain arteko gomendioei eusteak.

Berraondok esan du teorian egon daitekeela sutea berriro pizteko aukera, baina ez direla hipotesi horrekin lan egiten ari, eta hala gertatuko balitz ere, orain askoz errazagoa izango litzatekeela sutea ostera ere amatatzea, hara iristeko bideak ireki dituztelako.

Dioxina eta furanoen mailari buruzko azken datuak otsailaren 16koak dira, baina, Berraondok nabarmendu duenez, geroztik ere egunero egin dituzte neurketak hiru toki horietan. Horien emaitzak datorren astean ezagutaraziko dituzte.

Amonioa Aixola ibaian

URA Uraren Euskal Agentziak jakinarazi duenez, amonio kontzentrazioaren «igoera esanguratsua» neurtu dute Aixola ibaian. Zaldibarko zabortegitik gertu dago Aixola, eta otsailaren 18an egin zuten neurketa.

Hala ere, URAko teknikariek nabarmendu dute Aixola ibaiko urak ez direla erabiltzen herritarren ur zerbitzua hornitzeko eta, beraz, ez dagoela arriskurik inguruetako herritarrentzat.

Zabortegiaren azpian dagoen 350 metroko zati batean aurkitu dute amonio kontzentrazio handia. Teknikariek uste dute errekara doazen lixibatuen igoerak eragin duela hori. Gainerako parametroek ez dituzte gainditzen ingurumen araudiek ezartzen dituzten gehieneko mailak, teknikariek azaldu dutenez.

Arriola, Zaldibarren

Eusko Jaurlaritzako Ingurumen sailburu Iñaki Arriola Zaldibarren egon da, eta bisita egin die sutea amatatzen eta hondakindegia egonkortzen aritutako langileei. «Jaurlaritzaren izenean, eskerrak eman nahi dizkizuet hemen zaudeten langile ausartoi, egunotan egiten ari zareten lanagatik, baldintzarik zailenetan, kearen erdian eta egonkorra ez den eremu batean», esan die Arriolak.

Sailburuak azaldu duenez, langileen ahaleginari esker «herritarrek lasaiago har dezateke arnasa, suteak itzalita daudelako eta lur-jausia egonkortzen ari direlako».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.